Zaintza greba

Zaintzaileek ere esku bat behar dutelako

Greba egin dute zaintza alorreko langileek, eta tartean izan dira esku hartze sozialekoak. Sektorea pribatizatuta dagoela salatu dute, eta publifikazioa eskatu; hots, beste eredu bat.

Zaintzako langileak, ELAren Donostiako manifestazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Oso gogorra izaten ari da, batez ere emozionalki». Donostiako Uba adingabeentzako larrialdietarako harrera zentroan lan egiten du Amaia Iturraranek, eta nekea eta zama sumatzen da haren hitzetan. Esku hartze sozialeko sektorean dihardu, eta grebara jo zuten haiek ere atzo, zaintza zerbitzuen barruan, sektorea publifikatzearen alde.

Azken hilabeteetan hizpide izan dira, batik bat, zahar etxeetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetako baldintza prekarioak, eta ozen entzun dira egungo ereduaren aurkako aldarriak; ordea, hori baino zabalagoa da zaintzaren esparrua, eta tartean daude esku hartze sozialeko langileak ere. Maia Beitia ELAk Gipuzkoako alor soziosanitarioan duen arduradunak dio nahiko sektore «heterogeneoa» dela: hor sartuko lirateke, besteak beste, adingabeentzako harrera zentroak, tutoretzapeko etxeak, familiekin lan egiten duen zerbitzua, gizarte bazterkeria pairatzen dutenekin aritzen direnak edota indarkeria matxista jasan duten emakumeei arta ematen dietenak. «Zerbitzu horietako batzuk diputazioaren arduraren pean daude, eta beste batzuk udaletxearen ardurakoak dira, baina enpresa pribatuek kudeatzen dituzte».

Egoera nolakoa den aztertu du: «Behar bat dago gizartean, pertsona horiek premia bat daukate, eta erantzun bat eman behar zaie. Beraz, zerbitzu bat eman behar da. Baina dena pribatizatuta dago, enpresa pribatuek kudeatzen dute». Horren ondorioz, salatu du alde ekonomikoak «pisu handia» hartzen duela, eta bota du galdera: «Merkeago egin... zeren edo noren kontura?».

Hego Euskal Herrian badaude bete behar diren esku hartze sozialeko sektorerako hitzarmenak, baina, Beitiaren arabera, horietan ezarritako baldintzak «ez dira nahikoak». Adibidetzat jarri du atzo deitutako greban askok ezin izan zutela parte hartu: «Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, esaten dute jaiegunetan dagoen ratio bera errespetatu behar dela greba egun batean, baina sektore horretan jaiegunetan duten ratioa gainerako lanegunetakoa da. Beraz, grebarako eskubide hori urratu egiten zaie. Eta horrek esan nahi du urte osoan daudela minimoetan».

Sektoreko langileen baldintzak prekarioak direla salatu du, eta horrek «zauriak» uzten dituela: «Jendeak lan zama handiak ditu; ordutegi gogorrak. Oso kargatuta dago. Norbaitek huts egiten badu, ia-ia erori egiten da gaztelua. Guk eskatzen dugu, beste gauza batzuen artean, ratioak berrikusteko eta jende gehiago kontratatzeko. Sektore hau oso konplikatua da, batez ere psikologikoki».

Iturraranek esperientzia propiotik heldu dio gaiari, eta haien egoera nolakoa den azaldu du: «Lan baldintzak, pribatizatutako sektore publiko orotan bezala, eskasak dira. Ratioak gutxitan betetzen dira, beti oso justu ibiltzen gara, lanez gainezka». Adierazi du atzo ezin izan zutela lanuztea egin, «zerbitzu minimoetan» daudelako. Gogoeta bat ere egin du: «Zaintzaileak gara, baina gu nork zaintzen gaitu? Inork ez».

Horiek horrela, egungo zaintza eredua kritikatu du Beitiak, eta erakunde publikoei arduraz jokatzeko eskatu die: «Zerbitzuak pribatizatuta, eskuak garbitzen dituzte. Baina ez. Zerbitzua eman beharko luketenak beraiek dira. Horregatik eskatzen dugu publifikazioa. Ez dugu ulertzen denon diruarekin negozioa egitea. Hori ezin da egin». Beste kontu batean ere jarri du azpimarra: «Gizartean inbertitzeari gastua deitzen diote. Hori ez da gastua, inbertsioa da».

Argi du beste zaintza eredu bat behar dela, «zaintza integrala» bermatuko duena, banakoa «bere osotasunean» kontuan hartuko duena; eta ez duena ikusten negozio iturri gisa.

Pandemian, are okerrago

Prekarioak ziren esku hartze sozialeko sektoreko baldintzak pandemiaren aurretik ere, baina izurriteak utzi du halako arrasto bat. Beitiaren esanetan, are zaurgarriagoa da oraingo egoera: «Karga psikologikoa oso handia izan da. Gainera, burbuila modukoak asmatu zituzten, hainbeste aldaketa ez egoteko. Arriskua gutxitzeko, langileen ordutegiak luzatu zituzten, areagotu. Eta horrek eragin zuen ordu asko jarraian lan egitea. Batzuek komentatu izan didate hortik errekuperatzeko denbora beharko dutela».

Iturraranek ere baieztatu du pandemia garaian lan karga handiagoa izan dutela: «Oso gogorra izan da; batez ere, emozionalki». Abandonu sentipena ere izan dutela aitortu du, eta haien sektorea ikusezina dela salatu: «Ez dute baloratzen gure lana». Zentroan izan dituzte positiboak, eta gaitza hartu dutenak, hain zuzen, gizarte hezitzaileek zaindu behar zituzten. Hala, «jende falta» sumatu dutela aipatu du. Baita informazio falta ere .

Jokaleku horretan, aldarrikapenez jositako eguna izan zen atzokoa, eta eskaera zehatza egin zuten: zaintza duina eta publikoa izatea. Argi du Iturraranek: «Publifikatu egin behar dira horrelako zerbitzuak. Indarrak hartu eta aurrera jarraitzeko garaia da, gure eskubideak aldarrikatzeko. Merezi dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.