Mediterraneotik dator pilota hotsa

Bartzelonako hamabi pilotari ari dira parte hartzen aurtengo Emakume Master Cup Txapelketan. Multzoa duela bost urte hasi zen jokatzen, Nafarren Etxeko pilotalekuan, eta han antolatu zuten emakumezkoen lehen eskuzko txapelketa.

Bartzelonako Manista BCN klubeko pilotariak. Miriam Ballesta aurrenekoa da eskuinetik, zutik daudenen lerroan. M.B.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo Emakume Master Cup Txapelketan 110 pilotarik jantziko dute gerrikoa. Eta horietako batzuek kilometro asko egin beharko dituzte kanporaketak jokatzeko, hamabi Bartzelonakoak baitira, Manista BCN klubekoak. Kopuru oso handia da, kontuan hartuta guztira Nafarroako zortzi pilotarik eta Arabako bakarrak parte hartuko dutela, adibidez. Euskal Herriko udalerriei erreparatuta, berriz, Oñati da beste hainbeste partaide dituen bakarra. «Emakume Master Cup gure urteko helburua da; hara joan eta maila onean aritzeko entrenatzen eta lehiatzen gara». Miriam Ballestarena da esaldia (Bartzelona, 1974), Bartzelonako andrazko pilotari multzoan hasieratik ari diren kideetako batena.

Multzoa, pilotariak, entrenatu... Ondo erabilitako hitzak dira, Bartzelonakoa ez baita salbuespen exotiko bat, multzo sendoa baizik. «Duela bost urte hasi ginen lehenbizikoak. Gure seme-alabak Bartzelonako Nafarren Etxeko pilotalekura eramaten genituen ama multzo bat elkartu ginen [Ballestaren 14 urteko alaba Marionak ere jokatzen du], eta pentsatu genuen: 'Zergatik ez gara gu hasten?'». Eta bost urte geroago, hor jarraitzen dute. Hasieran, hiru pilotari eta Domingo Arribas entrenatzailea elkartu baziren, Ruben Arribas Manista BCN taldeko dinamizatzailearen aita; egun, hamazazpi dira. Astero entrenatzen dira, ostiral arratsaldeetan Nafarren etxean, hiruzpalau orduz, eta, bi astez behin, larunbat goizez, Kataluniako Pilota federazioak uzten dien pilotaleku batean.

Adin askotako pilotariak dituzte: 10 urtetik hasi, eta 50etik gorakoak ere bai. Hasierakoek, gainera, ez zeukaten loturarik Euskal Herriarekin. «Ruben Arribasek lan handia egin du Hortan, gure auzoan, pilota zabaltzen. Eskoletara joaten da, eta ume askok pilota proba dezaten lortu du, eta hortik elikatzen da kluba. Eta gu, gurasook, umeen eskutik sartu gara. Pilota kirol ederra da, gizonek zein emakumeek jokatu dezaketena, eta klubak jarrai dezan lan egiten saiatzen gara». Gerora, baina, Bartzelonan bizi diren Euskal Herritarrak ere hara bilduz joan dira. «Bai, Bilboko jendea dugu, Getarikoa... Etorri egiten dira, probatu, gustatu egiten zaie, eta gelditu egiten dira. Hori bai, asko harritzen nau guztiak hemen hasi izanak pilotan; Euskal Herrian ez zuten jokatzen».

Jokatu, eta lehiatu, Bartzelonan txapelketak baitituzte. Berez, haiek izan ziren aitzindariak. «2015ean, emakumezkoen esku-huskako txapelketa antolatu genuen. Pentsa, bi urte falta ziren Master Cup sortzeko. Burutik jota geundela esaten ziguten. 'Nor etorriko da?', esaten ziguten. Bada, 60 emakume elkartu ginen. Hemen izan ziren Patri Espinar, Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre... Guk ez genituen ezagutzen! Bultzada izan zen». Egun, Kataluniako buruz buruko eta binakako txapelketak jokatzen dituzte. Azken horretan, sei bikote ari dira, denak euren klubekoak, eta hor dute hutsunea, Kataluniako beste taldeetan ez baitago emakumerik. Pena du Ballestak: «Beti gure artean arituta, zaila da hobetzea».

Urtero Larrabetzura

Katalunian ez duten aniztasuna Euskal Herrian aurkitu zuten pilotariek. Larrabetzuko Emakume Pilotarien I. Topaketetan eman zuten pausoa —aurten bosgarrenak antolatuko dituzte—. «Ez genekien onak edo txarrak ginen, eta hantxe joan ginen furgonetan. Eta irabazi egin genuen. Erikak eta nire alabak irabazi zuten. Baina eginiko harremanak izan ziren onena. Orain urtero joaten gara; ezin dugu kale egin».

Euskal Herrirako bueltak ohiko bihurtu dira. «Iaz bost aldiz joan nintzen jokatzeko. Gehienak, alabarekin: Master Cupen, Zizurko torneoan... Ahalegin handia da, zentzu askotan, baina gustura egiten dugu».Bartzelonako emakumeak, izan ere, bakarrik eskuz aritzen dira, palarekin tartekatu gabe —modalitate zabalduagoa da hori—. Jokatzeko, pilota mistoak, tokedunak eta bigunak erabiltzen dituzte. Iragan asteburuan biguna erabili zuten, eta oraingo honetan ere bai, Master Cupeko Promozio Mailako lehen kanporaketak jokatzen ari baitira etxean. Sei bikote dira, eta lehen biak Euskal Herrira etorriko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.