Urrutira begira

Eibarrera iristen diren jokalari berri ia guztiei gertatzen zaien bezala, Edu Exposito taldearen jokora moldatzeko lanean ari da. Badu gaitasunik hobetzeko, eta bide onean da.

Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Joan zen Joan Jordan Sevillara, eta iritsi zen Edu Exposito (Cubella, Herrialde Katalanak, 1996) Eibarrera. Antzeko postuan jokatzen dute biek, eta, horregatik, Eibarreko zaleek Exposito hartu dute joandakoaren berezko ordezkotzat. Baina jokalari ezberdinak dira.

Antzeko zerbait badute, hala ere, eta hauxe da: denbora behar izan zuen Jordanek Jose Luis Mendilibarren jokatzeko moldera egokitzeko, eta denbora behar du Expositok ere. Jordani bezala, Expositori ere ikusten zaio hartuko diola tankera Eibarren estiloari, eta ari da erakusten aurrerapausoak ematen dabilela.

Celtari aurreko igandean gola sartu zionez, Expositoren izena gehiago dabil zalearen ezpainetan. Eta nola gola sartzeak puztu egiten duen jokalari baten lana eta kanpotik begiratuta dagoenak eskaintzen dizkion loreak, ematen du euren begietara ikusten ari direla Exposito onena, baina oraindik ez da horrela. Jokalari ona izateko aukera asko dauzkala agerikoa da, baina badu bidea horraino heltzeko.

Mendilibarrek euskarrian eta gorago jarri izan du, eta ikusi zaio norbait behar duela alboan. Euskarri edo euskarriaren aurretik, beste taldekide batekin moldatzen da ondoen. Sortzailea da, jokoa sortzen duena, eta horretan da oso trebea, gainera: aparteko gaitasuna du jokoa ikusteko, futbola ulertzeko. Baloia jaso aurretik badaki nori, nora eta nola pasatu behar dion, eta, hori dena aurrez ikusteko trebezia duenez, azkar jokatzen du, baloiari ukitu bakarra emanez askotan.

Horregatik, paseak ematen oso iaioa da, eta jokoari abiadura eta zentzu ona emateko erabat baliagarria. Teknikoki trebea da, eta eskuina, baina ezkerra ere ondo erabiltzen du kontroletan eta pase motzetan, ezkerrez luze jotzea gehiago kostatzen zaion arren. Hori dena kontuan izanda, azkar etortzen da burura Expositoren irudia zelaian lekua ondo hartuz, egoki jarrita, toki zehatzean, eta baloia trebetasunez mugituz. Bada posiziozko jokalari bat, lekua ondo hartzen duena, baina Mendilibarrek beste zerbait ere eskatzen dio: iristeko gora, aurkariaren area zapaltzeko, puskatzeko kontrarioaren lerroak. Eta horretan ari da kataluniar gaztea, ikasteko gogo handiarekin, eta entrenamenduetan asko hitz eginez entrenatzaileekin eta jokalariekin, ikasteko galdetuz.

Bere buruan, fede gutxitxo

Jarrera on horrekin ez da gaizki joango, eta barneratuko ditu Mendilibarrek eskatzen dizkion gauzak, erasoko horiek. Baita defentsakoak ere, horretan ere bietatik baitu: berezko gaitasunak egoera batzuetarako, baina Eibarren moldeak eskatzen dituen beste batzuetarako egokitzeko zailtasunak.

Jakina da zer nahi duen Mendilibarrek: aurkariaren zelaian jokatzea. Horretarako, besteak beste, jokalariek azkar joan behar dute baloia berreskuratzera, galdu eta berehala jabe egiteko. Segundo pare bateko saialdi hori ematea asko kostatzen ari zaio Expositori, ez baitago horretara ohituta. Trebea da aurkariaren atzetik joan eta baloia kentzen, oso abila, baina Eibarreko jokalariek ahal dela, kontrarioak buelta hartu aurretik lapurtu behar diote baloia.

Ematen du kosta egiten zaiola haren dohainetan sinestea, lapurra bai baita, baina aurrera ateratzeko gaitasuna falta, fisikoki haren burua ahultzat ikusiko balu bezala. Horretan da ezberdina, adibidez, Jordanekin. Hark bazuen gaitasuna aurkariari aurrea hartu, baloia kendu eta aurrera eramateko, kontrarioaren lerroak hausteko bost metroan baloia eramanda. Expositori puskatzea falta zaio, bai erasoan, baita defentsan ere. Baina jarriko da, egokituko da, taldeko girora egin duen bezala. Eta hori lagungarri izango zaio zelaian moldatu behar duen horretara moldatzeko. Puskatu, hautsi, apurtu... Aditzaren adiera bat hartuta, botako ditu gainditu beharreko guztiak, eta etorkizun oparoa izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.