Sitsaren izurritea konpondu ezinik

Ezpelaren sitsa berriro azaldu da Iruñerrian: milaka intsektu dabiltza, «kontrolik gabe». Espezie inbaditzailea da sitsa, eta kaltearen beldur dira gobernua eta ingurumen elkarteak. Irtenbide kimikoen faltan, naturan bilatu nahi dute soluzioa.

Iruñerrian milaka intsektu dabiltza egunotan. Irudian, Sarrigurenen, kalean, bi sits aste honetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako faunak beste espezie inbaditzaile bat du. Izatez Asiakoa da, baina ezpelaren sitsak Euskal Herrian ere jarri du bizitoki berria, batik bat Nafarroa iparraldean eta erdialdean. Zerynthia elkarteak duela bost urte aurkitu zituen espezie horretako lehen intsektuak(Cydalima perspectalis), Arangurenen (Nafarroa), tranpa batean. Europara 2007an heldu zen. Harrezkero, sits kopuruak gora besterik ez du egin; kopuru zehatza ematea ezinezkotzat jo du elkarteak, baina gau bakarrean 50.000 intsektu ere zenbatu izan dituzte. Hala ere, Nafarroako Gobernuak lasaitasun mezua eman die herritarrei, gizakien osasunerako ez baita kaltegarria. Landareentzat, bai: ezpelari, adibidez, oso nabarmen eragiten dio sitsak.

Egunotan Iruñerrian sumatu dute sitsa bereziki: milaka intsektu, iluntzeetan, argitara bilduta.

Herritarrentzat ez da kaltegarria, baina ezpelarekin badute kezka. «Ezpela ez da guztiz desagertuko, baina posible da Nafarroan gehiago ez haztea», adierazi du Yeray Monasterio Zerynthia elkarteko presidenteak. Izan ere, Nafarroako Gobernuak kaleratutako datuen arabera, Nafarroako iparraldeko zenbait lekutan ia ezpel guztia galdua dago jada.

Konponbide zehatzik ez

Oraindik ez dute irtenbiderik aurkitu. Nafarroako Gobernuak eta Zerynthia elkarteak berak dei egin dute produktu kimikorik ez erabiltzeko; izan ere, kalte egin diezaiekete landare eta animalia espezie askori, eta, gainera, litekeena da sitsak bizirik irautea.

Natura baliatuz egin nahi diote aurre sitsari. Nafarroako Gobernuko Baso Zerbitzua proiektu batean ari da lanean:sitsaren arrautzetan Tricholine buxus parasitoa jartzen. «Sitsaren parasito hori ekosisteman barneratzea da helburua, sitsaren larben harrapakin bihurtu dadin, hartara haren hazkundea gelditzeko», adierazi du Cristobal Molina Nafarroako Gobernuko Basoko Planifikazio Zerbitzuko buruak. Oraindik goiz da jakiteko parasitoekin egindako ikerketak nolako emaitzak emango dituen, ikusteko baitago neguan bizirik iraungo duten.

Badaezpada, hasi dira hondamenari aurre egiteko neurriak hartzen, «egoerak txarrera egingo balu ere»: ezpel haziak jasotzeari ekin diote Nafarroako basozainek, Abaurregaineko bizilagunek martxan jarritakoEzpel Zaintza egitasmoaren bidetik. Asmoa da haziak gordeta edukitzea izurriak ezpeldi osoak suntsituko balitu ere. Molinak, hala ere, uste du gai izango direla egoera horretara iritsi aurretik sitsa desegiteko: «Ezpela leku askotan desagertuko da, baina nik uste dut buelta ematea lortuko dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.