Elkartasun uholdeak gaina hartu dio urari

Uholdeek gogor astindu dute Euskal Herria, eta Nafarroako auzo, hiri eta herrietan auzolanak antolatu dituzte urak eragindako kalteei aurre egiteko. Zenbait kaltetuk elkartasun hori eskertu eta txalotu nahi izan dute.

Gora Burlatako boluntarioak lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ibaiek gainezka egin zuten iragan asteburuan, eta ura barra-barra sartu zen eraikinetan. Asko dira uholdeek eragindako kalteak; hala ere, urak ezin izan dio aurre egin elkartasunaren uholdeari.Laguntzeko, herritarrek auzolanak antolatu dituzte Nafarroako herri, auzo eta hirietan. Jasotako laguntza eskertu nahi izan dute uholdeen ondorioz kaltetutako batzuek, hala nola, Pamiela argitaletxeak, Arga tabernak eta Ondalan kooperatibak.

Pamiela argitaletxea Ezkabarte industrialdean dago, Ultzama ibaitik gertu. Zazpi urte daramatzate han, baina urte horietan ura ez da inoiz hara iritsi. Ezustean harrapatu zituela azaldu du Pello Elzaburuk, Pamiela argitaletxeko editoreak:«Protokolo bat dago abisatzeko, baina alkatearekin hitz egin genuen, eta esan zuen ez zutela denborarik izan ustekabean harrapatu zituelako». Hortaz, ez zuten abisurik jaso. Abenduaren 10ean, 07:30ak aldera, 60 zentimetroko ura zegoela ikusi zuten: «Jendeak pentsatzen du paperaren etsaia sua dela, baina ura eta hezetasuna dira. Liburuek nekez hartzen dute su».

Apaletan eta paletetan zituzten liburuak, zorutik 15 zentimetrora: «Liburuak galtzea larria da, baina gehien larritzen gaituena da aurtengo Durango Azokako eta azken bi edo hiru hilabeteetako liburu eta nobedade guztiak harrapatu dituela». Guztira, aurtengo produkzioaren %60 galdu dute.

Desoreka ekonomikoa

Laguntzarik eskatu gabe jendea laguntzeko prest agertu dela azaldu du Elzaburuk: «Bi uholde mota jasan ditugu; larria, urarena, eta elkartasun uholdea». Hala ere, oraingoz ezin dute deus handirik egin, aseguruaren zain baitaude. «Ezin ditugu liburuak mugitu peritua etorri arte eta haien baimena jaso arte. Jende asko dago lagundu nahian, baina baimena jaso arte zain gaude», esan du, uholdeak igaro eta ia astebetera.

Beraz,dena garbitu beharko dute, eta liburu berriak berriz inprimatu, eskariari erantzuteko. «Horrek esfortzu ekonomiko handia dakar, eta ez dakigu nola modu egokian erantzun sortuko den eskariari, gure desoreka ekonomikoa handia izan ez dadin».

Ultzama ibaiak ez ezik, Arga ibaiak ere gainezka egin zuen zenbait lekutan. Nekane Zibiriain, Arga tabernako jabea, goizeko seietan lanean hasi zen, eta zortziak aldera ura sartzen hasi zela esan du:«Distantzia dago errekatik, baina bi tokitatik sartzen da ura, eta segituan sartu zen; barran, ia metro bat».

2013ko uholdeek gogor astindu zuten taberna, baina aurtengoa «handiagoa» izan dela esan du. Horrez gain, jasotako laguntza ere «handiagoa» izan zela dio: «Aste bukaeran zenez, jende gehiago etorri da; hortaz, zailena eta gorrena zena egun batean egin genuen».

Dena garbi

Ziribiainek erretiroa hartuko du egun hauetan. Taberna oso errotuta dago Arrotxapea auzoan, baina ez du tabernaren lekukoa nori eman. Hortaz, egun hauetan Ziribiain eta Arga taberna agurtzeko zenbait ekintza antolatu zituzten. Urak eragindako kalteen ondorioz, ezingo diote programazioari heldu, eta egun bakarrean egingo dute agurra. Hain zuzen ere, gaur. «Artistak etorriko dira, lagunekin egongo gara, eta babarrunak eta kroketak jango ditugu», esan du Zibiriainek.

Uholdeek kalteak eragin zituzten Burlatan ere; besteak beste, Ondalan kooperatiban. «Dena urez gainezka zegoen; ezin izan dugu ezer salbatu», esan du Jotas Carrascok, Ondalan kooperatibako kideak.

Burujabetasuna oinarri duen kontsumo talde bat da, eta, gauza askoren artean, aste osorako menuak egiten dituzte: «Jendeak ez du denborarik ikusteko nolakoak eta nongoak diren produktuak eta zer baldintzatan dauden langileak. Guk horretarako tresna bat sortu dugu». Kozinatzeko behar zituzten tresnak zituzten han, eta denak hondatuta daude.

Gora Burlatak auzolana antolatu zuen. «Eskertzekoa da Gora Burlatak eta bazkideek eragin zuten elkartasun uholdea. Bi egunen buruan, dena garbi zegoen; ikaragarria izan zen». Otsailera arte ezingo dute aurreikusi noiz ireki; hortaz, larritasun ekonomikoari aurre egiteko bazkidetze kanpaina bat jarri dute martxan: «Batez ere zabaltzen ari garen mezua da: erreserbatu zure otsaileko menua berriz zabaltzen dugunerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.