Ertzak tolesteko garaia dute

Realak Vila-realen zelaian estreinatuko du Asier Garitanok zuzendutako proiektua; Merino eta Theo debuta egiteko pronto dira. Aperribai: «Athleticen deia jaso zuen Oiartzabalek»
Asier Garitano Mikel Oiartzabali eta Willian Joseri aginduak ematen, entrenamendu batean.
Asier Garitano Mikel Oiartzabali eta Willian Joseri aginduak ematen, entrenamendu batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko abuztuak 18
Denboraldi-aurreko prestaketak amaituta, lehenbiziko origami ariketari ekin beharko dio Asier Garitano Realeko entrenatzaileak. Bergararrak gaur egingo du debuta txuri-urdinen aulkian, Vila-realen (Castello, Herrialde Katalanak). Han hasiko dute donostiarrek berrikuntzaz jositako sasoia; proiektu berri bati heldu diote, eta denboraldi-aurrean paperean idatzitakoaren ertzak tolestu eta hura praktikara eraman beharko dute gaurtik aurrera.

Garitanok sentsazio onekin hasiko du denboraldia: «Gustura nago azken sei asteetan egin dugunarekin. Guztiok egoten gara urduri, aurkariak nola egongo ote diren, baina uste dut ondo iritsiko garela». Gaineratu du saiatu direla lesioak saihesten, eta lortu dutela hein handi batean. Alabaina, deialditik kanpo utzi ditu Moya, Navas eta Januzaj, min hartuta daudelako; azken entrenamenduan lesionatu zen atzelari espainiarra. Halaber, Garitanok zerrendatik at utzi ditu Agirretxe eta De la Bella. Baita Gorosabel eta Merquelanz ere, lehen taldera igotako harrobiko jokalariak. Aldiz, Realera iritsi berri diren Mikel Merino eta Theo Hernandez deialdian sartu ditu, eta hasieratik aritzeko aukera handia dute.

Joko sistema partida bakoitzera egokitzeko asmoa agertu du entrenatzaile txuri-urdinak, eta Vila-realen aurkakoa ere horrela planteatzeko asmoa agertu du: «Neurketa bakoitzak ez du zerikusirik aurrekoarekin, eta gauza ezberdinak egin behar dira emaitza ona lortzeko. Badakit nola jokatutako dugun, zer egingo dugun eta noraino iritsiko garen. Ideia argia izango da».

Gaurko aurkariaren nondik norakoak ere aztertu ditu Garitanok, eta azpimarratu du «talde gogorra» dela. Haren esanetan, urtez urte jokalari asko aldatzen dituen arren, «ondo finkatutako ideia» mantentzen du Castellongo taldeak. Aurten ere fitxaketa sorta egin du, zortzi guztira, eta aurrerapauso bat emateko asmoa du. Besteak beste, Gerard Morenok, Ekambik eta Cazorlak egin dute Vila-realerako bidea, Carlos Baccarekin batera. Atzo egin zuten ofizial aurrelari kolonbiarraren fitxaketa. Iaz bosgarren amaitu zuen Vila-realek, eta hastear duen sasoian ere Europarako sailkatzea du xede.

Alabaina, zenbait irteerari ere aurre egin behar izan dio talde horiak. Besteak beste, Castillejo Milanera joan da, eta Rodri Atletico Madrilera itzuli da. Cheryshevek, berriz, utzita jokatuko du Valentzian. Talde osatu berriaren ezaugarriak kontuan hartuta, hegaletako jokoa utzi eta erditik jokatzeko aukera egin dezake Javi Calleja entrenatzaileak.

Anoeta eraberritzea izango da hastear den sasoiko beste berrikuntza nagusia. Estadioko lanak ikuskatzen izan zen atzo Jokin Aperribai Realeko presidentea, Eneko Goia Donostiako alkateak, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur eta Kirol diputatuak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak lagunduta. Aperribairen esanetan, lanak ondo doaz: «Irailaren 15ean estreinatuko dugu zelaia, baina lanek beste urtebete iraungo dute».

Anoetaz ez ezik, Mikel Oiartzabalen inguruan ere aritu zen presidentea. Haren esanetan, Athleticek «dei bat» egin zion jokalariari: «Zehatzak ez diren eskaintzez ari garenean, Athleticen jokatu nahi duen galdetzeaz ari gara». Alabaina, Aperribaik azaldu du Oiartzabalen gertukoekin bildu orduko haiek Realean jarraitzeko asmoa adierazi ziotela: «Iragan ostiralean, haren familiarekin hitz egitean, hasieratik esan genien ez genuela diruaz hitz egingo geratzen zen ala ez esan arte, eta erantzun ziguten ez zutela zalantzarik Realean jarraituko zuela, nahiz eta kontratua ez aldatu».

VILA-REAL - REALA

Vila-real. Asenjo, Costa, Victor Ruiz, Alvaro, Mario, Caseres, Fornals, Trigueros, Layun, Moreno eta Ekambi.

Reala. Rulli, Zaldua, Moreno, Llorente, Theo, Illarramendi, Merino, Zubeldia, Zurutuza, Oiartzabal eta William Jose. Epailea. Melero Lopez.

Epailea. Zeramika est. (23.500 ik.).

Ordua. 20:15 (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna