Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Ez dute bat egiten balizko irtenbidean

Akusatuei ezarritako behin-behineko kartzelaldia gehiegizkoa iruditzen zaie, oro har, nazioarteko kazetariei. Argi ikusten dute, gainera, subiranistek ez dutela indarkeriarik erabili. Auzia dela eta, ez dute aldaketarik baztertzen estatu egituran.
Kazetariak lanean, atzo, Auzitegi Gorenak hedabideentzako egokitutako aretoetako batean.
Kazetariak lanean, atzo, Auzitegi Gorenak hedabideentzako egokitutako aretoetako batean. IGOR SUSAETA

Igor Susaeta - Berriemaile berezia

2019ko otsailak 20
Independentisten aldetik biolentziarik ez zen egon Kataluniako prozesu subiranistan. Horretan ados daude, oro har, auziaren berri ematen ari diren Espainiako Estatutik kanpoko kazetariak. «Ez zen hildakorik egon», azpimarratu du Cecile Thibaud frantziarrak. Matxinada egozten diete auzipetuetako bederatziri, eta delitu horretarako beharrezkoa da indarkeria egon dela kontsideratzea. «Ez da matxinadarik egon; inondik ere ez». Hori uste du Reiner Wandler alemaniarrak. Eta Fabien Palem Ipar Kataluniakoak biribildu du tesia: «Katalunian independentistek egindakoek baino indarkeria handiagoa du Frantzian egindako ia edozein manifestaziok». Ez ditu «kriminalizatu» nahi, baina Jaka Horienak ditu gogoan. Hori abiapuntutzat hartuta, Thibaudi «gehiegikeria» iruditzen zaio akusatuak pairatzen ari diren behin-behineko kartzelaldia. Wandlerrentzat, ezin da justifikatu Auzitegi Gorenak ezarritako neurria. Horretan bat egiten dute; ez, ordea, Kataluniako auzia konpontzeko moduan. Elkarrizketaren bideaz mintzo da frantziarra, baina pentsatzen du alde bakoitzak bere planteamenduetan «atzera egin» beharko duela horretan urratsak egiteko. Alemaniarra ausartu da esatera: «Erreferendum batekin bukatuko da auzia. Galdera da: sufrimendu askoren ondoren edo lehenago?».

Palem 2015etik bizi da Bartzelonan, eta L'Independant Ipar Kataluniako kazetarentzat zein Mediapart agerkari digitalarentzat lan egiten du. Haren esanetan, auzia «apasionantea» da, XIX. mendean Europan ezarritako estatu-nazio ereduaren «krisiarekin» zerikusia duelako. «Argi dago estatu-nazio eredua ez dela irtenbidea. Arrazoiak ekonomikoak, identitarioak edo kulturalak izan, estatu ia guztietan daude desadostasunak». Wandlerrek estatu konfederalaren planteamendua plazaratu du: «Behetik gorako borondateen batuketa da erdigunea halako estatu batean; estatu autonomikoetan, aldiz, alderantziz gertatzen da».

Estatu federal batekoa da, eta 25 urte daramatza Madrilen, Die Tageszeitung (Berlin) eta Der Standard (Viena) egunkarietarako lanean. Bere jaioterria aipatuta, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak hartutako erabakia gogoratu du: ukatu egin zuen Puigdemonten kontrako matxinada delitua. Erabaki hark ez zuen «ezustean» harrapatu. «Epaileek independentzia handia dute Alemanian; gobernuak ez ditu estutzen». Wandlerren iritziz, badaude datuak Espainian kontrakoa gertatzen dela pentsatzeko. «Hipoteken zergarena, La Manada-rena... Independentea izan behar duzu, eta itxura hori eman, gainera». Uste du Pablo Llarenak auziaren instrukzio fasean izandako jarrera ez zela «inpartziala» izan.

Matxinada, ohartarazteko

Thibauden hitzetan, «tentsio handiko garai batean» leporatu zieten matxinada, 2017ko urri-azaroetan. «Galdera da ea ez ote zuten gehiegikeriaz jokatu instrukzio epaileak eta fiskalek». Les Echos-eko, Tribune de Genève-eko eta Sud Ouest-eko kazetariarentzat —hemezortzi urte daramatza Madrilen—, gobernuak erakutsi nahi zuen halakorik ezin zela «berriro» gertatu. «Orain, hoztasunez, zaila da kalifikazio horri eustea. Posible da epaiketan akusazioek kalifikazioak murriztea». Palemek ez du hain argi ikusten: «Zergatik murriztu behar dituzte? Hain urrun iritsi badira [kalifikazioetan], hainbeste energia xahutu badute, orain zertarako atzera egin?».

Abokatuek salatu dutenez, akusatuen oinarrizko eskubideak urratu ditu Gorenak. Nazioarteko behatzaileek ere gauza bera diote. Manuel Marchena epaimahaiburuak ez die aditu gisa sartzen utzi epaiketa aretora. Wandlerren aburuz, epaileek erabaki hori hartzeko eskubidea dute. «Kontrako erabakia hartzea ere ez litzaieke gaizki etorriko, kritikoak baretzeko. Jende potenteak egin ditu salaketak». Enpatia ariketa bat egiten ahalegindu da, halere. «Jarri haien [epaileek] lekuan. Esan dezakete: 'Hau ez da banana errepublika bat, demokrazia bat baizik'». Behatzaileen eskaera epaileek «iraintzat» hartzen dutelakoan dago. «Ulergarria da. Behatzaileak ez onartzeak, dena den, kontrako eragina sor dezake, inpartzialtasunari buruzko zurrumurruak handitzen baititu».

TV3k zabaldu eta Madrilek baieztatutako informazioaren arabera, estatutik kanpoko kazetariei auziaren edukiari buruzko txosten bat helarazi zien Gorenak duela aste batzuk, eta bi epailek berriemaileei estatuaren bertsioa saltzeko ardura eduki dute. Elkarrizketatutako hiru kazetariek ez dute horren berri.

Thibaudek adierazi du politikari independentistek gauza bat esaten dutela «publikoki», eta «pribatuan», aldiz, beste bat. Iruditzen zaio, gainera, Carles Puigdemontena «sasi-erbestealdi bat» dela. Independentistek Kataluniako Parlamentuan «%65» izanda ere ez litzateke nahikoa izango, Thibaudentzat, autodeterminazioa gauzatzeko. «Balioko luke debate konstituzional bat abiatzeko. Agian irudikatu daiteke sistema federal bat... 'zenbat eta okerrago, hobeto' horrekin, kataluniarrez ahazten ari zara». Wandlerrentzat, galdeketa bat egitea da irtenbidea, Eskozian eta Quebecen bezala. Azpimarratu nahi du, gainera, «gatazka gogorragoetan» hala gertatu dela. «Jugoslavian, esaterako, nahiz eta ez ditudan bi kasuak konparatu nahi». Alemaniar batzuek galdetzen omen diote kataluniarrek zergatik nahi duten erreferendum bat, lander baten estatusa baldin badu Kataluniak. «Ez da gauza bera, ordea».

Ipar Katalunian, bestalde, auziari buruzko iritziak «askotarikoak» dira, Palemen esanetan. «Gezurra esango nuke denak independentistak direla esango banu».

Izaera baketsuaren defentsan

Ahultasun erakustaldia

Epaiketari buruzko albiste bilduma

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna