Lorategiaren ideia bat

Donostia 2016ren Komisario Berriak programaren erakusketa abiatu dute Bilboko Azkuna zentroan. Urtarrilaren 22ra arte izango da ikusgai

Azkuna zentroko erakusketako irudietako bat. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bilbo, Gasteiz eta Donostiako erakusketa zentroak batzen dituen erakusketa aurkeztu zuten atzo Bilboko Azkuna zentroan, Donostia 2016ren eskutik: «...tokiren batean finkatzeko behin-behineko modu behintzat» du izena mostrak. Pantaila erraldoi gutxi batzuek, irudi hautaketa batek eta artista batek urtarrilaren 17an egingo duen performance bat dira erakusketaren osagaiak. «Lorategia» da erakusketaren abiapuntu eta erdigunea, figura «poetiko» eta antolakuntzako irudi gisa, eta harreman askoren espazio bezala. Hamar komisario berriren prestakuntza bultzatzen duen Komisario Berriak programaren emaitza da erakusketa hau, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai. Lehen zatia da: urtarriletik aurrera, Gasteizko Montehermoso Kulturunean izango da proiektuaren bigarren «unea», beste artista talde batek egindako erakusketa kolektibo baten bidez.

Azkuna zentroarekin, Gasteizko Artium eta Montehermoso espazioekin eta Donostiako Tabakalerarekin lankidetzan, komisario berriak trebatzeko deialdi publikoa zabaldu zuten 2016ko otsailean. Hamar izan ziren aukeratuak, eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako laborategietan hainbat hilabetez egindako talde-lanaren emaitza da Azkuna zentroan ikusgai dagoena. Pablo Berastegi D2016ren zuzendaria pozik agertu da hiru lurraldeetako arte zentroak lankidetzan aritu direlako: «Arte garaikidearen zentroen artean sarean lan egitea normalena izan beharko luke, eta ez salbuespena». Gainera, etorkizunean proiektuak aurrera jarraitzea gustatuko litzaiokeela esan du.

Hauek izan dira parte hartzaileak: Valerio del Baglivo, Angel Calvo Ulloa, Irati Irulegi, Laura Diez, Leyre Goikoetxea, Natasha Kadin, Pilar Cruz, Iker Hidalgo, Sonia Fernandez Pan eta Juan Luis Toboso. Euskal herritarrak dira herena, eta gainerakoak Europa osotik etorriak dira. Aimar Arriolak egin ditu koordinazio lanak, eta Tamara Diaz Bringas eta Sabel Gavaldon komisario gonbidatuak aritu dira aholkulari.

Komisarioaren funtzioa itzultzailearenarekin lotzeko ohitura gainditzeko «ahalegina» egin dutela azaldu du Arriolak: «Pertsonen bizitzetako esperientzietan ez dago bitartekaririk gabeko ezer; dena da itzulpenaren emaitza». Ideia horretan oinarrituta gorpuztu dute erakusketa, bitartekaritzari lotutako gaietan pentsatuta. Diezek hilabete hauetan parte-hartzaileen artean izan den elkarbizitzaren garrantzia nabarmendu du, eta adierazi du lorategia ez dela leku bat bakarrik, baizik eta «jarrera» bat.

Erakusketaren ardatza Azkuna zentroko aretoan jarriko duten The Great Silence izeneko bideo instalazioa izango da. Puerto Ricon bizi diren Jennifer Allora eta Guillermo Calzadilla artistek egindako lana da: naturaren eta kulturaren arteko «tentsioa» lantzen dute bertan. Puerto Ricon kokatutako munduko erradioteleskopio handienarekin zenbait irudi hartu dituzte, eta jasotako irudiak ikusgai jarri dituzte pantailetan, elkarren ondoan. Horietako batean desagertzeko arriskuan dagoen bertako loro espezie bat azaltzen da, eta baita animalia horren offeko ahotsa.

Ekintza osagarriak

Bideoekin batera, Emilio Arauxo artistak hautatutako argazki batzuk ere daude ikusgai erakusketan. Kasu honetan, Bilbo osoan zehar jarri dituzte zuri-beltzezko posterrak, eta Azkuna zentroko aretoaren sarreran ere eskuragarri daude. Nekazaritza munduaren «desagerpenari» lotuta daude;zehazki, nekazarien eskuak ageri dira bertan.

Erakusketarekin batera hainbat jarduera programatu dituzte datozen egunetarako. Alex Cecchetti artistak urtarrilaren 17an Azkuna zentroko auditoriumean egingo duen Belladonna performance-az gain, beste hiru ekintza ere antolatu dituzte. Gaur bertan, Maria Ptqk ikertzaileak hitzaldi bat eskainiko du Bilboko La Karpinteria-Histeria Kolektiboa espazioan. Gabinete Sycorax izeneko berriketaldian, Ptqk-k zalantzan jarriko du museoak «ezagutza hegemonikoaren» espazio gisa duen rola.

Larunbat goizean, berriz, Eriz Moreno artistak ibilaldi-tailerra gidatuko du Bilboko Bolueta auzoan desagertzear dauden baratze «natural eta anarkikoetan» zehar. Eta urtarrilaren 9 eta 10ean, Solokoetxe auzoko Bulegoa espazioan, komisario berriek hautatutako bi film proiektatuko dituzte.Lorategia «babesleku eta entsegu» gisa erakusten duten filmak izango dira. Ondoren, hizketaldia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.