Flamenkoa zer den argitu nahi dute

Flamenco on Fire jaialdia abuztuaren 25etik 29ra eginen dute Iruñean eta zenbait herritan. Jose Maria Muñoz Berrio omenduko dute

Bruno Jimenez gitarrista flamenkoa jotzen, atzo, Iruñean, Flamenco on Fire jaialdiaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Zer da flamenkoa?». Galdera horri erantzun nahi diote aurten Flamenco on Fire jaialdian, eta, horretarako, egitarau zabala antolatu dute, kalean zein antzokietan, abuztuaren 25etik 29ra. Aurten jaialdia Iruñean eta Tuteran ez ezik, Lizarran eta Vianan (Nafarroa) ere eginen dute. Azken bi herri horietakoa F on Fire jaialdia deituko da, beste egun batzuetan izanen da, eta jaialdi nagusitik independentea izanen da. Hala ere, helburu bera izanen du: flamenkoa ahalik eta gehien zabaltzea. Zortzigarren aldia du jaialdiak, eta berriki zendu den Jose Maria Muñoz Berrio omenduko dute.

Nazioartean sona hartu duen jaialdia da Flamenco on Fire, eta aurten ere flamenkoaren munduan maila handia duten musikariak ekarriko ditu Nafarroara: Falete, Niña Pastori, Javier Ruibal, Manuel Liñan, Pansequito, Antonio Reyes, Israel Fernandez eta Buika ariko dira, besteak beste, abuztuko hondarreko asteburuan. Kontzertu nagusiak Iruñeko Baluarte jauregian, Ziudadelako oholtzan, eta Gaiarre antzokian, eta Tuterako Gaztanbide antzokian izanen dira.

Aurtengo berritasuna F on Fire jaialdia da, eta lau kontzertu bilduko ditu. Abuztuaren 7an Pastora Galvan eta Jesus Carbonell Vianan ariko dira, San Pedroko aztarnategian; eta abuztuaren 20an Angel Ocray eta Luis Chaves El Piti, eta Pepe Habichuela eta Kiki Morente Lizarran ariko dira, kalean. Jaialdiko egitarauko laugarren kontzertua, berriz, Iruñean izanen da: India Martinez Nafarroa Arenan ariko da abuztuaren 18an. «Nabarmentzekoa da F on Fire sortu izana, flamenkoa beste toki batzuetara zabaltzeko aukera ematen duelako», azaldu du Juan Caserok, jaialdiko zuzendarietako batek.

Kaleko egitaraua ere aurkeztu du Flamenco on Fire jaialdiak. Tuteran iaz baino ekitaldi gehiago izanen dira karrikan. Iruñeko kontzertuak udaletxeko balkoian izanen dira, 12:00etan, Kondestablearen jauregiko balkoian, 19:00etan, eta Ezpeletako jauregian, 20:00etan. «Kaleko esperientzia hori bakarra da, eta jaialdi honen ezaugarri nagusietako bat da artistaren eta publikoaren arteko hartu-eman hori», esan du Arturo Fernandezek, jaialdiko beste zuzendariak.

Karrikako saioak dohainik izanen diren arren, aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira uztailaren 21etik aurrera. Pandemia dela-eta hartu behar izan duten neurrietarik bat da hori. Gainerako ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.flamencoonfire.org helbidean.

Nafarroa eta flamenkoa

Jaialdiak omenaldi berezia eginen dio Jose Maria Muñoz Berriori. Iruñeko ijito ezaguna zen, berriki zendu zena, eta flamenkoari eta jaialdiari oso loturik zegoena. Omenaldia abuztuaren 28an izanen da, Baluarten emanen duten Libertad ikuskizunean. Horrekin batera, gogoan izan dute Sabicas maisua, eta haren memoria eta lana biltzeko gogoa berretsi du jaialdiak.

Iraganeko flamenko musikarien balioa ez ezik, oraingoena ere aitortzeko lan eginen du jaialdiak, Caseroren hitzetan: «Garrantzitsua da Nafarroako flamenkoa babestea, horregatik programatu ditugu, oso garrantzitsua baita harrobiak jarraitzea». Konpromiso hori agertzeko, jaialdiaren aurkezpenean Bruno Jimenez gitarrista aritu da bere gitarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.