Itsas mailak gora: kostaldea urpera?

Klima aldaketari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartu ezean, 80 urtean euskal kostaldeko itsas maila 80 zentimetro haziko da. Aurreikuspen horretan oinarrituta, Jaurlaritzak plan bat abiatu du Bizkai eta Gipuzkoako itsasertza egokitzeko.

Zarauzko hondartza, olatu handiekin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Luzera begira ere etengo ez den fenomeno bat da: mundu osoko itsas mailak hamarkadak daramatza gora egiten, eta gorantz jarraituko du hurrengo mendean ere, planetak berotzen jarraitu bitartean, nork daki noiz arte. Egin beharreko galderak beste batzuk dira orain. Adibidez: munduko potentzia kutsatzaileak prest izango al dira balazta jarri, isurketak murriztu eta berotze globala leuntzeko? Eta, hori gertatu ala ez, prest al gaude itsas mailaren igoera saihetsezinera egokitzeko?

Klima aldaketari aurre egiteko neurri eraginkor globalak hartu ezean, 80 urte barru euskal kostaldeko itsas maila 80 zentimetro altuagoa izango da, Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) eta Kantabriako Unibertsitateak eginiko aurreikuspenen arabera. Hala, erronka handi bezain hurbil horretarako prest egoteko, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila lanean hasi da Hegoaldeko itsasertza babesteko lurralde plan sektoriala (LPS) eguneratzeko. Horren bitartez, azpiegituren eraikuntza planifikatuko dute itsas mailaren igoerak kostaldeko puntu bakoitzean izango duen eragina zehaztu eta horren kalteak saihesteko.

Bi urtez landuriko diagnostikoa osatu ostean, Lurralde Plangintzako ordezkariak Bizkaiko eta Gipuzkoako udalekin eta aldundiekin bildu dira ekainean, itsas mailaren igoerari buruzko aurreikuspenak aurkeztu eta LPSa elkarlanean ontzeko prozesuari hasiera emateko. Dokumentua urte amaierara bitarte landuko dute, besteak beste, lurralde elkarteen eta GKEen ekarpenekin, eta behin betiko plana 2023ko udarako prest izateko asmoa dute.

Babestuta, baina ez salbu

Euskal kostaldea berrehundik gora kilometro luze da, Bizkaiko Kobaron muturretik Lapurdiko Adur ibaiaren bokaleraino, eta euskal herritarren ia erdiak kosta inguruan bizi dira. LPSak Hegoaldeko kostaldea bakarrik hartzen du kontuan, ordea, itsasertzetik 500 metrora dagoen lur eremua ere barne hartuta. Guztira 63 udalerri biltzen ditu, eta 1.293.000 biztanlerengan du eragina.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen %81 gune harritsuak eta itsaslabarrak dira, eta gainerakoa itsasadarrek eta estuarioek (%1), hondartzek (%8) eta azpiegiturek (%10) osatzen dute. Horiek horrela, itsasertzaren forma labartsuak mugatu egiten du itsas mailaren igoerak lurraldean duen eragina, baina puntu zaurgarriak ez zaizkio falta. Eta ez bakarrik itsasertzean; izan ere, ibai ibilguneen bitartez, igoera barnealdean ere nabarituko litzateke, hala nola Bilbon eta Astigarragan (Gipuzkoa), LPSaren arabera.

Helburua, hortaz, kalte posibleak ahal den neurrian murriztea da: uholde arriskuak, biosferak suntsitzea, aisiarako eta bizitzeko eremuak galtzea... Egokitzapen neurrien faltan arazoa are handiagoa izango delako.

Datu kezkagarriak

Itsas mailaren igoerak dakarren ondorio nagusienetako bat kostaldeko herrien uholde arriskua areagotzea da. LPSak jasotzen duen eremuak bizitegi-lurzorua diren 10.504 hektarea ditu, eta horietatik, egun, 118,7k arriskua dute urteko garairen batean uholdeak jasateko. Bada, aurreikuspen gogorrenen arabera, 2100ean 290 hektareak izango dute uholde arrisku hori (%144 gehiago), eta intzidentzia mapek erakusten dute arriskua bereziki handia izango dela Trapagaranen, Getxon, Erandion, Bilbon, Bakion, Zumaian, Zarautzen, Hondarribian eta Irunen.

Halaber, itsas mailaren igoerak Hegoaldeko hondartzetan izango duen eragina nabarmentzen du LPSak. Izan ere, 80 urteko epean, hondartza lehorraren azaleraren marearen igoerarekin urak hartzen ez duena heren bat galdu egingo litzateke: 78 hektareakoa izan beharrean, 51,6koa izango litzateke. Zumaian eta Kontxan (Donostia), berriz, galera %70etik gorakoa izango litzateke.

Dena den, itsas mailaren hazkunde hori gehien pairatuko luketen kostaldeko eremuak duna sistemak eta padurak dituztenak dira. Azken horietan, esaterako, 2100. urterako %75 murriztuko litzateke azalera, eta, inguruetan orain arte izandako urbanizazio prozesuen ondorioz, kasu gehienetan aukera murritzak izango lituzkete uretan gora hedatzen jarraitzeko.

Ez itotzeko neurriak

LPSak irizpide, jarraibide eta oinarrizko arauak biltzen ditu, kostaldeko udalek klima aldaketaren aurreikuspenetara egokitu ditzaten beren hirigintza planak. Besteak beste, gomendatzen du jarduera ekonomikoetarako azpiegiturak eta bizitegi proiektuak etorkizunean urpean gera daitezkeen eremuetatik aldenduta eraikitzea, eta hirien planifikazioa etorkizunari begira egiteko beharra azpimarratzen du.

Hala, besteak beste, hiriguneetan parkeak eta drainatze sistema jasangarriak areagotzea proposatzen du, ur saneamendu sistemak hobetzearekin batera. Eta, uholdeak gertatzen direnerako, kalteak murrizteko ponpaketa eta babes sistemak prest izatea ere gomendatzen du. Itsasoak gora egin arren orain arte eginiko akatsetan ez itotzea izango delako etorkizunean bete beharreko helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.