KRITIKA. Musika

Jolasean bada egiarik

Kalakan taldekoak Euskadiko Orkestrarekin entseatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra eta Kalakan

Interpreteak: Euskadiko Orkestra eta Kalakan taldeko Jamixel Bereau, Pierre Sangle eta Xan Errotabehere.Zuzendaria: Juanjo Ocon. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Azaroak 5.

Euskadiko Orkestrak ohiko errepertorioetatik kanpoko musika-ekoizpena bideratzeko KlasikAT egitasmoaren barruan argitaratu du bere azken diskoa (Elkar, 2021), Kalakan taldearekin batera. Euskal tradizioko abestien osaketa sinfonikoa izan da emaitza, bost kontzertuko bira batean aurkeztu dena. Donostiakoa azkena izan zen, publikoa bero eta gogotsu.

Kalakan hirukotea ezaguna eta estimatua da gurean, ez soilik Sagarra Jo aspaldi nazioartera zabaldu izanagatik; euskal folklorearen parte diren hainbat doinu bere egin eta estilo propio batekin ehuntzen jakin dute. Proiektu honetan, aldiz, berezkoak zaizkien ahotsak, alboka eta perkusioaz gain, orkestra sinfoniko handia izan dute lagun. Benetako elkarlana izan da, bi tradizioen bat egite aberats eta bizia. Izan ere, joera melengak alde batera utzita, Jagoba Astiazaran konpositore eta txistulariaren moldaketek trataera orekatua, tarteka ausarta, eman diete euskal abestiei: ezaguterrazak izateari utzi gabe, melodien kolore aldaketek, erritmoaren lanketak eta haustura harmoniko txikiek berritasunaren errainuak zabaltzen dituzte. Haren hitzetan, jolas baten modukoa izan zen EOk eta Kalakanek irudikatzen dituzten bi munduen artean ibiltzea.

Kontzertua ireki zuen KLKN perkusiozko piezak sinfonia handien arropa prest zegoela argi utzi zuen hasieratik, txalapartari mantu distiratsua jantziz. Iruten ari nuzu pieza, Kalakan osatzen duten taldekideen ahotsak aurkezteko bide izateaz gain, haizeen garapen malgu eta irudikorraren eredu bikaina izan zen, fagotaren kolorea nabarmenduz. Loriak udan kopletan hariek zama lirikoa jarri zuten soinean, eta Bilintxen bertsoak leunak izan ziren Xan Errotabehereren ahotsean. Behartuagoa eta zapalagoa suertatu zen, ordea, Egun bakea zutaz. Edonola ere, benetan zaila da hainbestetan entzuteagatik ia ereserki bihurtu diren doinuei berebiziko izaera ematea eta, hala ere, Txoria txori-ren iluntasun lasaigarria izan zen ostiralean bereizgarriena, bi munduak beti bat eta bakarra izan balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.