Daniel Ortega

Bizia iraultza sandinistari eskainia

FSLNko gerrillari izandakoa da. Lehenengoz, 1985etik 1990era izan zen Nikaraguako presidente, eta 2006an itzuli zen postu berera. Txikitatik murgildu da politikan, eta ez dio utzi inoiz iraultzaile izateari.

JORGE TORRES / EFE.
ander perez zala
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bi izaera omen ditu Daniel Ortega Saavedra (La Libertad, Nikaragua, 1945) Nikaraguako presidenteak, haren gertukoen arabera: goxoa, maltzurra eta ausarta izan daiteke, edo fidagaitza, ahozabala eta harroa. Baina, bertute horien guztien gainetik, errukirik gabeko liderra da. 2006an boterera iritsi zenetik, geroz eta etsai gehiago pilatu ditu, gehienak haren alderdikoak —FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinista—. Autoritarioa dela salatzen dute batzuek; diktadura bat sortu duela presidente denez geroztik, besteek. Ortega beti egon da Nikaraguako azken mende erdiaren garai politiko garrantzitsuenetan. Herritarren artean sekulako arrakasta du, eta gehiengo handiaren babesa.

1980ko hamarkadan mundu osoan ezagun egin ziren sandinisten buruetako bat da Ortega. Zuzenbide ikasketak utzi zituen 1963an, FSLNko kide izateko. Gerrillari ohia eta politikaria da egun. Iraultza sandinista, antinperialismoa eta sozialismoa izan ditu erreibindikazio nagusiak bere bizi osoan. Gaztedanik izan da borrokalaria, eta beti aurkitu izan du aurkariren bat.

Anastasio Somozaren diktadurapean jaio zen Ortega. Gurasoak erregimenaren aurkariak izanik, bete-betean ezagutu zuen txikitatik politika mundua. Aita lagundu behar izan zuen laborantza lanetan. Hamahiru urte zituenean, Managuara joan zen familia osoa, ez baitzuten lanik aurkitzen; Somoza izeneko kolonia batean ezarri ziren. Diktadorearen aurkako ikasle mugimenduko kide nabarmenetako bat izan zen gaztetan. FSLNko sortzaileetako bat izandako Carlos Fonseca Amadorren lagun egin zen hamalau urte zituela, eta pixkanaka gerrillaren mundua ezagutu zuen. Laguntasun horrek ahalbidetueta eragin zuen Ortegaren sartzea. 1963an sartu zen Managuako Erdialdeko Unibertsitatean, eta sandinisten ideiekiko erakarpena areagotu egin zen.

Somozaren aurkako borrokan denetik sufritu zuen; esaterako, zazpi urte pasatu zituen kartzelan—1967tik 1974era—, Amerikako Bankuaren bulego baten lapurretan parte hartzeagatik. Garai hartan, gobernuak frogatutzat jo zuen Ortega izan zela ekintzaren egile intelektuala, eta egile materialetako bat. Ortegak salatu du «hainbatetan» izan zela torturatua. Sandinistek onartu zuten Somozaren funtzionario batzuk askatzea, trukean Somozak FSLNko gerrillari batzuk askatzekotan. Hala lortu zuen askatasuna Ortegak; trukerik ezean, hogei urteko kondena bete beharko zuen.

Kartzelatik ateratzean, gerrillako komandante bihurtu zen, eta Kubara ihes egin behar izan zuen; han trebatu zuten Kubako Gobernuak, gerora etorri ziren borrokei begira. Ezkutuan itzuli zen Nikaraguara, eta FSLNko liderretako bat bihurtu zen, Somozaren kontrako eraso definitiboak egin ziren urteetan.

1979an, diktadorea herrialdetik botatzea lortu zuten sandinistek. Helburua beteta, herrialde zatitua birsortzeari ekin zion, beste hainbat kiderekin. NazioaBerreraikitzeko Gobernua osatu zuten sandinistek, eta Ortegak koordinatzaile kargua bereganatu zuen.

Herrialdearen egoera hobetzeko, atzerrira jo zuen Ortegak, laguntza ekonomiko bila; Gerra Hotzaren testuinguruan, jarrera neutroa lortu nahi izan zuen. Besteak beste, Europa mendebaldera jo zuen, eta sandinisten iraultzak sinpatia eragiten zuen arren, estatu sozialdemokratek ez zioten laguntzarik eskaini. Uste zuten Nikaraguako Gobernuak autoritarismo kutsuak bereganatu zituela. AEBen laguntza ekonomikoa izan zuen Nikaraguak, 1981 arte. Ronald Reagan presidente izendatu ostean, Washingtonek jarrera aldatu, eta presio militar eta politikoetan oinarritu zen Nikaraguari erasotzeko; besteak beste, contra finantzatu zuen Reaganen gobernuak.

Gerra zibilak herrialdearen garapena moteldu zuen; Gobernuak funts gutxi zuen, eta gehiena gerrara bideratu zuen. Testuinguru horretan izendatu zuten Ortega, 1984an, Nikaraguako presidente —botoen %66,9—, eta urte hartan sinatu zuen bake ituna. 1990eko hauteskundeetan, ordea, boterea galdu zuten sandinistek.

Lau boz boterera itzultzeko

Hurrengo urtean izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi, eta 1996ko hauteskundeetan berrizhautatu zuten alderdiaren presidentegai. Lau aldiz jarraian izan zen FSLNren presidentegaia, 2006ko hauteskundeetan presidentetza berreskuratu zuen arte.

2006ko bozen kanpainan, Ortegaren diskurtsoan aldaketa sumatu zuten askok, bakegintzan, elkarrizketan eta adiskidetzean oinarritu zuelako bere mintzaldia. Proposatutako neurrien artean aurkitzen zen ALBA Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarreko herrialdeekin lankidetza sustatzea.

2011ko bozetan ere hautatu zuten presidente Daniel Ortega, eta biharko berriro ere faborito nagusia da. Oposizioko PLC Alderdi Liberal Konstituzionalistaren presidentegaia da Maximino Rodriguez, contrako gerrillari izandakoa. 1980ko hamarkadan armekin izan ziren biak aurrez aurre; igandean, botoek erabakiko dute garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.