Egutegirik ez estatus berrirako

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak hilabete egingo du bildu gabe, eta ez du datarik
Autogobernu lantaldearen azken bilera, otsailaren 21ean.
Autogobernu lantaldearen azken bilera, otsailaren 21ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko martxoak 16
Aste honetan ez, eta hurrengoan ere ez. Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen hurrengo bilerak oraindik ez du datarik. EAEko estatus politikoa berritzeko ardura duen batzordea joan den otsailaren 21ean bildu zen azkenekoz, eta ordutik ez da berriro batzartu. Azken bileran ez zuten beste eperik adostu, baina taldeek bi astean behin biltzeko «komenentzia» aipatu zuten. Alabaina, ez dute hitzemandakoa bete. Eusko Legebiltzarreko aste honetako agendan ez dago lantaldearen bilerarik deituta, eta datorren astekoan ere ez. Eperik gabe, lantaldearen lanak are gehiago luzatuko dira.

Legebiltzarreko taldeek otsailaren hasieran aurkeztu zituzten euren proposamenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoa berritzeko, eta zain daude oraindik, Jone Berriozabal lantaldeko presidenteak (EAJ) proposamenen laburpena noiz amaituko. Ez zuten zehaztu horretarako epe mugarik. Berriozabalek ez du oraindik amaitu bere lana, EAJko iturriek BERRIari jakinarazi diotenez. Presidenteak eskuartean duen lana «oso nekeza» dela diote, eta denbora beharko duela proposamenen laburpena egiteko. Izan ere, lantaldearen azken aurreko bileran, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk mahai gainean jarri zituzten estatutu berri baten oinarriak adosteko ekarpenak, eta orain horien guztien ondorioen txostena egitea dagokio Berriozabali.

Nolanahi ere, prozesu guztia are gehiago moteldu dezaketen hainbat erabaki hartu zituzten taldeek. Batetik, herritarrei aukera eman nahi diete estatutu berriaren gainean iritzia emateko, eta legebiltzarraren webguneko Adi plataformaren bitartez egin nahi dute hori. Lantaldeko presidenteak plataforma horri buruzko azterlan bat eskatu die legebiltzarreko zerbitzuei, sistema horren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko. Txosten hori jaso zain dago oraindik.

Horrekin batera, Berriozabal Eusko Ikaskuntzaren lan proposamena itxaroten ari da. Izan ere, estatus politiko berriaren testu artikulatuaren idazkera Eusko Ikaskuntzari eskatzea aztertu zuten lantaldearen azken bileran, eta erakunde horri proposamen bat eskatzekotan geratu ziren. Hortaz, ez da espero lantaldea berriro biltzerik, lantaldeko presidenteak bi txosten horiek eskuartean izan arte. Ordurako, Berriozabalek prest izango luke taldeen ekarpenen laburpena ere. Hori noiz izango den, baina, ez dago jakiterik. Lantaldeko burua ere ez da ausartzen data zehatzik jartzera, EAJko iturriek diotenez.

Ia dena airean

Horiek horrela, autogobernu lantaldea epeak estututa ari da berriro lanean. Kontuan hartu behar da legealdia amaitu aurretik testu egituratu bat adostea duela helburu; hau da, akordio bat izatea estatus politikoari buruz. Lantaldeak helburu hori jarri zuen 2017ko martxoan, sortzearekin bat. Baina erlojuaren aurka ari da lanean hasieratik.

Gaur egun, epe guztiak airean daude. Azken urratsa baino ez dute zehaztuta: testu artikulatua egiteko agintzen denetik zortzi hilabeteko epea ezarri dute. Ordea, ikusteko dago legealdia amaitu aurretik estatus berrirako proposamenik egongo ote den —ez da erraza izango, ikusitakoak ikusita—. Taldeek aurkeztutako proposamenen arabera, badaude aukerak oinarri batzuetan ados hartzeko, bereziki EAJren eta EH Bilduren artean. Besteak beste, biek ala biek jaso dute euren proposamenetan nola eraman erabakitzeko eskubidea praktikara legedia errespetatuz.

PSEk, berriz, estatutuaren erreforma «ordenamendu juridikoa errespetatuta» egin behar dela esan du. Elkarrekin Podemosek uste du bereizi egin behar direla erabakitzeko eskubidearen eta hura gauzatzearen inguruko eztabaidak, eta PPk esan du ez dagoela «baldintzarik» estatus politikoa aldatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna