Irabazteak eman behar die konfiantza

Realeko hockey taldea goitik behera aldatu da, eta jokalari berri asko ditu sasoi honetan. Asteburuan irabazi zuen ligako lehen partida Terrasaren aurka, eta Nereba Belzunegi jokalariak uste du taldearen bilakaera egokitzapenaren parte dela.

Mikel O. Iribar.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Joan den denboraldian sabaia jo zuen Realeko belar hockeyko taldeak:Europako Txapeldunen Kopako txapeldunorde bihurtu zen Jorge Perezen taldea. Txuri-urdinekahaztuko ez duten sasoia izan zen. Ez iazkoa bakarrik, baita aurrekoa ere. Izan ere, ezustean liga irabazi zuten.

Aurten, ordea, gauzak oso bestelakoak dira txuri-urdinentzat. Denboraldi askotan taldeko zutarri izan zirenzortzi jokalarik hockeya utzi zuten udan, eta beste behin harrobiaren alde egin beharrean egon dira. Jokalari dezente igo dituzte bigarren taldetik, multzoa erabat gaztetuz. Lauzpabost jokalarik, esaterako, 17 urte baino ez dituzte.

Horrenbestez, taldea egokitzapen aldi batean dago, eta Nereba Belzunegi (Donostia, 1994) jokalariak onartu du denboraldi hasiera ez dela erraza izan. Hamar sasoi daramatza taldean, eta Maider Altunarekin batera beteranoetako bat da. Orain berak du eskarmentua taldean, eta hala aztertu du egoera:«Ziklo aldaketa batean gaude. Antzeman egiten da joan den sasoitik hona zortzi jokalari joan izana, nahitaez. Izan ere, ez ziren nolanahiko jokalariak. Urte asko zeramatzaten gurekin, eta etxekoak ziren. Gainera, aurkariak asko indartu dira».

Halako aldaketak izaten direnean, emaitza onak lortzeak lagundu egiten du egokitzapenean. Baina aurreko asteburura arte emaitzak ere ez zituzten aldetxuri-urdinek. Izan ere, bi puntu baino ez zituzten sailkapenean, Sardinero azken sailkatuak bezala. Jokatutako sei partidetan bi berdinketa bainoez zituzten lortuak. Beste lau partidak galdu egin zituzten «Halako egoera batean, normala denez, zalantzak agertzen hasten dira. Are gehiago gurea bezalako talde gazte batean». Horrek, ezinbestean, jokoan zuen eragina, Adibide argigarria jarri du Belzunegik: «Reala beti izan da defentsan sendo ibili den talde bat. Aurten, ordea, ez gabiltza batere fin arlo horretan. Gol asko sartu dizkigute». Orain arte jokatutako zazpi partidetan hamazazpi gol jaso dituzte.

Baina Belzunegik uste du Terrasaren aurka asteburuan lortutako garaipenak gauzak alda ditzakeela. 5-3 nagusitu ziren, eta Belzunegik goletako bat sartu zuen. «Konfiantza eta lasaitasuna eman behar digu sasoiko lehen partida irabazi izanak, eta egiten ari garen lanean sinesten lagundu». «Balio handia» ematen diogaraipenari: «Gol asko sartu genituen, eta orain arte arlo horretan kostata aritu gara. Gainera, taldea bete-betean sartu zen partidara, eta, hura erabakita uzteko aukera izan zuenean, ez zuen huts egin. Hori oso garrantzitsua da guretzat».

Normaltzat hartu du orain arteko bilakaera: «Ulertzen dugu jokalari gazteak egoera berrira egokitzeko denbora behar dutela, eta haiengan uste osoa dugu. Badakigu ez dela aurreko urteko talde bera. Lanak eta konstantetasunak emango dizkigute fruituakhemendik aurrera. Hori argi dugu denek».

Belzunegi ere esperientzia horretatik pasatutakoa da. Lehen taldera heldu zenean, ordea, goiko postuetan zeuden: «Urte hartan partida gehienak irabazi genituen, eta horrek beti errazten ditu gauzak». Urtez urte bilakaera ona izan duela dio Realeko jokalariak. «Taldearen bilakaeraren erritmoan joan naiz haziz, eta jokalari gisa hobetzen». Hamar urte hauetan oso garai onak bizi izan ditu, eta aurreko denboraldi gogoangarria jarri du adibide gisa.

Eskarmentu horrek esaten zion emaitzak iritsiko zirela aurten ere. «Partida gehienetan ondo sentitu gara, eta ni horrekin geratzen naiz. Oraindik ez dugu ikusi taldearen errendimendurik onena zelaian, eta Jorge Perezek esaten digu geure buruarengan sinisteko eta konfiantza izateko. Horrek asko laguntzen digu».

Orain arteko bidetik segitzeko erronka dute, eta ez du baztertu Espainiako Koparako sailkatzea eta ezustea ematea. Poloren aurkako norgehiagokan erabakiko da dena. «Aurkari indartsuen kontra beti jokatu izan ditugu neurketa onak». Duela bi urte irabazitako liga ekarri du gogora. «Inor gutxik espero zuen liga irabaziko genuela. Are gehiago denboraldiaren zati handi bat beheko postuetan eman genuela kontuan hartuta. Baina gugan sinetsi, etabegira gero zer pasatu zen». Uste du Realak beti lortu dituela emaitza hobeak behetik gora egin duenean. «Faborito izatearen fokutik kanpo lasaiago egiten da lan, presiorik gabe. Beti moldatu izan gara hobeto horrela gertatu denean; erosoago sentitu izan gara guztiak».

Lorpenak jaso du saria

Itzalpean egindako lan horren saria jaso dute tituluak irabazi dituztenean. Baina beste aitortza batzuk jasotzeko txanda ere egokitu zaie. Izan ere, futboleko Realeko taldearekin batera, Urrezko Danborra jasoko dute datorren urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez.

Duela astebete eman zuen sariaren berri Donostiako Udalak. Aurreko urtean Europako txapeldunorde izan zirela saritu nahi izan du horrekin, eta lorpen horrek hiriaren izena zabaltzeko balio izan duela. Donostiarra izanda, ilusio handia egiten dio Urrezko Danborraren garaikurra jasotzea. «Seguru gaude egun oso berezia izango dela. Irrikaz gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.