Andre Maria Zuriaren jaiak

Eskala handiko txikien eguna

Lehen aldiz, Andre Mari Zuriaren plazan egin dute Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsiera, haurren eguneko ekitaldi nagusia. Gasteiztarrek, umeek zein adinduek, prestu erantzun diote deialdiari, eta enparantza bete dute berriro, abuztuaren 4an egin zuten modura.
Zeledon Txiki eta Edurne San Migelgo balkoian, atzo, Gorka Ortiz de Urbinarekin, Andre Maria Zurian bildutako publikoa agurtzen.
Zeledon Txiki eta Edurne San Migelgo balkoian, atzo, Gorka Ortiz de Urbinarekin, Andre Maria Zurian bildutako publikoa agurtzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko abuztuak 8
Abuztuaren 8a da, eta Gasteizen haurrak dira protagonista. Festetan dagokien egun handia da, eta laster sumatzen da kaleetako giroan. Posta plazan blusa eta neska kuadrilla bat puxika urdinak banatu eta banatu ari da. Plaza Berrian, Bereziak kuadrillakoak haurren argazkia egiten ari dira, 1994. urtetik urtero egin ohi duten ekitaldia.

Umeak zein gurasoak txintxo dabiltza, antolakuntzak hesi artean jarritako ilaran zain. Neska gazte bat urduritzen hasi da. Ez ote du galduko jaitsiera? Aitak ezetz, denbora sobera dagoela argazkia egin eta garaiz lekualdatzeko Andre Maria Zurira.

Izan ere, horixe izan da aurten haurren egunak izan duen berritasunik handiena. Lehen aldiz, Andre Maria Zuriaren plazan egin da Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsiera. Hasi zenetik, Plaza Berrian egin izan da etxeko txikiei begira eginiko ekitaldia, baina azken urteotan kexuak ugaritu dira. Gauza batzuen eta besteen artean, plazaren espazioa estu samar geratu da, eta, azkenean, udalak lekualdaketa onetsi du. Hala, Zeledonek, panpinak nahiz hezur-haragizkoak, abuztuaren 4an egiten duen ibilbidea errepikatu dute osorik. Eskala handian egin da txikien eguna, alegia.

Jaitsierarako ordu erdi falta dela agertu dira Zeledon Txiki eta Edurne San Migelgo balkoira. Unax Montejok eta Hiart Nevadok irudikatu dituzte aurten bi pertsonaiak. Beste berrikuntza baten lekuko izan da Nevado. Zeledon Txikik ez bezala, 2002. urtean sortu zenetik neska gazte bat ordezkatzen duen pertsonaiak ez du izen propiorik eduki, eta Neska Txiki deitu izan zaio.

Aurten egoerari buelta eman zaio. Udalak izen bat aukeratzea proposatu zuen, eta hiru aukera eskaini zituen: Zuriñe, Edurne eta Blanca. Aukeratzeko ardura zortzi eta hamalau urte bitarteko haurren eskuetan utzi zuen, eta Edurne atera zen garaile, botoen %38 eskuratuta, Zuriñek jasotako %32aren aurretik. Hortaz, aurrerantzean, Edurneren eta Zeledon Txikiren jaitsiera izango da.

Lehen agurra, dotore

Nevadok 12 urte ditu, eta Montejok, 10. Zainetan daramatzate festak. Zoroak kuadrillako partaidea eta txistularia da Edurne. Zeledon Txiki Luken kuadrillan ateratzen da. Biek etxean ikasi eta jaso dute zer den blusak eta neskak izatea, baina lehen agerraldi ofizialak inpresio apur bat ematen du. Kamera ugari daude, udaltzaingoa, eta ikusle denak dituzte begira.

Eskailera batera igo eta lore sorta paratu dute Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean. Jaitsi ondotik, postura hartu dute agurra dantzatzeko. Hilabeteak pasatu dituzte entseguak egiten, dantza behar bezala egiteko. Urduri badaude, ez zaie gorputzean nabaritu. Musika hasi orduko ekin diote mugimenduari. Dotore gainditu dute lehen erronka. «Orain, lehen aldiz dantzatuta, lasaiago nabil», onartu du Nevadok, amaitu ondoren. «Uste nuen oso gaizki aterako zitzaidala, baina ondo egin dut», poztu da Montejo. Lanak eginda, badoaz ziztu bizian, San Migelgo dorretik Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsiera hasteko geroz eta denbora gutxiago geratzen delako.

Une berezi horiei buruz badaki zerbait Gorka Ortiz de Urbinak, hezur-haragizko Zeledonek. «Ondo ikusi ditut, urduri noski, baina ulertu behar da: gelan sartuta zaude, eta badakizu panpinak jaisten ari direla: soka biltzen ari direnek zenbat metro falta diren ere esaten dizute, eta azken une horietan urduritasuna zabaltzen da».

Kokapen berriak eman dio aukera Zeledoni behingoagatik ikusteko nolakoa den jaitsiera, barruan egon gabe. Perspektiba bitxia da. «Badakit nola bizi den eta gozatzen ari naiz», azaldu du.

Plaza, beteta

Gorka Urtaran alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek lagunduta, suziria piztu duenerako, beteta dago Andre Maria Zuriaren plaza. 35 urteko tradizioarekin hautsita, ekin diote panpinek jaitsierari, Edurne lehenik, eta Zeledon Txiki jarraian. Plaza osorik zeharkatu dutenean, Nevado eta Montejo atera dira balkoira, txalo artean. Aterkiak eskuetan hartu, eta saltoka doaz kontrako bidean.

San Migelgo balkoian zain dituzte hiriko agintariak, baina gaur umeak dira protagonista. Mikrofonoa hartuta, egunaz gozatzeko, eta haiekin salto eta dantza egiteko gonbita egin diete hara bildutakoei. Edurnek eta Zeledon Txikik oroitu dituzte arrazoi ezberdinak direla medio jaietan egon ezin diren haurrak. «Gora Gasteiz» oihukatuta amaitu, eta bigarren agurrari ekin diote. Txukun, berriro ere.

Kazetarien galderak erantzuten ari direla, Nevadori galdetu diote ea gustatuko litzaiokeen Edurne abuztuaren 4an ere jaistea. «Primerakoa litzateke», dio. Oharra hartuko du udalak?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ivan Santamaria

Informazio osagarria