Mamua uxatu nahi du

Baskoniak urtebete pasatxo darama Real Madrili irabazi gabe: zazpi partida jokatu dituzte, eta guztiak galdu ditu Gasteizko taldeak. Gaur, bolada txar hori eten beharko du etxean, Euroligako final-laurdenetarako sailkapena asko zailtzea nahi ez badu.

Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euroligako final-laurdenetarako sailkatzeko lehian, partida oso garrantzitsua jokatuko du gaur Kirolbet Baskoniak, Buesa Arenan, Real Madrilen aurka (20:30, Movistar Deportes). Oso garrantzitsua, hiru jardunaldi bakarrik falta baitira liga erregularra amaitzeko, eta oso estu baitago sailkapena. Olympiakos, Baskonia, Armani Milan eta Panathinaikos ari dira nor baino nor gehiago final-laurdenak jokatzeko aukera ematen duten azkeneko hiru lekuen bila. Lau talde horietako bat esku hutsik geratuko da azkenean.

Baskoniak ez du saririk gabe geratu nahi; horretarako, ezin du huts egin azken txanpa erabakigarrian. Erronka zaila du, sailkapenean gainetik dituen hiru talderen aurka jokatuko baitu: gaur, Real Madril hartuko du; astebete barru, Anadolu Efes; eta, apirilaren 4an, CSKA Moskuri egingo dio bisita. Ikusteko dago hiru neurketa horietatik zenbat irabazi beharko dituen zortzi onenen artean toki bat lortzeko. Aurkarien emaitzen mende egongo da hori. Horregatik, pausoz pauso, partidaz partida joan nahi du Velimir Perasovicek entrenatutako taldeak.

105-75 gogoangarri hura

Eta benetan zaila da gaurkoa, Real Madrilekin neurtuko baititu indarrak, Euroligako egungo txapeldunarekin. Pablo Laso gasteiztarrak zuzendutakoek neurria hartua diote Baskoniari azkeneko norgehiagoketan. Datu batek laburbiltzen du ondoen Baskoniaren ezina: urtebete pasatxo darama Real Madrili irabazi gabe, 2017ko azaroaren 14an Buesa Arenan jokatutako Euroligako partidan astindu galanta eman zionetik: 30 punturen aldeaz irabazi zion egun horretan, 105-75.

Urruti geratu da gau gogoangarri hura. Ordutik, ez dago oroitzapen onik. Izan ere, zazpi aldiz jokatu dute bi taldeek elkarren aurka, eta guztietan nagusitu da Real Madril: 69-81, 2018ko urtarrilaren 3an, ACB ligan; 75-73, urtarrilaren 17an, Euroligan; 101-89, maiatzaren 3an, ACB ligan; 80-73, irailaren 22an, Espainiako Superkopako finalean; 97-79, urriaren 19an, Euroligan; 74-91, abenduaren 30ean, ACB ligan; eta 82-76, 2019ko otsailaren 10ean, ACB ligan. Zazpi garaipen horietatik lau etxean lortu ditu Lasoren taldeak; bi, Buesa Arenan; eta bat, Santiagon. Batez beste hamar puntutik gora nagusitu da.

Baskonian oso argi dute gaur bete-betean aritu ezean ia ezinezko izango dutela bolada txar hori etetea. Are gehiago, badakite bete-betean jokatuta ere oso zail izango dutela irabaztea. Llull, Campazzo, Randolph, Tavares...: talde puska dauka Real Madrilek. Gainera, sasoi onean da: irabazi egin ditu azken sei partidak; hiru Euroligan eta hiru ACB ligan. Euroligan, aspaldi egin zituen etxeko lanak, eta, egun, bigarren izateko lehian ari da CSKA Moskurekin. 21 garaipen dituzte biek, Baskoniak baino zazpi gehiago.

Gasteiztarrek ezin dira berriro lo kantxaratu. Herenegun gai izan ziren emaitzari buelta eman eta garaipena lortzeko borrokatzeko, 23 puntuz galduz joan ondoren. Baina zaila da halakorik gertatzea Real Madrilen aurka. «Ezin dugu gorabeherarik izan; Real Madril gai da bolada on bat harrapatu eta min handia egiteko», esan zuen atzo Perasovicek. Pentsatzekoa da gaur etxean jokatuta adi hasiko direla. Zaleek hasieratik egingo diete bultza. Erronkaren zailtasuna eta dituzten hutsuneak aintzat hartuta, taldeak inoiz baino gehiago behar du haien hatsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.