KRITIKA. Zirkua

Gizontasuna airean

Suspensión ikuskizuna. BEATRIX MOLNAR / NUEVEUNO KONPAINIA.
Agus Perez.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun

'Suspensión'

Konpainia: Nueveuno. Jatorrizko ideia eta zuzendaritza artistikoa: Jorge Silvestre. Sorkuntza eta interpretazioa: Carlos Marcos, Fernando Santa-Olalla, Jorge Silvestre, Josu Monton, Miguel Frutos. Dramaturgia: Laura Presa, Fernando Gallego. Koreografia: Iris Muñoz, Fernando Triguero. Aktore zuzendaritza: Rakel Camacho, Laura Presa, Fernando Gallego. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Azaroak 20.

Madrilgo Nueveuno konpainiak Suspensión (Esekidura) zirku-ikuskizuna ekarri du Barakaldo antzokira, eta, emanaldia ume-ordutegitik kanpo izan den arren, nik esango nuke ikusleen erdiak-edo oso adin txikikoak izan direla. Dena dela, umeak heldu portatu dira salbuespenik gabe, eta egia da emanaldia helduentzat sortua eta interpretatua izan dela, baina ni seguru nago horrexegatik egon direla ume guztiak adi-adi taula gainean gertatzen zenari. Honezkero zenbat aldiz idatzi dugu orriotan ikusle gazteak ez direla memelotzat hartu behar!

Egurrezko bost panel bertikal —haietariko bi beltzak eta beste hirurak egur kolorekoak— eta mahai metaliko luze bat izan dira euskarri eszeniko bakarrak, eta lau gizonezko aritu dira taula gainean ondo baino hobeto menperatzen dituzten zirku tekniken erakustaldian. Bosgarren bat ere egon da agertokiko albo batean, zuzenean bideratzen argiak eta musika, zehaztasun osoz bideratu ere, ikuskizunak planteatu dizkigun ikuste-efektuek eta erritmoak akats ñimiñorik izan ez zezaten.

Esan bezala, ikuste-efektu harrigarri bezain dibertigarriak izan dira emanaldiaren alderik entretenigarriena, eta alde horretatik malabarekin erakutsitako trebezia aipatuko dugu: pilota zuriekin aritu dira gehienbat, baina birla zuriekin ere bai behin edo behin, eta oso erakargarriak egin zaizkigu bai diaboloarekin egindako ariketa magikoak, bai aiztoekin izandako saio kementsuak. Azken horietan, gainera, ikuspegi berritzaile bat eman diote aizto-jaurtiketaren ariketari.

Baina beste ezeren gainetik, horren guztiaren azpian planteatu diguten diskurtsoarekin geratuko gara emanaldi aratz eta ausart hau ikusi ostean, saioen artean edo haiekin batera off-eko ahotsetan eta zuzenean entzun ditugulako bost gizonezkoen gogoetak eta pentsamendu zintzoak, maskulinitate eredu nagusia beldurrik gabe eta konplexurik gabe ezbaian jartzen.

Askotariko testigantzak entzun ditugu emanaldian zehar—interpreteenak, haien anaia eta aitenak eta, beste sail batean, haien amen edo bikotekideenak—, eta haien bidez izan dugu hainbat gauzaren berri gizonezkoen ikuspegi zintzo eta humanotik: besteak zaintzea zer ote den, sentimenduak barnean gordetzeko joera, arrakastaren eta nor izatearen behar etengabe hori, besteen aurrean ematen dugun irudia... Auzi handiak, zinez, eta are handiagoak bost gizon horiek beren egiazkotasunetik eta dramaturgia eredugarrian bilduta gure besaulkietaraino helarazi dizkigutenak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.