Euskal Herriko Itzulia

«Oso berezia izan zen»

Hondarribian amaituko da gaur etapa. Iban Mayok han irabazi zituen bi saio eta Itzulia, 2003an. Oroitzapen «ederra» du. Etxean eta etxeko taldearekin lortu izanari eman dio garrantzia.

Txirrindularitzarekin zuen harremana berreskuratzen ari da Iban Mayo. Argazkian, Goiurian, Durangon. IBAN MAYO.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte joan dira jada, baina ezin du saihestu: Hondarribia (Gipuzkoa) entzun, eta aurpegia alaitzen zaio Iban Mayori (Igorre, Bizkaia, 1977). «Herri horrek leku oso berezia du nire kirol ibilbidean», dio ziklista ohiak. Han amaituko da gaur Itzuliko laugarren etapa, eta «seguru» dago orduko «oroitzapen ederrak» etorriko zaizkiola burura.

Ez da gutxiagorako, sekulakoa egin baitzuen 2003ko ekitaldian: sailkapen nagusia eta hiru etapa irabazi zituen; lehena, eta azken eguneko biak: goizean, Donezteben (Nafarroa) hasi eta Hondarribian amaitu zen 91 kilometroko lehen sektorea, eta arratsaldean, Hondarribiko inguruetan jokatu zen bigarrena, hamahiru kilometroko erlojupekoa. Azken horretan eginiko lan ikusgarriari esker nagusitu zen Euskaltel-Euskadiko ziklista ohia. Tyler Hamilton estatubatuarra (CSC) eta Samuel Sanchez taldekide espainiarra geratu ziren haren atzetik.

«Berezia» hitza darabil etengabe: «Hasi aurretik jada Itzuli oso berezia zen: batetik, lehen aldiz ariko nintzen; bestetik, urte horretan zen amaitzekoa taldearen eta Euskaltelen arteko hitzarmena, eta ahal genuen lanik onena egin nahi genuen akordioa luza zedin, eta, azkenik, Tourrera joateko gonbita zegoen jokoan».

«Asko» zegoen jokoan, eta «gogotik» prestatu zuten proba, «arrakastatsua» izan zedin. Eta ezin hobeto atera zitzaien, hasi eta buka. Lehen egunean etapa irabazi zuen Mayok Legazpin (Gipuzkoa), eta lider jarri zen. Hurrengo egunean galdu egin zuen lehen postua, baina Euskaltelek lan bikaina egin zuen egunero, eta, horri esker, Igorrekoak Itzulia irabazi zuen azken egunean. «Ederra izan zen. Taldeak irabaziak zituen etapak Itzulian, baina inoiz ez sailkapen nagusia. Hori gutxi balitz bezala, Samu [Samuel Sanchez] hirugarren izan zen. «Taldeak egin zuen lan ikusgarriaren isla izan zen taldekako sailkapena irabaztea. Izugarria izan zen, eta oso berezia. Handia bada itzuli bat irabaztea, zer esanik ez etxeko proba, etxekoa izanda, etxeko taldearekin eta etxekoen aurrean. Ametsa betetzea izan zen. Garaipen horrek, gainera, sekulako bultzada eman zion taldeari eta ziklistoi. Mugarri izan zen». Mayo, Sanchez, David Etxebarria, Roberto Laiseka, Haimar Zubeldia, Alberto Martinez, Alberto Lopez de Muniain eta Iker Flores aritu ziren Euskaltelekin Itzuli horretan, Julian Gorosperen esanetara.

Epikoa: euria eta hotza

«Epikoa»: Halaxe definitu du azken eguna. «Euria eta hotza egin zuen, eta baldintza horiek epikoagoa egin zuten dena». Gainera,azken eguneko bi saioetako ibilbideak «oso bihurriak» ziren. «Goizeko etapa laburra zen, baina oso gorabeheratsua eta gogorra. Agiña eta Aritxulegi igo genituen hasi eta berehala, eta azkenaren jaitsieran lehen galbahea egin zen. Errepidea bustita, tropela zatitu egin zen, eta hautagai batzuk geratu ziren [Angel Vicioso zen lider, baina 30 ziklista zeuden denbora berean]. Erlaitz zen azken mendatea, eta erasoa jo nuen. Samu-k, Frigok eta Hamiltonek harrapatu egin ninduten, eta elkarrekin hasi ginen jaisten. Samu-k eta biok arriskatu egin genuen, Frigo eta Hamilton hobeak baitziren erlojupekoan. Frigo geratu egin zen, eta Samu, Hamilton eta hirurok aurrera egin genuen. Gero, erasoa jo, eta irabazi egin nuen etapa».

Mayok lider ekin zion azken erlojupekoari, baina haren denbora berarekin zeuden Sanchez eta Hamilton. Estatubatuarra zen aurkaririk arriskutsuena. Erlojupekoaren ibilbide bihurria eta euripean hobeto aritzea zuen esperantza. Itxaropen hori apaldu egin zen hasi eta gutxira: «Erdibidean, Guadalupen, lauzpabost segundo ateratzen zizkidan. Jaitsieran arriskatu beste aukerarik ez nuen. Egin nuen, eta ondo atera zitzaidan. Irabazi egin nuen, etapa eta Itzulia. Orduko irudiak ikusten ditudanean pentsatzen dut pixka bat arduragabea izan nintzela: bisera batekin irten nintzen, kaskoarekin joan beharrean! Baina arriskatu beharra zegoen, eta konfiantzaz lepo nengoen».

Eta, horrela, iragana gogoratuz iritsi da orainera. Ziklista zenean sortutako administrazio elektrikoen hornidura enpresan egiten du lan, eta, aitortu duenez, garai batean txirrindularitzatik «aparte» egon ostean, bizikletarekin eta haren inguruarekin harremana «berreskuratzen» ari da. «Gozatzen» ari da Euskaltelen maillot laranja berriz ere Itzulian ikusita. «Protagonista izango da, ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.