SIRIAKO GERRA. AEBen erasoa

«Al-Assadi mezu argia bidali diogu oso, eta espero dugu entzun izana»

AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak «arma kimikoen programaren bihotzari» eraso diote Sirian. Al-Assadek «zuzenbidea» urratzea egotzi dio Trumpi; Putinek, «estatu subirano bati» eraso izana

SANA agentzia ofizialak zabaldutako irudia. Damaskon aireko defentsa sistema aktibatu zuten atzo goizaldean. SANA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Helburua beteta!». Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hitz bitan laburtu zuen atzo goizean bezperan agindutako eta aste hasieratik iragarritako erasoaldia. Donald Trumpentzat «perfektua» izan zen erasoa: «Ezinezkoa zen emaitza hobea lortzea».

Sirian goizaldeko 03:55ak zirela eman zuten sirena hotsek bonbardaketen abisua. Mendebaldeko potentziek elkarlanean egindako aurreneko erasoaldia zen. AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak, airez eta itsasoz, 105 misil jaurti zituzten Damasko eta Homsera. Washingtonena zen oldar militarrik handiena: Tomahawk ereduko misilak eta bonba hegazkinak baliatu zituen. Londresek eta Parisek ere euren baliabide militarrak jarri zituzten munduko potentzia nagusiaren eskura: Storm Shadow misilak eta lau hegazkin batak, eta hamabi misil, bederatzi hegazkin eta bost fragata besteak.

Damasko inguruan, 76 obusekin, arma kimikoak garatzeko eta ekoizteko zentro bat suntsitu zuten, Barzahen. Homsen, berriz, 29 misil jaurti zituzten, hiritik gertuko bi eraikinetan, Him Shinsharren. Bata, antza, sarin gasa gordetzeko arma biltegia zen, eta bestea, bunker bat. Pentagonoak zehaztu zuen «arma kimikoen programaren bihotzari» eraso ziotela eta «kolpe gogorra» izan zela: «Etorkizunean armak garatu, zabaldu eta erabiltzeko gaitasuna murriztu du operazioak. Baxar al-Assadi mezu argi bat bidali diogu oso, eta espero dugu entzun izana». Dana White Defentsa Departamentuko bozeramailearen hitzak dira horiek.

Mendebaldeak ez du aurreikusi bonbardaketa gehiago egitea. James Mattis Pentagonoko buruaren arabera, erasoa «bakarra» izan zen, eta ez dago aurreikusirik «oraingoz» beste bonbardaketarik egitea. Al-Assadek «arma kimikoak erabiltzearekin tematuta» jarraitzen badu, hala ere, ez dute baztertzen aurrerago gehiago egitea, presidenteak berak ohartarazi zuenez «horretarako prestatuta» baitaude.

Douma hirian aurreko asteburuan gobernuak arma kimikoak erabili izana da hiru estatuetako agintariek erasoa justifikatzeko erabili duten argudioa. Trumpen hitzetan, «erregimen anker» horrek arma kimikoen erabileran «beste pauso bat» eman eta «sarraski bat» egin zuen. Horrexegatik agindu zuen «diktadorearen» arma kimikoen kontrako erasoa: «Eraso anker eta zital hau ez da izan gizon baten ekintza, munstro baten krimena baizik».

Kontua da baieztatu gabe dagoela armadak benetan eraso kimikoa egin ote zuen. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeko ordezkariak herrialdean dira jada, baina atzo arte ez ziren ikerketa egiten hastekoak, eta ordurako erasoa egina zegoen.

Parisek eta Londresek adierazi dute informazio zerbitzuek berretsi dutela eraso kimikoa egon zela, frogak azaleratu ez badituzte ere.

Douma hirian estatuaren ikurra jarri izana da mundu gerra txiki honetan besteen aldean jartzen direnentzat erasoa egin izanaren arrazoia. Ghouta ekialdeko hiri hori ia sei urtez izan da talde armatu islamisten eskuetan, eta gobernuak asteazkenean iragarri zuen berreskuratu egin zuela, ustezko eraso kimikoa izan eta hiru egunera. Iragan asteburuko ustezko erasoa gakoa izan da gobernuak hiriaren eta, bide batez, eskualde osoaren garaipena lortzeko; Douma 2013az geroztik izan zuen setiatua armadak, eta otsailean abiatu zuen eskualdea berreskuratzeko erasoaldia.

Eraso kimikoa izan ote zen argitu ez bada ere, oposizioko iturriek salaketa irmoa egin dute. Adierazi zuten armadak zibilei eraso ziela gai toxikoren batekin,eta 43 bat lagun hil zituztela. OME Osasunaren Mundu Erakundeak, berriz, asteazkenean jakinarazi zuen 500 herritarrek gai toxikoren batekin pozoituak izanaren «zantzuak eta sintomak» zituztela.

Kritikak erasoari

Damaskok eta Moskuk behin eta berriz ukatu dute astean zehar arma kimikoak erabili izana, eta,erasoaldia, hortaz, gogor gaitzetsi dute bi aliatuek. Baxar al-Assad irmo mintzatu da, eta «nazioarteko zuzenbidea» urratzea egotzi die erasoaren erantzuleei. Erasoaldiaren bidez «Mendebaldeko indar kolonialek terrorismoa babestu eta aitortu» dutela adierazi du, eta, hain zuzen, «terroristek herrialde horien helburuak betetzeko porrotaren ondorioa» izan dela.

Hassan Rohani Irango presidente eta bere beste aliatu leialari helarazitako hitzak dira horiek. Erasoaldiak ez duela «terrorismoaren kontrako gerraren aurrean» daukan «erabakitasuna ahulduko» ere esan zion, eta, erasoak ez diola «eragin ahalmen militarrari». Gobernuak Al-Assaden irudiak zabaldu zituen goizekoak zirela esanez, agerian utzi nahian estatuburuak ohiko agendari eusten ziola, erasoak eraso.

SANA agentzia ofizialak erasoari «aurre egin» ziotela ere zabaldu zuen, eta armadak, berriz, misil «gehienak» suntsitu zituztela. Ali Maihub armadako eledunak telebistan egindako agerraldi batean zehaztu zuen misil batzuen norabidea aldarazi zutela eta horietako bat lehertzean hiru zibil zauritu zituela.

Vladimir Putinen kritika ildo beretik doa. Washingtoni egotzi zion «estatu subirano bati erasotzea»; hain zuzen ere, «terrorismoaren kontrako borrokan aurre-aurrean» dagoen herrialde bati: «AEBek, euren ekintzen bidez, are kalte handiagoa egin diote giza hondamendiari, zibilei are sufrimendu handiagoa eraginez, herri siriarra zazpi urtez torturatzen ari diren terroristei lekua emanez».

Putinek, hala ere, ez zuen erantzun bat emateaz hitz egin. Hala, Anatoli Antonov Moskuk Washingtonen duen enbaxadorearen adierazpenek sortutako kezka arindu zuen. Goiz-goizean, Antonovek ohartarazi zuen erasoak «ondorioak» izango zituela: «Zantzu okerrenak bete dira. Ez dituzte entzun gure ohartarazpenak, eta ohartarazia genuen horrelako ekintzak ez zirela ondoriorik gabe geratuko».

Vasili Nebenzia Kremlinek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorea ere zorrotza izan zen. AEBei nazioarteko zuzenbidea «zapaltzea» leporatu zien, eta «iraingarritzat» jo zituen erasoa egiteko «aitzakiak».

Gerra hotzaren mamua

Washington eta Mosku elkarren arteko indarrak neurtzen ari dira egunotan, eta bi agintarien arteko gerra dialektikoak gerra hotzaren mamuak piztu ditu. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak egindako adierazpenak dira horren erakusle. «Gerra Hotza iritsi da, eta mendekuz itzuli da». Holaxe abiatu zuen herenegun saioa, eta erantsi zuen egoeraren «kontrola galtzea» saihestu behar dela.

Etxe Zuriak gerra makineria martxan jarri izana, baina, ez doa idazkari nagusiak aldarrikatutakoaren bidetik. Trump agintera iritsi zenetik herrialdean agindutako bigarren erasoaldia izan zen atzo goizaldekoa. Jan Shijunen, herrialdearen iparraldean, beste bonbardaketa bat egin zuen orain urtebete, apirilaren 7arekin, hiru egun lehenago 80 lagunen heriotza eragin zuen ustezko eraso kimikoaren ostean.

Ordukoa nazioartearen lehen erantzun militar zuzena izan zen, baina, oraingoan ez bezala, beste estatuen babesik gabe egindakoa. Washingtonek, orain, bi aliaturen sostengu militarra izan du, nahiz eta, iazkoan bezala, artean ikerlariek ez duten baieztatu eraso kimikoa izan zenik. AEBek base militar bati eraso zioten orduan, eta aire armadaren baliabideen %20 suntsitu. Nazioarteko erakundeek, dena den, baieztatu dute eraso kimiko ugari izan direla gerra hasi zenetik, duela zazpi urte: gutxienez, 34.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.