Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Kazetarien iritziak

Kalean bizirik, instituzioetan ahul

Kazetarien arabera, herritarren mobilizazioak jarraitzen du izaten prozesuaren giharra; alderdi independentistek estrategia argirik ez dutela diote, eta «beldurra» nabari dute.

Adierazpen askatasunaren aldeko aldarrikapenak, herenegun, Valentzian. KAI FÖRSTERLING / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Kataluniako mugimendu independentistaren ibilbidean beste mugarri bat ezarri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala uste dute herrialde hartako kazetariek. Egun bat geroago, oso antzeko balorazioak egin dituzte: kalean bizirik dago aldarria; instituzioetan, berriz, geldialdi batean, ez atzera ez aurrera.

«Alderdi independentistek kale itsu batean dauden sentsazioa daukate», azpimarratu du Miquel Rierak, El Punt Avui egunkariaren zuzendariaren ondokoak. Egoera «are okerragoa» da, Miquel Macia NacioDigital-eko zuzendariaren ustez: «Paralizatuta daude. Planik gabe: konturatu dira ez dutela ezer lortuko bide legaletik; eta legezkoa ez den bidetik jotzen badute, ezinezkoa dela guztiz». Antzera pentsatzen du Luis Maurik, El Periódico de Catalunya-ko zuzendariaren ondokoak. Haren ustez, epaiak «alde guztiei» balio beharko lieke «autokritika» egiteko: «Amaierako puntua jartzeko prozesua ulertzeko orain arte egon den moduari, eta prozesuari erantzuteko egon denari».

Hiruretako inork ez zuen sorpresarik hartu Gorenaren epaiarekin. «Zigorrak leundu dituztela saldu nahi izan dute sedizioa egotzita, baina, funtsean, oso antzekoak izango lirateke matxinada leporatuz gero», adierazi du Maciak. Rierarentzat ere, epaileek ez dute inolako malgutasunik izan. «Aurreko egunetan esaten zenaren kontrara, epaia basatia izan da. Katalunian oso zabalduta dago estatu mendekua izan den sentsazioa».

El Punt Avui-ko zuzendariordearen arabera, epaimahaiak bere argudioak «harilkatu» ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiari begira. «Tarte handiena eman diote bermeen atalari, jakin bazekitelako horri erreparatuko diola Estrasburgok, eta hori ondo lotuz gero, nahi zuten zigorra jar zezaketelako».

Baina hirurek uste dute orain kaleetara eta instituzioetara begiratzeko garaia dela auzitegietara baino gehiago. Maurik uste du «logikoa»dela epaiak independentisten artean sortu duen haserrea. «Eskubide osoa dute, baina beste herritarren eskubideak aintzat hartu behar dituzte gizarte hausturarik egon ez dadin». Protestetan parte hartzen duten guztiak ez direla independentistak nabarmendu du. «Horregatik diot Madrilek ere hausnartu beharko lukeela bere jarrerari buruz».

Maciaren arabera, berriz, protestek agerian uzten dute independentismoaren «indargune nagusia». «Sanchezen gobernuak denbora darama esanez hau sufle bat dela: adineko jendea baino ez dela mobilizatzen. Bada, protestek justu kontrakoa erakutsi dute: prozesu historiko oso luze baten jarraipena gertatzen ari da». Horrekin ados dago Mauri: «Konponbidea edozein izanda, gatazka ez da desagertuko, baina herritar denek ulertzeko modukoa izan behar du».

Horren harira, Rierak nabarmendu du Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak mobilizazioak «kriminalizatzeko» eginiko ahaleginek ez dutela ezertarako balio izango. «Jendetza izugarri bat dago atzean. Hau [Gorenaren epaia] ez da ezeren amaiera; prozesua ez dago hilda. Kalean ikusten ari gara, eta ikusiko da azaroaren 10eko [Espainiako Gorteetarako] hauteskundeetan».

Kontraesanak

Baina hil hurren ez dagoen arren, Maciak uste du «oso ahul» dagoela alderdi politikoen mailan. «Independentistak beldurrak jota daude; ez dira gai mobilizazioetara deitzeko ere». NacioDigital-eko zuzendariaren arabera, orain Junts per Catalunya eta ERCren estrategia nagusia da egungo autogobernu «elbarri eta boterez hustuari» eustea. «Uste dute marra batzuk igarotzen ez badituzte, Madrilek ez duela autonomia indargabetuko, baina hori uste beatifiko bat da».

«Neurri batean» ideia horrekin bat dator El Punt Avui-ko zuzendariaren ondokoak. Azaldu du independentistek epaiaren ostean «batasun irudia» eman nahi dutela, baina hori «nahiko ahul» dagoela. Gainera, uste du mobilizazioen aurrean Kataluniako Gobernuak hartzen duen jarrerak «kontraesanak» areagotu ditzakeela. «Ez da logikoa protestara deitzea eta gero mossoen bitartez erreprimitzea. Kontua da momentu batzuetan ez dagoela batere argi hemengo Polizian zeinek agintzen duen», azaldu du Rierak, begirada Madrilen jarrita.

Rierak aipatutako «batasun ahularen» irudiarekin bat dator Macia. «Batasuna bai, baina zertarako? 2017an oso goian utzi zen listoia, zeruan, eta orain oinarriei gutxiegi iruditzen zaie beste guztia». NacioDigital-eko zuzendariak uste du instituzioetan bizi den «lidergo faltak» eragina izan dezakeela kaleko mobilizazioetan. «Gerta daiteke atzera egitea eta esperoan geratzea, baina ez da desagertuko».

Maurirentzat, orain «independentisten arteko hegemonia dago jokoan». Katalunian ere bozak aurreratzeko aukera aipatu da azken egunetan; Rieraren arabera, «ez dago mahai gainean». Maciak ez du baztertzen aukera hori. «ERCn uste dute epaiari eman behar zaion erantzuna hori dela, hurrengo urtean deitzeak arrisku gehiago izan ditzakeelako. Gobernuak ez ditu aurrekontuak onartzen 2017tik, eta erorikoa handiagoa izan daiteke denbora pasatzen utziz gero». Maciak uste du Madrilgo gobernuak «blokeoan» mantendu nahi duela Kataluniako prozesua, eta egoera horretan bi direla arriskuak: gehiengo independentista galtzea, edo mantentzen bada, ezin egituratzea.

Maurik uste du 2020ko udaberrian-edo egingo direla hauteskundeak. «Inkestak alde dituenean erabakiko du Torra presidenteak botoia noiz sakatu; alegia, Puigdemonten Junts per Catalunyak erabakiko du». Maurirentzat, «ona» litzateke bozak egitea. «Modu horretan argituko litzatekeelako nor den alderdi nagusia independentisten artean eta, agian, balioko lukeelako euren jarrera malgutzeko: orain arte ea nor erradikalago aritu dira lehian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.