Osasuntsu zahartzeko eredua aurkitu nahian

Bizi itxaropenak gora egin badu ere, maiz eritasuna izaten da bizitzako azken urteetako protagonista. Hala ere, badira 100 urte edo gehiago bizi eta, gainera, adin horretara sano iristen direnak. Horiek ditu aztergai Ander Matheu doktoreak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zenbat eta zaharrago, orduan eta osasun okerragoa. Maiz entzuten dira horren gisako esaldiak, zahartzeari eta horren kalteei buruzkoak guztiak. Izan ere, zahartzea prozesu degeneratibo bat da, zeinaren bitartez norbere gaitasunak murriztuz doazen. Badira, baina, baieztapen horiek zalantzan jarri dituzten ikerketak, eta erakusten dutenak posible dela zahartzarora osasuntsu iristea. Edo, behintzat, frogatzen dutenak batzuek hori lortu dutela.

Ander Matheu doktoreak (Donostia, 1976) eta haren lantaldeak, erraterako, honako galdera hau erantzun nahian abiatu zuten ikerketa bat: Euskal Herrian badago 100 urtetik gorako jendea, edozein dela arrazoia, ongi bizi dena? Edo 80-85 bitarteko adinetara iristen direnean bizi kalitate okerragoa dute guztiek? Erantzun bat lortzeko, Gipuzkoako 100 urtetik gorakoen ezaugarriak aztertu dituzte: «Identifikatu dugu badaudela ehun urtetik gorako herritarrak [gazteagoak baino] hobekiago bizi direnak».

Identifikazio lan hori egiteko, 2014 eta 2020 bitarte Gipuzkoan zendutakoen zerrenda bildu dute, eta bi talde egin dituzte: 100 urtetik beherakoak batetik, eta handik gorakoak bertzetik. Orotara, 100 urtetik gorako 379 herritar zenbatu dituzte; sei urte horietan zendutako biztanleen %0,8. «Zera egin dugu: 100 urtetik gorako biztanleen ezaugarriak gainerako herritarrenekin alderatu». Eta azterketaren ostean ikusi ahal izan dute 100 urte edo gehiago bete dituzten gehienak emakumeak zirela, eta zahar etxeetan bizi zirela. Biologikoki ere, «gazteagoek baino profil hobeak» zituzten: odolean glukosa edo hemoglobina maila baxuagoak, adibidez.

Baina, zergatik ondorioztatu dute pertsona horiek gazteagoak baino «hobekiago» bizi zirela? Beren historia klinikoak hori erakusten duelako: «Gainerako biztanleek baino gaixotasun gutxiago izan dituzte, medikuarenera gutxiago joan dira, eta, orokorrean, medikuntzaren arloa gutxiago behar izan dute».

Teoria nagusiak

Ikerketa andanaren aztergai izan da 100 urtetik gorakoen bizitza, baina, orokorrean, bi teoria nagusi daude: morbilitatearen konpresioa eta morbilitatearen hedapena. Hau da, pertsona baten eritasuna tarte jakin batean pilatzea, eta, kontrakoa, gaixotasuna denboran luzatzea. Hala, kontzeptu horiek zahartzaroari aplikatuz, lehenbizikoak erran nahi du pertsona bat osasunez oso ongi dagoela bere bizitza guztian zehar, baina momentu jakin batean «drastikoki» egiten duela behera bere ongizateak. Bigarrenari dagokionez, berriz, adin nagusiko pertsonek «denbora gehiago pasatzen dute ondoezik eta mendeko. Pertsona bat, batez beste, zortzi eta hamar urte bitarte egoten bada patologiekin, ehun urtetik gorakoei dagokienez hogeiraino luzatu daiteke tarte hori».

Lantaldeak frogatu ahal izan du Gipuzkoako 100 urtetik gorako biztanleen profila lehenbiziko teoriak deskribatzen duela hobekiago: «Pertsona horiek oso ongi daude, baina badago momentu bat non [haien osasunean] beherakada bat dagoen». Argi utzi du identifikazioa lehenbiziko pausoa bertzerik ez dela izan: «Hurrengo urratsa da jakitea zer arrazoirengatik iritsi diren pertsona horiek adin horretara. Normalean, bi faktore mota egoten dira: sozialak, eta pertsona horien biologiari eta genetikari lotutakoak». Hala, esku artean duten ikerketan 100 urtekoen burmuinetako laginak aztertzen ari dira. «Bizitza luzearekin lotutako faktore genetikorik edo biologikorik dagoen ikusi nahi dugu», dio Matheuk.

Bertze herrialdeetan egin diren ikerketetan, biztanle talde horri lotutako ezaugarri jakin batzuk identifikatu ahal izan dituzte. Frogatu da, adibidez, 100 urte baino gehiago bizi izan den norbaiten oinordeko batzuk ere adin horretara irits daitezkeela. «Hori egiteko, talde horretan kokatzen direnekin harremanetan jarri behar da, galderak egin behar zaizkie, eta haien odol laginak behar dira».

Matheuk dio beren lehenbiziko ikerketan identifikazio estrategia desberdina izan dela, «arbitrarioak» izan nahi zutela. Bigarren pausoan, berriz, «Euskal Herrian bizitza luzearekin lotutako ezaugarri berezirik ote dagoen» ikusi nahi dute. «Hein batean biztanleria bakartua baitugu, eta frogatu baita [biztanleria horrek] zenbait zentzutan genetika desberdina duela». Hala ere, Matheuk argi utzi duenez, inoiz datu zehatzagorik beharko balute, adin tarte horretan kokatzen diren herritarrekin harremanetan jarriko dira.

Aplikazio zientifikoa

Esku artean duten ikerketaren bidez Matheuk eta haren taldeak inoiz lortuko balute frogatzea 100 urtetik gorakoek badituztela ezaugarri biologiko komun batzuk, horrek bidea irekiko lioke etorkizunean tratamenduak egiten hasteko aukerari. Azaldu duenez, pertsona horiek guztiek proteina jakin batetik kantitate handia izanen balute, adibidez, saiatuko lirateke ziurtatzen adin batetik aurrera herritar guztiek proteina horretatik kantitate kopuru handia izan dezatela.

Izan ere, biztanle multzo horretan daudenak osasuntsu zahartzeko eredua badirela dio Matheuk: «Pertsona horiek gehiago eta oso ongi bizi izan direnez, ematen diguten informazioa gainerako biztanleriari aplikatzen ahal diogu». Matheuk argi utzi du ideia horiek errealitate egitea dutela helburu, baina «teorikoki» baizik ez dituztela garatu, eta oraindik «urrun dagoen fase bat» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.