Elizaren ondasunen zerrendak badu ajerik

Espainiako Gobernuak publiko egingo du 1998tik 2015era arte Elizak immatrikulatutako ondasunen zerrenda. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak aitortu du neurria «ona» dela, baina ez duela konponbide osoa ekarriko.
Ziritzako eliza; Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean du, baita bertako kanposantua eta bi etxe ere.
Ziritzako eliza; Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean du, baita bertako kanposantua eta bi etxe ere. L. FDZ. ARROIABE / FOKU

Jon Rejado -

2018ko abuztuak 23
Baikor daude, baina lanean jarraitu behar dela gogorarazi nahi dute. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eta Recuperando koordinakundeak azken urteetan egindako lanaren fruitutzat hartu dute Espainiako Justizia Ministerioak herenegun emandako berria: ezagutarazi egingo da Elizak 1998tik 2015era arte bere izenean erregistratutako ondasunen zerrenda. «Aurrerapausoa» dela diote, baina aldi berean «mugak» dituela.

Andres Valentinek bietan dihardu; Nafarroako plataforman eta Recuperando koordinakundean. Agerian utzi du zer garrantzitsua den zerrenda ezagutaraztea. Izan ere, gogorarazi du gaur egun dauden erroldak «ez-osoak» direla. Onartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruzko datuak «osatuenetakoak» direla, «baina horrek ez du esan nahi Elizaren izenean erregistratutako ondasun guztiak daudenik». Nafarroako datuak, berriz, 1998tik 2007ra artekoak dira.

Gobernuaren ekinbideak informazioa osatzen jarraitzeko balioko badu ere, «mugak» atzeman dizkiote: muga horietan lehenak erreferentziazko datak dira. «1998tik aurrerako datuek errealitatearen zati bat erakusten dute, baina ez osoa; Gipuzkoan, adibidez, apezpikutzak immatrikulazio gehiago egin zituen 1998ra arte gerora baino». Horrez gain, Valentinek adierazi du Elizak gurtzarako tokiak ere erregistratu zituela bere izenean 1998 baino lehen, legez debekatuta bazegoen ere.

Valentinek zehaztu du bi bide jarraitu zituztela prozesu horretan: batetik, legez kontrakoa izan arren, eliza eta gurtza lekuen zuzeneko erregistroa egin zen; bestetik, gurtza espazioak zeuden orubeen immatrikulazioa. Azken bide hori Gipuzkoan maiz baliatu zela esplikatu du; immatrikulazioen aurkakoek adierazi izan dute ohiko jokamoldea izan zela, bereziki Jose Maria Setien Donostiako apezpiku zenean.

Horren harira, Valentinek bigarren «muga» bat ere atzeman du Espainiako Gobernuaren ekinbidean: izan ere, erregistroaren zerrenda publikatzeak ez du datuen irudi erreala emango. Zerrendaz gain, erregistroan agertzen diren ohar sinpleak ezagutarazteko eskatu du, horietan datu zehatzagoak eskaintzen direla iritzita. «Erregistroan orube bat ager daiteke, baina ohar sinpleetan xehatuta daude orube horretan dauden ondasunak: eliza, ortua, bidea, lorategia...». Azken muga, ekinbidea bera bainoago, horri eman diezaioketen erabilera da, Valentinen ustez. PSOEk auzitara jotzeko aukera iradoki du. Asmo hori «arriskutsua» da, Ondarearen Defentsarako Plataformako kidearen ustez. «Dozenaka milaka ondasunez ari gara, eta auzibideak oso konplexuak dira: Palentziako (Espainia) kasu bat, adibidez, hogei urtez luzatu da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak azken epaia eman duen arte». Gaia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramatea ere ez du begi onez ikusten. «Modu batean edo bestean, erregimenak immatrikulazioak babesten ditu; beraz, konponbidea Konstituzionalaren ardurapean uztea oso arriskutsua iruditzen zaigu».

Alorrean diharduten elkarteek diote lege aldaketa baten alde egin behar dela, auzibideen ordez. Valentinek gogoetatu du berme handiagoak ematen dituela, «luzea» izango bada ere. Aurretik, ordea, gaia gizartean ezagutarazten jarraitu behar dela adierazi du. «Elizak betikotasuna hartzen du denbora epe gisa; beraz, gu ez gara epeekin tematzen hasiko».

Munillaren adierazpenak

Elizako ordezkariek, bitartean, eskatu dute Espainiako Justizia Ministerioaren erabakia «legezkoa» izatea, eta «ez diskriminatzailea». Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak berretsi zituen atzo Espainiako Gotzain Batzarrak herenegun egindako eskaerak. «Mundu guztiaren ondasunak ezagutaraziko badira, ondo, baina, bestela, ez diskriminatzeko printzipioa errespetatu beharko litzateke». Bestetik, Munillak erregistroa eta ondasunen jabetza bereizi zituen. «Jabetzaren erregistroa jaioberri bat da Elizarenak diren ondasunen gehiengo zabalaren aurrean». Horren harira, Jose Maria Setien Donostiako apezpiku zenak izandako«argitasuna» goratu du. «Lehen unetik erregistroak egitea erabaki zuen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna