Albistea entzun

Errepublikarako bidea abiatu nahi du Australiako lehen ministroak

Anthony Albanese, Australiako lehen ministroa, artxiboko argazki batean, Bangkoken.
Anthony Albanese, Australiako lehen ministroa, artxiboko argazki batean, Bangkoken. MICK TSIKAS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Josep Solano -

2023ko martxoak 18 - Tokio

«Zin egiten dugu leial izango gatzaizkiola beste herrialde bateko erreginari, eta 2022an gaude», idatzi zuen Twitterren Lidia Thorpek, Australiako senatari aborigen ekologistak. Abuztu hasieran, ezagun egin zen mundu osoan, Erresuma Batuko Elizabeth II.a erreginari «kolonizatzaile» izatea leporatu baitzion goi ganberan, karguaren zina egiteko formulan. Gertakari horrek nazioartera eraman du berriz eztabaida: ea Australiak monarkia edo errepublika izan behar duen. Nolanahi ere, egungo lehen ministro Anthony Albanesek plan zuhur baina zehatz bat proposatu du horren harira.

Gaur egun, Australia monarkia konstituzional parlamentario bat da, eta Erresuma Batuko monarka dauka herrialdeko estatuburutzat; hortaz, australiarrek ez dute presidentea edo lehen ministroa aukeratzeko bozkatzen: parlamentuan ordezkari gehien duen alderdiak izendatzen du lehen ministroa, eta erregeak edo erreginak izendatzen du gobernadore nagusia —monarkiaren ordezkaria—, lehen ministroak aholkatuta. Baina badirudi sistema horren azkena hurbil dagoela.

Iaz boterera eraman zuen hauteskunde kanpainan, Albanesek hitzeman zuen bere lehen agintaldian ez zuela erreferendumik antolatuko australiarrei galdetzeko ea errepublika izan nahi duten edo ez, baina esan zuen 2025erako planteatuko zuela, berriz hautatua izanez gero. Australiako errepublikaren inguruko azken erreferenduma 1999an egin zen, eta, orduan, herritarrek uko egin zioten ideia horri: aurrerantzean ere Commonwealthen barneko monarkia konstituzional bat izatearen alde egin zuten gehienek. Orain, Elizabeth II.a hil ondoren eta Charles III.a tronuan dela, plebiszituaren kontra zeudenak ere prest agertu dira galdeketa egiteko.

Nahiz eta jakina den errepublikanoa dela, Albanesek hauteskunde kanpainatik bertatik oso argi utzi du indigenen aitorpena lehenetsiko duela konstituzioan aldaketak egiteko orduan; hain zuzen, laster erreferendum bat egingo da horren inguruan. Baina horrek ez du esan nahi ez duela lanik egingo bere planak betetzeko: errepublikarako ministrordearen saila sortu du bere kabinetean, eta Matt Thistlethwaite Sydneyko diputatu laborista izendatu du postu horretarako: 1999ko kontsultan errepublikaren aldeko aktibismoa egiteagatik nabarmendu da Thistlethwaite.

Kanagawako Unibertsitateko irakasle eta Australiako politikaren aditu Hiroya Sugitak azaldu duenez, gobernuak ez du asmorik luze gabe errepublikaren aldeko pausorik emateko, eta, baieztatu duenez, Torres itsasarteko uharteetako herriak eta hango herri aborigenak konstituzioan aitortzeko konpromisoa hartu du Albanesek, 2017an aborigenek Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpenean jasotakoari jarraituz. «Susmoa dut Albanese eta haren gobernua edozer gauza egiten saiatuko direla beste gai polemiko batek ez dezan arazorik sortu, eta errepublikaren auzia gai polemikoa da», azaldu du Sugitak.

Beste errepublika olde bat

Sugitak ziurtatu du Thistlethwaite izendatu izana «estetikoa» baino ez dela, baina ez du dudarik: «Errepublikanoen mugimenduarekin eta interesa duten beste batzuekin landuko du zer egin daitekeen, ezkutuan bada ere, bigarren aldian arrakasta lortzeko». Australiako politikan aditua den irakasle japoniarraren ustez, faktore bat erabakigarria izan liteke: «Demografia aldatu egin da, eta atzerrian jaio eta anglo-zelta ez diren herritar gehiago daude».

Otsailean iragarritakoa izan zen seinalerik argienetako bat: errege-erregina britainiarren irudiak kenduko dituzte herrialdeko billeteetatik, eta, haien ordez, kultura autoktonoa ohoratuko duten motiboak jarriko dituzte. «Hori ezinezkoa izango zen Elizabeth II.a hil baino lehen», azaldu du akademikoak. Ziurtatu duenez, hura hil izanak «benetan erraztu die errepublikanoei gaiaz hitz egitea». Bestetik, Commonwealth bera, Britainiar Inperioaren parte izandako herrialdeen komunitatea, ez litzateke inola ere arazo izango: «Ez dut ikusi Australian inork egin duenik Commonwealth uztearen alde: herrialde asko dira aldi berean errepublika eta Commonwealtheko kide».

Baina Australia ez da errepublika bihurtzea planteatzen ari den herrialde bakarra. Azken hilabeteetan, Commonwealtheko hainbat herrialdek adierazi dute asmoen artean dutela nola edo hala Erresuma Batuko monarkiaren tutoretzari uko egitea. Horren erakusgarri izan ziren Erresuma Batuko William printzeak eta Kate Middleton emazteak egindako biraren harira sortutako protestak: erregea oraindik estatuburu den Karibeko zenbait herrialdetan izan ziren, eta protesta eta ika-mika ugari sortu ziren horren harira; are, bira horretako lehen egonaldia bertan behera utzi behar izan zuten, Belizeko herritarren protestak zirela kausa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indigenen Gaietarako ministro ohi eta aborigen Ken Wyatt, haren izendapenean, Canberran (Australia). ©Lukas Coch / EFE

Aborigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Maddi Iztueta Olano

Galdeketan baiezkoak irabazten badu, Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa izeneko batzordeak ordezkatuko ditu indigenak parlamentuan.

Kenyako bi artzain, hildako auntzen gorpuei begira, artxiboko argazki batean. / ©Dael Irungu, EFE

Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Arantxa Elizegi Egilegor - Oskar Epelde Juldain

Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioak %400 egin du gora 2021eko urtarriletik, eta 22,7 milioi lagunentzat ezinezkoa da hura erostea. Somalian, iaz, 43.000 pertsona hil ziren lehortearen ondorioz.

 ©BERRIA

«Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

O. E. J.

Ekintzailearen esanetan, diru falta da erakundeen arazo nagusia, horrek ezinezko egiten baitu luzerako planak bultzatzea.
Israelek hildako hiru palestinarren hileta, Jeninen, Zisjordanian. Artxiboko irudia. ©Alaa Badarneh / EFE

Israelek palestinar bat hil du tiroz Zisjordanian

Julen Otaegi Leonet

 Urtea hasi zenetik 87 palestinar hil dira Israelgo Armadaren erasoen ondorioz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...