AHTa, Bergaran korapilatuta

'Euskal Y'-ko bost zatiren kontratuak baliogabetu ditu Adifek. Berriz adjudikatu beharko dituzte lanak
Ana Pastor Espainiako jarduneko Sustapen ministroa, Ana Oregi Ingurumen sailburuarekin, Bergarako lanak ikuskatzen.
Ana Pastor Espainiako jarduneko Sustapen ministroa, Ana Oregi Ingurumen sailburuarekin, Bergarako lanak ikuskatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2016ko ekainak 17
Lotunea korapilo bihurtu zaie. Euskal Y-aren bost zatiren kontratuak baliogabetu egin ditu Espainiako Sustapen Ministerioak. Bergarako lotuneari dagozkion zatiak dira: Angiozar, Kobate, Elorrio-Bergara, Zumelegi eta Elorrio-Elorrio. Lanak egiteko agindua jaso zuten enpresak eta gobernua ez dira ados jarri kontratuaren baldintzetan, eta administrazioak erabaki du hitzarmena bertan behera uztea eta prozesua hasierara itzularaztea.

Adif Espainiako trenbide azpiegituretako enpresa kudeatzaileak iazko udan eman zituen Bergarako lotuneko zatien lanak, baina obrak ez dituzte hasi ere egin, eraikitzaileen eta Madrilen artean sortutako desadostasunen ondorioz. Izan ere, Adifek aurreikusitako prezioaren erdian eman zituzten lanak. Enpresek berehala ikusi zuten prezio horiekin ezingo zutela bete agindutakoa; ez, behintzat, galera ekonomikorik gabe. Hortaz, hainbat aldaketa aurkeztu zizkioten Sustapen Ministerioari.

Madrilek gainkostuak bere gain hartu ezean, lanak bertan behera uzteko prest azaldu ziren enpresak. Ana Pastor Espainiako jarduneko Sustapen ministroak erantzun zien araudiak ez duela baimentzen proiektu osoaren kostuaren %10 gainditzen duten aldaketak onartzea, eta kopuru hori baino handiagoa eskatu zutela eraikitzaileek.

Akordioa erdietsi ezinik, kontratuak bertan behera uztea erabaki du administrazioak orain. Horrek, baina, beste albo kalte bat eraginen dio Espainiako Gobernuari: legez, kalte-ordaina pagatu beharko die enpresei, kontratua eteteagatik.

Iragarpenak ezin bete

Obrak egiteko prozedura osoa hasierara bueltatuko da orain, eta lizitazioa berriz egin beharko du Sustapen Ministerioak. Eusko Jaurlaritzak «kezka» adierazi zien atzo Espainiako Gobernuko eta Adifeko ordezkariei, tren lasterraren lanen jarraipenerako batzordearen bileran. «Kezkatuta gaude Sustapen Ministerioaren esku dauden Bergarako lotuneko lanen epeekin, ez delako beteko ministroaren iragarpena; alegia, 2019an abiadura handia Euskadira iristea», ohartarazi zuen Antonio Aiz Garraio sailburuordeak.

Madrilen izandako bilera horren ostean, Aizek jakinarazi zuen lanak 2017ko erdialdean hasteko asmoa duela Espainiako Gobernuak, eta tunel zulagailuak erabiltzeko asmoa dutela. Azkarragoa da sistema hori, baina baita askoz garestiagoa ere.

Izan ere, AHTaren sustatzaileentzat, berebiziko garrantzia dute Bergarako lotuneko bost zatiek, Euskal Y-aren elkargunea osatzen duten heinean. Han lotzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adarrak.

Kobate zatiak (Arrasate eta Bergara artean), 133,3 milioi euroko aurrekontua zuen, eta 68,1 milioian eman zioten Comsa eta Cycasak osatutako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteari. Zumalegi zatiak (Arrasate-Bergara) 114,3 milioiko aurrekontua zuen, eta 56 milioian eman zioten Accionari. Angiozar zatiak (Arrasate-Bergara) 158,5 milioiko aurrekontua zuen, eta 78,7 milioian eman zioten Corsan-Corviam enpresa elkarteari. Elorrio-Bergara zatiak 83,7 milioiko aurrekontua zuen, eta 44,2 milioian eman zioten Corsan-Corviami. Eta, azkenik, Elorrio-Elorrio zatiak 68 milioiko aurrekontua zuen, eta 41,1 milioian eman zioten Sando-Rover Alcisa enpresa elkarteari.

Guztira, 558 milioi euroko aurrekontua zuen esku artean Adifek Bergarako lotuneko zati guztiak egiteko, baina 296 milioian eman zituen. %47,63ko deskontua onartu zuen, hortaz. Bi arrazoi egon litezke horretarako: Adifen aurrekontuak okerrak zirela, ala enpresek ausarkeriaz jokatu zutela prezioak gehiegi murriztuta, kontratu publikoak lotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna