Izarren zain daude

Gaurtik hilaren 20ra bitartean jokatuko dira Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak. Kirolariak segurtasun eta osasun neurri oso zorrotzen pean lehiatuko dira. Lau euskal herritar ariko dira.

Eskiatzaile bat, eski alpinoko jaitsieran entrenatzen, atzo, Yanqingen. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE.
Unai Ugartemendia.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Koronabirusaren pandemiagatik, ezohikoak izan ziren 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoak. Pekingo 2022ko Neguko Olinpiar Jokoak, berriz, ez dira garaiz iritsi lehengora itzultzeko. Hasteko, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) urtarril amaieran iragarri zuenez, pandemiaren aurkako prebentzio neurrien baldintzak betetzen dituzten «ikusle izendatuak» baino ez dituzte izango Pekingo Neguko Olinpiar Jokoek. NOBk ez zuen xehetasun gehiagorik eman ikusle horiei buruz, baina zehaztu zuen Jokoek «langileen eta ikusleen osasuna eta segurtasuna babestea» zuela helburu.

[YouTube]https://youtu.be/FRnfLkHCoMk[/YouTube]

Baina arazoak ez ziren hor bukatu. Zenbait herrialdek, AEBek, Erresuma Batuak, Australiak eta Indiak, besteak beste, ez dute ordezkaritza diplomatikorik bidaliko, Txinak aldiro giza eskubideak «urratzen» dituela argudiatuta. Arazoak arazo, gaurtik hilaren 20ra jokatuko dira.

Pekindik iparraldera daude Yanqing eta Zhangjiakou hiriak — 90 kilometrora bata eta 220ra bestea—, eta han jokatuko dira proba gehienak. Jokoetako beste ezaugarri aipagarria elur artifiziala izango da. Hala ere, hiriburuak ere izango du bere eremua. Izotza eta pabiloiak behar dituzten kirolak egingo dira bertan.

Gaur hasiko diren Jokoak COVID-19aren aurkako prebentzio neurri zorrotzekin jokatuko dira: kirolariak, kazetariak eta kanpotik etorritako langileak burbuila batean egongo dira, tokiko herritarrengandik bereizita. Olinpiar burbuilak 11.000 pertsona inguru hartuko ditu, eta tartean, Jokoetan parte hartuko duten kirolariak eta langileak elkartuko dira. Kirolari gehienak iritsi dira jada. Guztira, 2.900 inguru izango dira. Pekin izango da Neguko eta Udako Jokoak hartuko dituen lehenbiziko hiria, 2008an, udakoak jokatu baitziren bertan. Halaber, Asian jarraian egingo den hirugarren olinpiar ekitaldia da: aurreko Neguko Jokoak Hego Korean jokatu zituzten, Pyeongchangen, eta iaz udakoak egin zituzten Japonian, Tokion.

Distira handiko kirolariak

Olinpiar Joko gehienetan gertatzen den antzera, Pekingoek ere badituzte euren izarrak. Mikaela Shiffrin eskiatzaile estatubatuarra da bat. Sotxin, urrea irabazi zuen eslalomean, eta Pyeongchangen, urrea eslalom erraldoian eta zilarra konbinatuan.

Yuzuru Hanyu patinatzaile japoniarrak, berriz, erronka handiagoa du: hirugarrenez jarraian irabazi nahi du banakakoa. Inork ez du egin halakorik. Hanyuk lor dezake, irabaz daitezkeen guztia irabazi baitu. Lugean, berriz, Natalie Geisenberger alemaniarra nabarmenduko da. Hura da inoizko onena diziplina horretan: urrezko lau domina eta brontzezko bat eskuratu ditu Olinpiar Jokoetan. 33 urterekin, azken erronkari helduko dio Pekinen.

Iraupen eskian, berriz, Charlotte Kalla suediarrak egin dezake inork baino distira handiagoa. Diziplina askotara egokitzen da: estilo libreko 10 kilometrokora, 15 kilometroko eskiatloira edo 4x5 kilometroko txandakakora, esaterako. Bederatzi domina irabazi ditu azken hiru Jokoetan, eta horietatik hiru urrezkoak izan dira. Azken Jokoak izan ditzake, eta handien moduan esan nahi du agur.

Haiekin guztiekin batera, lau euskal herritar ariko dira: eski alpinoan, Adur Etxezarreta aresoarra; iraupen eskian, Imanol Rojo tolosarra, eta Manex Salsamendi, Brasilen jaio eta aspaldi Izaban (Nafarroa) bizi dena; eta snowboard krosean, Lucas Egibar donostiarra. Hark du aukera handiena domina bat irabazteko. Iaz, munduko txapeldun izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.