Karolina Sarasua

Kontzientzia du akuilu

Irain eta mehatxu sexistak salatu ondotik jaso duen babesa «eskertu» du Osasunako jokalariak, eta halako jarrerak dituztenen kontrako neurriak hartzera dei egin die agintariei: «Instalazioetan sartzea debekatu behar zaie».

OSASUNA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Ama batek idatzitako txio bat ikusi dut. Guri eskerrak eman besterik ezin duela egin idatzi du, gure ausardiarengatik. 10 urteko alaba bat duela, futbolean ari dena», Karolina Sarasua (Iruñea, 2004) Osasuna B-ko jokalariak Santanderreko (Espainia) Nueva Montaña taldearen aurkako partidan irain eta mehatxu sexistak jaso ondotik haiek publikoki salatzea erabaki zuenean, errealitate bat agerian jartzeko egin zuen, eta, bereziki, gaitz hori etorkizuneko jokalariek bizi behar ez izateko: «Futbolean aritzeko ilusioa duten 12-13 urtekoengan pentsatu dut, neuregan baino gehiago. Haiengatik egin nuen gehienbat».

Etorkizunari ez-ezik, ordea, gaurkotasunari erabat lotutako gaia da irain eta mehatxuena. Partida amaituta, Sarasuak eta haren taldekideek zerrendatu, eta sare sozialetan zabaldu zituzten larunbateko neurketan entzundakoak: «Aldagelan sartu eta bortxatu egingo zaitut; zure amak zupatu egiten dit; altxa elastikoa, eta erakutsi titiak eta ipurdia». Hori lagin bat besterik ez da.

Egoera horretan, Sarasuak «kito» esatea erabaki zuen. Lucia Fernandez epaileak berak animatu zuen horretara, hark ere jaso zituelako, eta aktan bildu zituen: «Espero dut partidetan, lehen iraina edo mehatxua entzun orduko, neurketa geratzea, egileak kanporatzea, eta kirol instalazioetan sartzen ez uztea, ez baitute merezi». Egoerari ikusgaitasuna emateko gakotzat jo du partida geratzea: «Partida ez bada geratzen, eta jazartzen segi dezaten uzten bada... Niretzat, geratu egin behar da, bota, eta berriz hasi. Eta ezin bada, beste egun batean jokatzeko prest ere egongo ginateke». Nueva Montañaren eta Osasunaren arteko partidan amaitu arte segitu zuten jokatzen, Sarasuak azaldu duenez, oihuak estadioaren kanpoaldetik egin zirelako. «Ulertzen dut epailea. Kasu honetan, astakeria horiek esan zituztenak kanpoan zeuden, eta ez dakit jokoa geratu ahalko zukeen».

Sarasuak eta haren taldekideek egindako salaketak oihartzun handia izan du. Asko izan dira beren babesa adierazi duten jokalariak, klubak eta norbanakoak. Beren jarrera zabaltzea ahalbidetu du horrek: «Hasieran, ez nuen uste jendeak hainbeste babestuko gintuenik. Esaterako, Alexia Putellasen moduko izar batek txio bat idaztea. Taldea eta ni oso eskertuta gaude egindako guztiarengatik». Bartzelonako jokalaria da Putellas, eta aurten Urrezko Baloia jasotzeko hautagai izendatu dute.

Sarasuak uste du babes hori laguntza dela higuinari aurre egiteko garaian: «Ikusita jendeak izan duen jarrera eta nolako babesa eman duen, oso eskertuta nago. Espero dut honekin gizartearen pentsamoldea apur bat aldatzea». Halaber, hitzetik ekintzetara igarotzea galdegin eta zigorrak eskatu ditu: «Ez diezaietela berriz sartzen utzi».

Ikerketa zabaldu dute

Espainiako Poliziak ikerketa zabaldu du gertakarien harira. Nueva Montaña taldeko presidente Mateo Sainzek aditzera eman duenez, berak zuzentzen duen klubak bideo bat jarriko du polizien esku, erasotzaileak identifikatzeko. Sainzek berak grabatu zuen bideoa, jazarleen atzetik korrika eginda.

Kantabriako Futbol Federazioko presidente Jose Angel Pelaezek, berriz, adierazi du espediente bat zabalduko duela, eta jakinarazi du «dagozkien autoritateen aurrean» salatuko duela. Bien bitartean, Osasunak «ikerketa oro» babestuko du. Sarasuak neurriak hartzea hobetsi du: «Bestela, berdin segituko dute. Gaztetxoek pentsatuko dute 'Ze ona, goazen iseka egitera'. Eta gauzak ez dira horrela». Egoera «gogorra baino gehiago, tristea» izan zela azpimarratu du Sarasuak, eta jazarleen adinarekin lotu du hori: «Mende honetan halako pentsamoldea duten 16-17 urteko jendea egotea, horren matxista... Tristea da, eta pena ematen didate». Lekukoen arabera, erasotzaileak adingabeak dira.

Halako jarrerak eten daitezen hitza hartu du Sarasuak. Hark eta haren taldekideek gehiago bizi behar ez dezaten, baina, batez ere, atzetik datozenak gaitz horretatik libratu daitezen. Hori izan da salatzeko izan duten akuilu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.