KRITIKA. Donostiako 56. Jazzaldia

Gau kubatarra!

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Gonzalo Rubalcaba& Aymee Nuviola;eta Chucho Valdes Cuarteto

Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: Uztailaren 22a.

Gonzalo Rubalcabak (Habana, 1963) eman dio hasiera Donostiako Jazzaldiko gau kubatarrari, eta El Cadete jotzean maisua dela erakutsi du. Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen musikari osoa eta bikaina da, kubako musikaren ikerlea, eta horren ezagutza naturala du; zalantzarik gabe, musikari eta piano jotzaile bikaina. Aymee Nuviola (Habana, 1973) sartu da ondoren, diva itxurarekin, koloredun tunika zabal batekin eta orrazkera ezinezko batekin, irribarretsu. Ahots ikaragarria du, batzuetan sendoa eta besteetan leuna. Aski ezaguna den Bésame mucho-rekin hasi da, Bemba colorá-rekin ikusleak abesten jarri ditu, eta nire haurtzaroan hainbestetan entzundako Dos gardenias eta El manisero-rekin ikusleak liluratu ditu, txaloak joz jolasean jarriz, erritmoekin nahastuz. Tartean, Lágrimas negras abestu digu, baita berak konposatutako Nada es para ti ere. Abesti ezagunak gehienak, aise entzuten diren horietakoak. Rubalcabak pianoarekin ukitu berritzailea eman die; luxuzko laguntzailea, betiere, arpegio eta moldaketa ederrak egiten.

Bestetik, Donostiako 56. Jazzaldiko saria jaso du Chucho Valdesek (Quivican, Kuba, 1941), eta hunkituta azaldu du bere aita Bebo Valdes zenak sari berbera jaso zuela, leku berean, orain dela 18 urte. Harro mintzo da bere aitari buruz, bai musikari, bai aita, bai lagun gisa asko zor diolako.

Pianoa jotzen hasi da kubatar musikari bikaina, eta sarrera gisa jo duen intro modukoa Ravelen Bolero-aren nota batzuekin amaitu du. Ondoren, sendo sartu dira laguntzen dioten musikari kubatar zoragarriak, El Rumbón joz. Laster iritsi da Pedro Pablo Rodriguezen (Pinar del Rio, Kuba, 1973) lehen soloa, congak astinduz, musika afro-kubatarren sustraietara eginez. Maisulana izan da. Son 21 etorri da ondoren, garaikideagoa eta ausartagoa den musika, jostagarria izateari utzi gabe. Reinier Elizardek (Santa Clara, Kuba, 1982), El negron ezizenekoak, kontrabaxuarekin liluratu gaitu, bere doinu, erritmo, eta solo indartsuarekin.

Valdesek hemendik hara eraman ditu doinuak, erritmo eta bat-batekotasun jario amaigabe batean murgildurik. Musika kubatarraren egitura modernoa gure aurrean izan dugu. Sitiera izeneko guajiroa jo dute, gozatzeko modukoa. Tributoen gaua izan da, eta, nola ez, Armando's Rumba jo dute aurten zendu den Chic Corearen omenez. Hemen ere, solo bikainak: Rodriguez bikain, Elizarde zoragarri, eta Georvis Pico bateriarekin nagusi, ondo baino hobeto. Lecuona musikagilearen La Comparsa liluratuta entzun dugu. Jarraitzeko, Mozarten musika eraldatuz joan dira, era klasikoan hasi, eta Mozart a la cubana jotzean kubatar erara prestatuz. Dena da posible gau kubatar honetan. Baita tango afro-kubatar bat entzuteko parada izatea ere.

Valdes izan zen Irakere proiektuaren sortzaileetako bat, eta, saria hari ematean, Miguel Martin jaialdiko zuzendariak gogora ekarri du nola 1984an Irakereren diskoa erosi zuen Kuban, eta nola gozatu zuen garai hartan egiten zen musika aurreratu eta aitzindari hura entzuten. Ondo merezitako saria, Valdes jauna. Eta kontzertu bikaina, euriak atsedenik eman ez badigu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.