Parekotasuna eta ikuskizuna

Bi urtez atzeratu ostean, gaur hasiko da Eurokopa. Irene Paredes, Lucia Garcia eta Damaris Egurrola han izango dira; baliteke Amaiur Sarriegik ere jokatzeko aukera izatea, Alexia Putellasen lesioa tarteko

Parekotasuna eta ikuskizuna.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

COVID-19aren pandemiak bi urtez atzeratu ostean, hemen da Eurokopa. Gaur hasiko da, Ingalaterra-Suitza partidarekin (21:00). Futbolaren sorterrian jokatzeak eta espero den parekotasunak are bereziagoa egingo dute txapelketa. Hiru asteko lehiaren ostean, uztailaren 31n argituko da Herbehereak gai diren 2017an lortutako tituluari eusteko, edo lehian izango diren beste hamabost selekzioetako batek hartuko duen haien lekua. Hautagaien zerrenda luzea da: Ingalaterra, Frantzia, Suedia, Norvegia, Espainia... Garaileak, gainera, munduko estadio historikoenetako batean dastatuko du loria: Wembleyn.

Herrialde guztietan izan du garapena emakumeen futbolak, eta horrek berdindu egin ditu gauzak. Azken aldietako txapelketa irekiena espero da. AEBetako selekziotik harago, Europakoak dira munduko selekziorik indartsuenak. Hori dela eta, maiz aipatu ohi da zailagoa dela Eurokopa bat irabaztea, Munduko Kopa bat baino. Bat dator horrekin Iñigo Juaristi entrenatzailea. «Selekzio guztiek hobetu dute, bai fisikoki, bai teknikoki. Alde horretatik, beste Eurokopa batzuetan baino parekotasun handiagoa espero dut. Ez dut uste partidak alde handiz irabaziko dituen selekziorik egongo denik. Detaile txikiek erabakiko dituzte norgehiagokak. Horrek erakargarriago egingo du txapelketa».

Beste gako bat aipatu du: «Halako txapelketetan pisu handia du eskarmentuak eta partida erabakigarriak jokatzera ohituta egoteak, presioa eta momentu zailak ondo kudeatzea. Hor aldea dago selekzio batetik bestera. Horregatik ez da harritzekoa beti antzeko selekzioak iristea azken txanpara».

Ingalaterra eta Alemania ikusteko gogoz dago Juaristi. Uste du etxean jokatzeak Ingalaterrari «abantaila txiki bat» ematen diola. «Betiere presioa ondo kudeatzen badu». Haren jokatzeko modua «gozamena» da Juaristirentzat. «Bizi eta zuzen jokatzen du». Egun, Europan, Ingalaterrako klubak dira ekonomikoki indartsuenak. Manchester Cityk, Manchester Unitedek, Chelseak eta Liverpoolek apustua egin dute emakumeen futbolaren alde, eta liga haziz joan da. Horren eskutik selekzioak ere aurrerapausoa eman du. Gainera, Herbehereak txapeldun egin zuen teknikaria dute aulkian: Sarina Wiegman.

Alemaniaren kasuan, duen «izaera lehiakorra» azpimarratu du. «Beti ailegatzen da urruti halako txapelketetan. Gainera, aitzindari izan zen emakumeen futbolean». Hura da Eurokopa gehien irabazi duen selekzioa: zortzi aldiz. Jokalari garrantzitsu bat faltako du: Dzsenifer Marozsan. Baina Alexanda Poppek, Svenja Huthek eta Lina Magullek nahikoa maila dute Alemania berriro txapeldun egiteko. Jokalari horiek ikusgarritasuna ematen diote Alemaniaren ohiko joko pragmatikoari. «Aberatsago egin du tekniko-taktikoki».

Pragmatismo horri lotuta, Suedia eta Danimarka beti daude onenen artean, baita Norvegia ere. Suediarrak bigarren daude FIFAren zerrendan, eta hirugarren izan ziren Munduko Kopan. Oraingo honetan ere horretan ahaleginduko dira. Baina badute gabezia bat: erreferente izan diren jokalariak adinean aurrera doaz, eta txapelketa luze egin dakieke, futbola gero eta fisikoagoa baita. Norvegiak Ada Hegerberg itzultzea du pizgarria. Gainera, zelai erditik aurrera jokalari erabakigarriak ditu. 2017. urtean multzo fasean kanpoan geratu ostean, berriro onenekin egon nahi du.

Juaristik uste du fisikoki Frantzia dela talderik indartsuena. «Aipatutako eskarmentua duten jokalariak ere baditu. Baina azken aurrerapauso hori ematea falta zaio». Azken hiru aldietan final-laurdenetan geratu da kanpoan. Gainera, Corinne Diacre hautatzaileak hainbat gorabehera izan ditu jokalariekin. Horrek giroa gaiztotu du, eta eragina izan dezake.

Askok diote selekziorik teknikoenak Espainia eta Herbehereak direla. Juaristik, ordea, azpimarra egin dio horri: «Agian egiten duten jokoagatik da, bien kasuan baloi jabetza dutelako oinarri. Baina badira teknikoki ere oso onak diren beste selekzio batzuk».

2017an Herbehereek joko mota hori eginez lortu zuen Alemaniaren eta herrialde eskandinaviarren morrontza amaitzea. Ikusteko zegoen ezustekoa ote zen. Baina 2019ko Munduko Kopan berretsi zuten ezetz, finalera iritsi baitziren. Bi txapelketa horietako multzoari eutsi diote: Vivanne Miedema, Lieke Martens, Stefanie Van der Gragt, Sari Van Veenendal... Horrek beti laguntzen du.

Espainiako hamaikako osoa ia Bartzelonako jokalariekin osatu du Jorge Vilda hautatzaileak. Horrek sartzen du faboritoen zerrendan, oraingoz txapelketetan ez baitu sailkapen azpimarragarririk lortu. Gainera, kolpe gogorra jaso zuen atzo: taldeko izarrak, Alexia Putellas urrezko baloiaren irabazleak, min hartu baitzuen belaunean, eta ziurrenik ezingo du Eurokopa jokatu.

Egurrola ikusteko ilusioz

Hiru euskal jokalari egongo dira txapelketan: Irene Paredes eta Lucia Garcia Espainiarekin, eta Damaris Egurrola Herbehereekin. Hirurak pasatu dira Athleticetik, eta Juaristik ondo ezagutzen ditu. Egurrola, gainera, entrenatu egin zuen bigarren taldean zegoenean: «Ilusio handia egiten dit selekzio arteko txapelketa batean ikusteak, eta uste dut ondo arituko dela. Kalitate izugarria izateaz gain, patxada eta heldutasun handia dauka. Hain jokalari onak inguruan izateak lagundu egingo dio, baita Herbehereen jokatzeko moduak ere».

Paredesen inguruan, argi du «jokalari garrantzitsua» izango dela. «Urteak daramatza gorenean». Lucia Garciaren kasuan, zalantza du jokatzeko izango dituen aukeren inguruan. Amaiur Sarriegi ere sar daiteke jokoan Alexia Putellasen lesioaren ostean.

Ingalaterran oso barrutik bizi dute futbola. «Telebistan ikusteko ere ikusgarriak dira hango partidak». Finalerako sarrerak irten eta ordu gutxira saldu ziren. Bederatzi estadiotan jokatuko dira partidak. Handiena Wembley da, 90.000 ikusle sartzen dira bertan. Old Trafforden ere jokatuko dira (74.000).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.