Pastor
DARWIN ETA GU

Erkoreka's 'boys' ('and girls')

2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Asteartea, gaueko bederatzi eta erdiak pasatuta. Oihuak Donostiako autobus eta tren geltokirako pasalekuan. Antza denez, han egoten diren zenbait lagunen artean borroka antzeko zerbait gertatu da. Ertzainak bertara hurbildu dira. Donostiako herritar bat ondotik pasatu eta begira geratu da: bi ertzainek gizon bat atxikita dute lurrean, ahoz behera. Eskuburdinak jarriak ditu. Gizona immobilizatuta dute bi ertzain indartsuek. Halako batean polizietako batek zer egingo eta belauna atxilotuaren lepoan jarri. Ondoko herritarrak gizabidez egin dio berba: «Horrek ez al dio minik emango?».

Ertzainetako batek alde egiteko esan dio. Gizonak ez du ezer ulertzen. Leku publiko batean dago. Nora alde egin behar du, bada? Pasalekua bukatzen den aldean geratzeko esan dio ertzainak, hango marra zeharkatu gabe. Hortxe gelditu da herritarra. Handik gutxira beste ertzain bat, gazteagoa, gerturatu zaio. Karneta erakusteko esan dio. Gizonak ez du NANa aldean eta agiriaren zenbakia eman dio. Datuak hartu ditu ertzainak. Herritarrari azaldu dionez, agian zerbait helduko zaio etxera. Isuna? Epaitegira joateko oharra? Ezin jakin. «Zergatik?», galdetu dio gizonak. «Poliziaren lana oztopatzeagatik». Eta poliziak Herritarren Segurtasunerako Legea aipatu du. Mozal Legea, alegia. Gizonak ertzain baten hitzak aditu ditu. «Hau horietako bat da, nola jokatu behar dugun esan nahi diguten horietako bat».

Asteartean gertatu zen Donostiako autobus geltokiko istilua. Egun bat lehenago Josu Erkorekak laudoriozko hitzak izan zituen Ertzaintzarentzat, Polizia autonomikoa sortu eta 40 urtera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak kritikak egin zizkion ezker abertzaleari. Erkorekaren ustez, euskal autogobernuaren erakunde funtsezkoenetakoa dugu Ertzaintza; ezker abertzaleak euskal poliziari errezeloz begiratzeariuztea denbora kontua bainoez da.

Urteurrenaren berri eman dute hedabideek. Telebistan bi ertzain-belaunaldiren ordezkariak agertu zaizkigu, elkarrekin: osaba eta iloba. Lehen promozioetakoa bata; azkenetakoa, bestea. Dena ondo. La vie en rose. Autokritikarik ez. Polizia nagusienak ñabardura egin du: teknologia kontuan, ertzain gazteenek hamaika buelta ematen dizkiete zaharrenei. Ez da Sherlock Holmes izan behar hori jakiteko, baina tira. Biharamunean hor ikusi ditugu bi euskal polizia, bi armairu handi, morroi baten gainean, lurrean ahoz behera dagoena eta eskuak bizkarrean loturik dituena, belaunaz lepoa zapaltzen. Bati baino gehiagori AEBetako irudiak etorri zaizkie burura, baina oker daude. Euskal Herrian gaude.

Poliziak indarra arriskuaren araberako proportzioan erabiltzea omen da legea. Gizon hura guztiz immobilizatuta zegoen lurrean. Zer dela eta lepoa zapaldu? Zer dela eta gehiegikeria ikusi eta modu onean zerbait esan duenaren kontra egin? Zer egin behar dugu herritarrok? Ezer ez esan Poliziak esklusioan dagoen jendea neurriz kanpoko indarrez jotzen duenean? —baliteke herritar ugarik Donostiako leku horretan dauden lagunak gustukoak ez izatea, baina pertsona horiek ez dira inoren kontra ari. Haien artean liskarren bat edo beste sor daiteke, besterik ez—. Zer nahi dute gure agintariek? Polizia hala jokatzen ikusten dugunean beste aldera begiratzea, kikiltzea, isuna edo auskalo zer jasoko ote dugun beldur? Zer gizarte mota eraikiko dugu ahulenaren aurkako biolentzia onartzen badugu, bidegabekeriak salatzera ausartzen dena —gizarte demokratiko batean guztiz normala izan beharko litzatekeena— ia heroi bihurtzen badugu?

Gizarteak kuraia zibikoa behar du. Giza balioak eta duintasuna erakutsi behar dira boterearen eta haren ordezkarien gehiegikeriei aurre egiteko, horrek ekar ditzakeen ondorio sozial eta fisiko posibleei kasu egin gabe. Franca Magnani kazetari italiarrak (1925-1996) herritarrok dugun erantzukizuna nabarmendu zuen: «Herri batek zenbat eta herritar gehiago izan, kuraia zibikoa dutenak, orduan eta heroi gutxiago behar ditu». Minneapolis-en eta Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.