Koronabirusa

Bigarren hiruhilekoko heriotza kopurua %19,5 hazi dela ohartarazi du Eustatek

Hegoaldean %23,49ko gorakada izan du heriotza kopuruak, INEren arabera. Martxoan eta apirilean erregistratu ziren hildako gehien

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragin zuzena izan du heriotzen kopuruaren gorakadan. Eustat EAEko estatistika institutuak emandako datuen arabera, %19,5 ugaritu dira heriotzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurtengo bigarren hiruhilekoan, iazko datuekin alderatuz gero. Are: azken hamar urteotako batezbestekoa oinarri hartuta, heriotzak ia laurdena igo dira: zehazki, %24,2. Hain zuzen, institutuak nabarmendu du 6.054 pertsona hil direla apiriletik ekainera bitartean, iaz baino 987 gehiago; emakume gehiago hil dira. Haren arabera, heriotza horien lehen bi arrazoiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak dira, baina hirugarren postuan dago COVID-19a: 1.281 heriotza eragin ditu, elkartearen datuak oinarri gisa hartuta.

INE Espainiako Estatistika Institutuak ere astero ematen ditu hildakoen datuak. Behin-behinekoak izaten dira, eta datu zehatzak urtea amaitu eta urtebetera ematen ditu. Hark emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian heriotzen kopuruak %23,49 egin du gora iazko datuekin alderatuz gero; martxoaren 30etik uztailaren 5era bitartean, hain zuzen ere. Zehazki, denbora tarte horretan 8.412 pertsona hil direla adierazi du, iaz baino 1.976 gehiago. Bizkaian erregistratu da hildako gehien: guztira, 3.682 pertsona hil dira hiru hilabetean. Ondoren, eta hurrenez hurren: Gipuzkoan, 1.973; Nafarroan, 1.905; Araban, 851. Are gehiago: lehen seihilekoan izandako datuei erreparatuz gero, %12,8 egin du gora heriotzen kopuruak.

Heriotzek zer joera izan duten aztertuta, erraz antzeman daiteke izurritearen eragina: Hegoaldean martxoaren erdialdetik hasi eta ia apirilaren amaierara arte erregistratu ziren heriotza gehienak. Konfinamendua ezarrita egon zen denbora tarte horretan, eta ospitaleak ere beteta egon ziren; birusak ezustean harrapatu zuen euskal gizartea. Zehazki, martxoaren 9tik apirilaren bukaerara arte, aurreko bost urteetako batezbestekoan baino 2.300 bat heriotza gehiago gertatu ziren. Maiatzean, ordea, aurreko hilabeteetako goranzko joera apaldu egin zuen, eta behera egin zuen hildakoen kopuruak. Ekainean eta uztailean, parametro normalen barruan egon zen kopurua, baina abuztuaren 10eko astetik aurrera berriro ere okertzen hasi zen egoera. Harrezkeroztik, oro har batezbestekoaren gainetik daude heriotzak.

Heriotzen adin tarteari dagokionez, orokorrean adinekoenak izaten dira erregistratuko heriotzetan ugarienak. COVID-19ak ere zaharren artean du eraginik nabarmenena, eta baita aurrez beste patologia batzuk dituztenen artean ere. Martxoaren 16ko astetik aurrera, 85 urtetik gorako pertsonen artean atzeman dira heriotza gehienak Hegoaldean, eta joera berbera izan da gaur arte. Hala ere, pertsona gazteagoak ere hil dira. Konfinamendua hasi zen aste beretik hasi eta ekain amaierara arte0 eta 9 urte arteko 31 haur hil dira, iaz baino zazpi gehiago. Heriotzen zergatia, ordea, ez dute zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.