Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Herrialdeka

EAJ, hiru lurraldeetan nagusi

EH Bildu bigarren indarra da Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban, PP izan da bigarren. Elkarrekin Podemosek launa ordezkari lortu ditu. PSE-EEk kolpea jaso du, eta hiruna ordezkari izango ditu
Gizon bat, Bilboko bozkaleku batean, botopaper batekin.
Gizon bat, Bilboko bozkaleku batean, botopaper batekin. MIGUEL TOÑA / EFE

Gorka Berasategi Otamendi Gotzon Hermosilla -

2016ko irailak 26
Garaipen argia zuten iragarria inkestek EAJren alde, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan da irabazle, hiru lurraldeetan. Bizkaian lortu du berriro ere alderdi jeltzaleak bere aurkariekiko alderik handiena: 12 ordezkari eskuratu ditu, eta urrun gelditu da boz gehien jaso duten indarretan bigarrena, EH Bildu, lau ordezkarirekin. Araban ere joan den hauteskunde autonomikoetako garaipena errepikatzea lortu du. Ia 15.000 botoren aldea atera dio PPri. Alderdi Popularretik gertu, 1.000 boto eskasera gelditu da EH Bildu, hirugarren tokian. Gipuzkoan, berriz, nagusitasun handia izan dute bi alderdi abertzaleek. Botoen %34,38 eskuratu ditu EAJk, eta %28,85 EH Bilduk.

Espainiako Gorteetako hauteskundeetako emaitzak eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetakoak desberdinak direla agerian gelditu da, beste behin, herrialdez herrialde ere. EAJk nagusitasunari eutsi dio, eta Elkarrekin Podemos, ordezkaritza handia lortu badu ere ?launa ordezkari herrialde bakoitzeko?, ez da Espainiako hauteskundeetako emaitzetara gerturatu.

ARABA

EAJk gora egin du; PP bigarren izan da, eta EH Bildu PPtik 1.000 botora gelditu da

Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan erakutsitako nagusitasuna indartu egin du EAJk. Abstentzioak %2,5 gora egin arren, eta Elkarrekin Podemosek babes zabala lortu badu ere, 2012ko bozetan baino 2.000 boto gehiago lortu ditu alderdi jeltzaleak ?40.116 boto 2012an, eta 42.234 boto atzo?. Hauteskunde autonomikoetan babes handiena jaso duen indarra izan da berriz ere, nahiz eta Espainiako Gorteetarako bozetan Ahal Dugu-k eta PPk aurrea hartu zioten.

Elkarrekin Podemosi, berriz, urruti gelditu zaio Espainiako hauteskundeetan bildu zuen boto kopurua, eta orduko botoen erdiak bildu du ?24.299 boto atzo, joan den ekaineko 51.827 bozen eta 2015eko abenduko 48.413 botoen aldean?. Argi gelditu da, beraz, legebiltzarrerako hauteskundeetan jaso duen babesa askoz gertuago dagoela udal eta foru hauteskundeetan jaso zuen babesetik ?23.393 boto Ahal Dugu-k eta 5.953 Irabazik?, Espainiako Gorteetarako bildu zuenetik baino.

PPk ere ez du aurreko hauteskundeetako adinako babesik lortu Araban, baina bigarren izan da botoetan, eta 2012an Eusko Legebiltzarrerako lortu zuen boz kopurutik 500 boto besterik ez du galdu. Eutsi egingo die, beraz, herrialdetik zituen bost legebiltzarkideei.

EH Bilduk nabaritu du Elkarrekin Podemos herrialdeko jokaleku politikoan indarrez sartu izanaren eragina: sei ordezkari zituen, eta bost izango ditu orain. Aurreko hauteskunde autonomikoetan 34.193 boto lortu zituen, eta, orain, 26.803, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izandako beherakadari buelta eman dio, eta 1.000 boto falta izan zaizkio bigarren indar izateko.

PSE-EE izan da alderdi guztietan kolperik latzena jaso duena. Erdira murriztuko du azken lau urteotan izan duen ordezkaritza, eta hiru legebiltzarkide besterik ez du izango Arabatik. Boto kopuruan ere beherakada nabarmena izan da. 2012ko hauteskundeetan 30.358 boto lortu zituen, eta 19.501 boz bildu ditu oraingoetan. Hala, herrialdeko hirugarren indarra izan ordez, bosgarren indarra izango da orain.

Ciudadanosek Eusko Legebiltzarrerako lor zezakeen ordezkari bakarra Arabatik eskura zezakeela zioten inkesta gehienek. Ez du helburua bete, ordea. 4.754 boto jaso ditu EAEn lehenengoz aurkeztu den alderdi horrek, baina babesa ez da nahikoa izan Nicolas de Miguel hautagaia ordezkari bihurtzeko.

BIZKAIA

EAJk bere gotorleku historikoa berreskuratu du; EH Bildu da bigarren indarra

Askorentzat, ezusteko handia izan zen joan den ekainean Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EAJk Bizkaian duen nagusitasun historikoa galdu izana Ahal Dugu-ren mesedetan. Eusko Legebiltzarrerako bozetan, ordea, ura bere bidera itzuli da, eta EAJ argiro gailendu da bere betiko gotorlekuan: botoen %100 zenbatuta, 238.441 boto eskuratu ditu, duela lau urte baino 8.000 boto gehiago, eta 12 legebiltzarkide, aurrekoan baino bat gehiago.

Gainera, alde handia atera dio bigarrenari: duela lau urte, EAJk EH Bilduk ?orduko bigarren indarrak? baino 101.560 boto gehiago eta bost legebiltzarkide gehiago lortu zituen; oraingoan, zortzi legebiltzarkideren aldea ateratzen die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. EAJk Bizkaian duen nagusitasunaren neurria antzemateko beste datu bat: botoen %42,12 eskuratu dituzte. Hots, oso zatikaturik dagoen egoera politiko batean ?bost alderdik lortu dute legebiltzarkideren bat Bizkaian?, botoa eman duten bizkaitarren ia erdiek EAJren zerrenda aukeratu dute.

Duela lau urte bezala, bigarren indarra izan da EH Bildu Bizkaian. 28.000 boto inguru eta bi legebiltzarkide galdu dituzte duela lau urteko emaitzekin alderatuta, baina, hala ere, pozik egon daitezke koalizioko kideak: Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izaniko emaitza kaskarrei buelta ematea lortu dute, eta, esaterako, joan den ekaineko datuekin alderatuta, ia 33.000 boto berreskuratu dituzte hiru hilabetean. Lehia estua egon da EAJ eta EH Bilduren artean Bizkaiko azken eserlekua lortzeko ?zenbaketaren momentu batzuetan, oso boto gutxiren pentzudan egon da eserleku hori?, baina azkenean jeltzaleen aldera joan da, atzerritik bidalitako botoekin zer gertatzen den ikusi artean behintzat.

Elkarrekin Podemosek EH Bilduk beste legebiltzarkide lortu ditu, lau, baina EH Bilduk baino 15.000 bat boto gutxiago, eta, beraz, hirugarren indarra izan da Bizkaian. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehenengo aldiz aurkezten den koalizio batentzat ez dira datu txarrak, baina hiru hilabeteko epean 95.000 boto inguru galtzea bada kezkatzeko arrazoi.

Aspalditik dator PSE-EEren gainbehera, eta inkesta guztietan aurreikusten zen oraingo honetan sozialisten emaitzak oso kaskarrak izango zirela. Aurreikuspenek ez dute huts egin ?PSEk eta EEk bat egin zutenetik alderdiaren historiaren daturik txarrenak izan dira?, baina bereziki mingarria izan da sozialistentzat porrota alderdiaren sorleku izan zen herrialdean. Hiru legebiltzarkide baino ez dituzte lortu, duela lau urte baino bi gutxiago, eta bidean ia 50.000 boto galdu dituzte. Ezkerraldean, alderdiaren betiko gotorlekuan, PSE-EE hirugarren indarra izan da herri askotan, EAJ eta Elkarrekin Podemosen atzetik, eta, adibidez, Portugaleten ?une honetan PSE-EEko alkatea duen Ezkerraldeko herri bakarrean?, 3.200 boto atera dizkio EAJk.

PPren emaitzak ere txarrak izan dira, hartutako belarrondokoa PSE-EErena bezain handia izan ez bada ere. Duela lau urte eskuratu zituzten hiru legebiltzarkideetatik bat galdu dute, eta, seguru asko, Ciudadanos aurkeztu izanak kalte handia egin dio: 16.000 boto inguru galdu dituzte, eta Ciudadanosek, berriz, 10.900 eskuratu.

GIPUZKOA

EAJ garaile, eta Elkarrekin Podemosek ekaineko botoen erdiak galdu ditu

Gipuzkoa ez da salbuespena izan, eta herrialde horretan ere EAJ nagusitu da, duela lau urteko emaitzak lortuta: 117.000 boto inguru jaso ditu ?114.400 eskuratu zituen 2012an?, eta orduan eskuraturiko bederatzi legebiltzarkideei eutsi die. Aldaketarik ez, beraz. Baina, emaitza horiekin, duela lau urte bigarren indarra izan zen EAJ, alde txikiagatik izan bazen ere ?EH Bilduk legebiltzarkide kopuru bera lortu zuen, baina jeltzaleek baino 500 bat boto gehiago?. Oraingoan, aldiz, antzeko emaitza lortzea nahikoa izan zaio EAJri lehenengo postua eskuratzeko.

EH Bildu 100.000 botoen langaren azpitik gelditu da, eta, hori dela eta, ez du EAJrekin lehiatzerik izan lehenengo postua eskuratzeko, duela lau urte gertatu zen bezala, baina koalizioak erakutsi du bidean galdutako botoak berreskuratzeko gaitasuna baduela, aise gainditu baititu Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ?abendukoetan zein ekainekoetan? izandako emaitza txarrak. Baldintza horietan, eta eserlekuen banaketan beste alderdi bat dagoela kontuan hartuta, lorturiko zortzi legebiltzarkideek badute garaipenaren zaporea koalizioarentzat.

Oraingoan, EAJ eta EH Bilduren artean baino gehiago, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean zegoen lehia, bigarren lekua nork eskuratuko. Eta lehia horretan EH Bilduren garaipena Gipuzkoan izan da beste inon baino argiagoa. Bizkaian bezala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lorturiko botoen erdiak galdu ditu Elkarrekin Podemosek oso denbora laburrean, eta hiru legebiltzarkiderekin konformatu beharko dute.

Gainerako herrialdeetan bezala, Gipuzkoan emaitzak txarrak izan dira PSE-EErentzat eta PPrentzat. Alderdi Popularraren kasuan, botoen galerak ez du eraginik izan legebiltzarkideen kopuruan, eta zituen biei eustea lortu dute. Ez da berdin gertatu PSE-EErekin: ia 30.000 boto galduta, legebiltzarkide bat ere utzi dute bidean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna