Etxebizitza salerosketa Hego Euskal Herrian

Hiriak garestiago, herriak oraindik ez

Salmentak igotzen ari direla antzeman dute etxe agentziek; salneurriek, berriz, leku batzuetan soilik egin dute gora. Gainera, prezioan alde handiak daude, baina ez bezeroen profilean: gazteak dira gehienak, eta nahiago dute erosi, alokatu baino.

Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Altsasu (Nafarroa), Amurrio (Araba) eta Donostia osodesberdinak dira, eta etxebizitzaren merkatua ere ezberdina dute: hiruretan doa gorantz saldutako etxebizitza kopurua, baina erritmo desberdinetan; prezioak, berriz, Donostian soilik igo dira.

Itziar Goienetxe Donostiako Etxebila etxe agentziako jabea da, eta argi du salmentak igotzen ari direla 2017ko apiriletik. Horrekin batera prezioak ere gorantz doazelakoan dago: «Jendea itxaroten ari zen, prezioak jaisten ari zirelako, baina, igotzen hasitakoan, erosten hasi zen». Iñigo Goikoetxea Altsasuko Sakana etxe agentziakoa da, eta, haren esanetan, duela bi urtetik ari dira antzematen etxe gehiago saltzen direla. Hala ere, prezioek jaisten jarraitzen dute.

Amurrion dauka Armuru etxe agentzia Blanca Zorrillak, eta Goikoetxearekin ados dago: prezioak beherantz doaz. «Salmentetan mugimendu bat dago aurten, baina ez dago konparatzerik kostaldeko hirietan dagoen etxe salmenten igoerarekin edo Bilbo, Bartzelona, Madril eta hirietakoarekin».

Desberdintasunak desberdintasun, denak ados daude honetan: etxebizitza bila joaten zaizkien gehienak gazteak dira. Goikoetxeak adierazi duenez, gazteek familia eduki eta etxe handiagoa behar izaten dute. Zorrillak dio pisu merkeak eskatzen dizkietela batez ere. «Ona, polita eta merkea nahi izaten du jendeak». Donostian beste erosle batzuk ere izan zituztela dio Goienetxek: inbertitzaileak. Hasieran beraiek erosten zituzten etxeak, bankuek ez zutelako interesik ematen, eta jendea erosten hasitakoan prezioek ere gora egin zuten. Orain, berriz, gazteek pisu handiagoetara joan nahi izaten dute, eta helduek, berriz, txikiagoetara: «Donostian Aiete fenomenoa dago, eta jende asko etxe handiak saltzen eta zentroko pisu txikiagoetara jaisten ari da».

Etxe horiek erosteko, beharrezkoak dira mailegu hipotekarioak, eta gero eta gehiago ematen dituzte. Laboral Kutxak, esaterako, aurtengo lehen seihilekoan %14 hipoteka gehiago eman ditu, eta Kutxabankek, %23 gehiago. Hiru etxe agentzietako jabeek nabaritu dute jendeak errazago lortzen duela hipoteka. Goienetxek dio, hala ere, bi soldatako familiak edo gurasoen laguntza dutenak sartzen direla pisu batean.

Prezioetan ere aldea

Bankuei edo gurasoei eskatu beharreko kantitatea ere desberdina da Donostian, Altsasun eta Amurrion, prezioetan alde handia baitago, bai erosterakoan, baita alokatzerakoan ere. Zorrillak dioenez, Amurrion pisu berri batek 180.000 euro balio ditu, eta alokairuak, 600 euro inguru. Altsasun, berriz merkeagoa da, Goikoetxearen arabera: «Hiru logela, bi komun, garajea eta trastelekua dituen pisuak 150.000 euro inguru balio du, eta alokairuak, 400-450 euro inguru». Donostia da hiruretan garestiena: «Bi logelako pisuek, Herreran, 160.000 eurotik gora balio dute; Amaran, 280.000 eurotik gora, eta zentroan, 400.000dik gora», dio Goienetxek. Alokairuak, berriz, 700 eurotik gora daude Amaran, eta 600-650 euro inguruan Bidebietan. Prezioak eta salmentak gorantz doaz, baina itzuliko al gara krisiaren aurreko egoerara? Iritzi desberdinak dituzte: Zorrillak argi du ez dela bueltatuko; Goikoetxeak zalantzak ditu; eta Goienetxe, berriz, kezkatuta dago: «Espero dut ez itzultzea krisi aurreko egoerara, baina, hartu duen joerarengatik, beldurra ematen dit. Etxebizitzarena ziklikoa da: punta egin eta jaitsi egiten da, eta gero berriz gora egiten du. Nire beldurra da ez ote garen berriro horretara joango».

Hiru saltzaileak ados dauden beste kontuetako bat da jendeak oraindik nahiago duela etxea erosi, alokatu baino. Zorrillak dioenez, jendeak lehenengo alokatu egiten du, eta gero erosi. «Hemen oso garrantzitsua da jabetza bat edukitzea». Ados dago Goikoetxea ere: «Oraindik jendeak buruan dauka alokairua dirua botatzea dela, eta, gainera, ez da hipoteka baino merkeagoa». Goienetxek dioenez, alokairua oso ondo badago, baina ez da erreala gure gizartean. «Alokairurik merkeena ere hipotekaren parekoa da». Baditu bezeroak aukera izanda ere pisua erosi nahi ez dutenak alokairua nahiago dutelako, baina gutxiengoa dira.

Azken urteetan, udako alokairuak ere aldatu dira. Orain, batez ere, Internetez egiten da lan hori, ez etxe agentzietan. Lehen, jendea hilabete edo hilabete eta erdirako etortzen zen Donostiara, eta, gaur egun, bi edo hiru egunerako. «Pisu bat edo bi alokatzen da hilabete guztirako, baina ez da normalena», gaineratu du Goienetxek. Etxea erosi edo alokatu nahi duenak ahalik eta azkarren egitea ere aholkatu du, prezioek gorantz jarraituko baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.