Euskal Selekzioak Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, Ipuruan

Ikuslerik gabe edo gutxirekin izango da, osasun egoeraren arabera. Azkeneko partida Panaman jokatu zuen, iazko maiatzaren 29an

Bustintza eta Panamako Galvan, iazko maiatzean. EUSKADIKO FUTBOL FEDERAZIOA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Euskal selekzioak Costa Ricaren aurka jokatuko du azaroaren 16an, Ipuruan (Eibar), 20:45etik aurrera. FIFAren egutegiaren barruan jokatuko duen hirugarren partida izango da. Aurreko biak Venezuelaren aurkakoa —Gasteizen, 2018ko urriaren 12an— eta Panamakoa izan ziren —iazko maiatzaren 29an—. Euskadiko Futbol Federazioak azaldu duenez, «selekzioari hazten jarraitzeko aukera emango dion apustua da, eta, behin osasun egoeraren normaltasunera itzulita, bere zaleen aurrean baldintza onenetan jokatzeko aukera emango diona». Izan ere, zalerik gabe edo oso ikusle gutxirekin izango da partida, osasun egoerak zehazten duena kontuan izanda betiere, federazioak azaldu duenez.

Urte hasieratik elkarlanean ari dira federazioa, Eusko Jaurlaritza, Lehen Mailako Euskal Herriko klubak eta jokalariak, lantalde bat osatuta, «euskal selekzioaren inguruan lan-dinamika berri bat sortzeko eta proiektu hau berpizteko, zaleen eta euskal gizartearen aurreikuspenei eta ilusioari erantzunez». Costa Ricaren aurka jokatzeko erabakia dinamika berri horretan parte hartzen duten alderdi guztien artean «adostutako erabaki baten emaitza» dela esan du federazioak. Gehitu duenez, «maila handiko selekzioen aurka lehiatzen jarraitzeak eta FIFA egutegian egiteak aukera emango dio euskal selekzioari partida garrantzitsuak jokatzeko bere zaleen aurrean, behin nazioarteko futbola normaltasunera itzultzean».

Costa Rica Europan ibiliko da egun horietan. Euskal Herrira etorri baino lehen, Austrian izango da, eta han Qatarren aurka jokatuko dute. FIFAren sailkapenean 50. tokian dago Amerikako selekzioa. Ronald Gonzalez da entrenatzailea, eta Munduko Kopan izan duen emaitzarik onena duela sei urte lortu zuen, final-laurdenetara heldu baitzen. Gonzalezek eman du iritzia euskal selekzioari buruz: «Oso jokalari onak dauzka. Erronka handia da guretzat, eta horixe behar dugu». Aurreratu duenez, Europan ari diren jokalariez gain, AEBetako ligan jokatzen dutenak ere ekarriko ditu, Costa Rican dihardutenekin batera. Baditu hainbat jokalari ezagun: Keylor Navas atezaina eta Bryan Ruiz dira ospe handiena dutenak. Azkena jokatu dituen bi partidak Panamaren aurkako bi lagunartekoak izan dira, urriaren 10ean eta 12an, eta bietan galtzaile izan zen Costa Rica: 0-1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.