Presoen auzia «estatuaren agendan» nahi du Sarek

PSOEk eta Podemosek eratu nahi duten gobernua osatzen laguntzeko elkarrizketetan ari diren euskal alderdiei gaia aintzat hartzeko eskatu die

Sarek atzo egindako agerraldia. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Gure ardura da, gizarte zibilarena eta gorte nagusietan gure ordezkari politiko direnena, gorrotoaren, sufrimenduaren eta mendekuaren atea erabat ixtea edo, gutxienez, apur bat ixtea», adierazi zuten atzo goizean Donostian Sare Herritarrak deituta batu ziren hamaika gizon eta emakumek, eta euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika «ankerra» bazterrean uzteko eskatu zuten. Horiek horrela, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PSN, Elkarrekin Podemos, Geroa Bai eta Ezker Batuari mintzatu zitzaizkien, bereziki; Hego Euskal Herriko erakundeetan espetxe politika aldatzearen aldeko aldarrikapenak behin baino gehiagotan babestu dituztela gogoratu zieten, eta «testigantzazko» mezu horietatik harago egin behar dutela orain. «Orain da garaia». Madrilen erabakigarriak izan daitezke talde horietako zenbait PSOEk eta Unidas Podemosek eratu nahi duten gobernu berria osatzen laguntze aldera, eta, ingurumari horretan, espetxe politikari leku «nabarmena» egiteko eskatuzieten. «Gai hau estatuaren agendan sartu behar da». Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek irakurri zuten agerraldirako ondutako agiria.

Gogorarazi zuten ETAren jarduna amaituta egonik ez duela zentzurik espetxe politikak lehengoan jarraitzeak. Euskal Herriaz harago, «errepresio gogorrak» Kataluniari ere eragiten diola esan zuten, eta «erabateko elkartasuna» azaldu zieten hango ordezkari politiko eta sozialei. Gogora ekarri zuten urtarrilaren 11n Baionan eta Bilbon manifestazioak egingo direla presoen eskubideen alde, eta hara joatera deitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.