xabier martin
BAKARRIZKETA

Fagor Etxetresnak erosi nahi izan zuen enpresaria kondenatu dute

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
1. Kooperatiba zena erosteko, preso sartzeko moduko eskaintza egin zuen? Kataluniako CNA taldearenarekin alderatuz, eskaintza txikiagoa egin zuen Aljeriako Cevital taldearen jabe Isaad Rebrabek. Fagor Etxetresnak bereganatzeko 2014ko udako saio hori dela eta, Euskal Herrian ezagun zaharra da enpresaria, baina ez diote kartzela zigorrik jarri Arrasateko etxetresnagile ospetsua erosi nahi izan zuelako, bere korporazioaren kontuetan legez kontra aritzeagatik baizik; horrela ebatzi du Aljeriako epaile batek, eta hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio.

2. Ederki hasi du urtea... Ondo baino hobeto hasi du, ez pentsa, sei hilabete baizik ez dituelako bete behar, eta, apirilaren 22an atxilotu zutenetik kartzelan egon denez, urtarrilaren lehenean atera da libre.

3. Beraz, kondena badago, baina libre utzi dute. Lagun batzuk baditu, ezta? Galdetu Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. Azken urtean hainbat bisita egin dizkio Parisen; ez da zaila Google bilatzailean haien izenak sartu eta elkarrekin aurkitzea argazkietan. Baina Rebrabek baditu gertuko beste lagun batzuk; adibidez, Aljeriako presidente ahalguztidun izandakoa apirilaren 2ra arte: Abdelaziz Buteflika.

4. Ea... apirilean eman zuen dimisioa Buteflikak, eta hogei egun geroago atxilotu zuten Aljeriako enpresari handiena. Ez da kasualitatea, ezta? Ez, Watson maitea. Isaad Rebrarb Aljeriako lehen fortuna da, Afrikako herrialde horretako aberats handiena; Buteflikaren oso gertukoa da, eta, boterea uztera behartu zutenean, kaleko protesta eta istilu handiak tarteko, Esku Garbien kanpainaren ehiza nagusia bihurtu zen Cevitalen jabea. Ahmed Gaid Salah armadako jeneralak zuzendu du ustelkeriaren aurkako Esku Garbiak mugimendua.

5. Eta orain, libre dela, negozioarekin jarraituko du? Esan beharrik ere ez dago: epe baterako inhabilitazioarekin zigortu duten arren, itzalean gidatzen jarraituko du 1998an fundatu zuen Cevital industria talde handia. Mundu osoan 18.000 enplegu ematen ditu konpainia horrek hainbat jardueratan arituz: janariak, banaketa, etxetresnak—Frantziako Brandten jabea da, Fagor Etxetresnak kooperatibarena izan zena—, elektronika, altzairua...

6. Justiziak garbi ikusi behar izan du delitua neurri horretako eragile ekonomiko-politikoa kondenatzeko, ezta?Iruzur fiskala, finantzarioa eta aduana esparrukoa egotzi dizkiote, eta, kartzela zigorrarekin batera, isun handiak ezarri dizkiote: 10,3 milioi eurokoa bat eta 20,6 milioikoa beste bat.

7. Gaitasuna ba ote du isun handi horiei aurre egiteko? Kar-kar-kar! Forbes aldizkariaren arabera, 74 urteko enpresaria 3.400 milioi euroren jabea da. Harentzat baino malkartsuagoa izango da zuretzat urtarrileko aldapa, ez kezkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.