Ezkutuko indarkeria, salatzen zailagoa

Sexu eraso gutxiago salatu dira udan Hegoaldean. Poliziak jaiak ez egitearekin lotu du jaitsiera hori, baina Emagin elkarteak ohartarazi du datuen atzean ezkutuko indarkeria bat dagoela: uste du gertukoek eginiko erasoei erreparatu behar zaiela.

Donostiako Piraten gunea egun batez itxi zuten iazko aste nagusian, egun bakarrean festa eremuan hainbat eraso izan zirela salatzeko. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren kolpea agerian gelditu ohi da udan, herrietako jaiekin batera, azken urteetan garai eta egoera horietan pilatu baitira sexu erasoen salaketa ugari. Aurtengo udan, ordea, behera egin dute salaketek Hego Euskal Herrian, iazko datuekin alderatuta. Hala eta guztiz ere, eragileak kezkatuta daude oraindik. Ohartarazi dute datuen atzean beste errealitate bat ere egon daitekeela, ezkutuan mantentzen den eta, sarritan, salatzen zailagoa dena: gertukoek eginiko erasoak. Areago, ohartarazi dute geroz eta eraso gehiago salatzen direla kolektibo sozialen barruan.

Sexu eraso gutxiago izan dira aurtengo udan: ia erdira jaitsi dira. Ertzaintzaren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 24 salaketa jaso zituzten uztailean eta abuztuan, eta, iaz, 48. Nafarroako Foruzaingoak adierazi du ekainetik irailera hamahiru salaketa izan direla aurten, eta iaz hogei izan zirela. Polizien arabera, beherakada horietan eragina izan dute COVID-19aren izurria baretzeko neurriek, eta, batez ere, herrietan eta hirietan jaiak bertan behera utzi izanak. Idoia Arraiza Emagineko kideak, ordea, kezka adierazi du: «Ertzaintzaren datuak ez naute asko lasaitzen; kasu horiek jaitsi badira, ongi dago, baina egon litezke beste asko oraindik salatu ez direnak».

Festetako edo parranda giroko sexu erasoak alkoholaren eta drogen kontsumoarekin lotu ohi direla ekarri du gogora Arraizak, baina erantsi du planteamendu hori arriskutsua izan daitekeela: «Kontuz ibili behar dugu uste horrekin; egia da substantzia batzuen kontsumoak erraztu egin dezakeela erasoak egitea, baina ez dira inondik inora eraso horien arrazoia». Haren iritziz, gai horiek kontsumitu aurretik ere gizonek barneratuak dituzte uste matxistak eta botere harremanak, eta, kontsumoaren bidez, jarrera horiek «errazago» adierazten dituzte. «Substantzia horiek errazten dute barneratuta dagoen matxismoa ateratzea».

Horrez gain, arriskutsua iruditzen zaio soilik salaketen datuetan oinarritutako interpretazioak egitea. Izan ere, salaketa kopurua jaitsi arren, zailagoa da indarkeria matxista gutxitu den jakitea, kasu askok ezkutuan dirautelako. «Askotan errepikatzen dugu eraso gehienak ez direla kale ilun batean gertatzen, gutxitan egiten dituztela ezezagunek edo arazo psikologikoak dituztenek; alderantziz, ezagunek, gertukoek egiten dituzte gehienetan». Arraizaren arabera, sexu erasoez harago, bortxaren beste alderdi batzuk ere gogoan hartu behar dira, pandemian zehar areagotu direla iritzita; bortizkeria psikologikoa, adibidez. «Zehaztu behar da zein indarkeria motaz ari garen, ezin baita orokortu; sexu erasoak jaitsi dira, eta badirudi indarkeria ere jaitsi dela, baina ez da horrela».

Gertuko harremanei so

Bortizkeria matxistaren ertz guztiak izan ditu gogoan Arraizak. Batetik, uste du sarri ontzat jotzen direla zenbait jarrera: «Emakume batek argi eduki dezake kolpe edo bortxaketa bat indarkeria dela, baina asko kostatzen zaigu egunerokoan mikromatxismoak identifikatzea». Bestetik, gehitu du indarkeria hori gertuko gizon batek egina bada, are zailagoa dela identifikatzea, onartzea eta salatzea, ez baita erraza maite den pertsona batek min egin dezakeela ulertzea. «Hain su txikian errotzen diren harremanek indarkeria oso handia izan dezakete une jakin batean, nahiz eta emakumeak zailtasunak izan hori ikusteko». Arraizak nabarmendu du konfiantzazko harremanetan arreta txikiago jartzen dela erasoetan, baina justu hori dela indarkeria jasateko arrisku handiagoaduen eremua.

Bortizkeria ohikoagoa izaten da bikote edo bikote ohien artekoharremanetan, lagun artean baino. Dena dela, bi kasuetan jasan daitezke mikromatxismoak eta sexu erasoak, Emagineko kidearen arabera. Hala ere, uste du emakumeen artean gero eta kontzientzia handiagoa dagoela: «Zenbait jarrera ikusteko kontzientzia handiagoa da orain, baita mugak jartzekoa ere; gainera, geroz eta babes sozial handiagoa dago halako jarrerei aurre egiteko». Aitortu du, dena den, oraindik bidea falta dela egiteko, «benetan ahalduntzeko» eta ingurukoei adierazteko jarrera batekiko arbuioa.

Hala, aurrerantzean fokua aldatu beharraz mintzatu da Arraiza. Berretsi du azken urteotan «lan handia» egin dela jaietako indarkeriak ikusarazten eta salatzen, eta horren ondorioz, egun ia herri eta jai batzorde gehienek dutela erasooi aurre egiteko protokolo bat. Areago, Emagin elkartea bera ibilia da Euskal Herriko festetan informazioa eskaintzen eta indarkeria sexistarik gabeko guneak jartzen. Lan horren ostean, arreta gertuko erasoetara bideratzearen alde egin du.

Hain zuzen, kolektibo sozialetako erasoei erreparatu die. Jakinarazi du gero eta sexu eraso gehiago salatzen direla gizarte mugimenduetan, eta kezkak ere ugariak direla. «Eraso bat kolektibo baten barnean gertatzen denean, zailagoa da jakitea nola kudeatu, baina hor jarri behar da fokua: ezagunek ere egin dezakete eraso, eta hor ere estrategiak, tresnak eta salaketak egin behar dira. Badugu lana, beraz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.