Falta zaion bakarra da

Palmares ederra du Lucas Egibar snowboarderrak (Donostia, 1994): urrezko domina bat eta zilarrezko bi irabazi ditu munduko txapelketetan, behin nagusitu da Munduko Kopako sailkapen nagusian, eta lautan igo da koska gorenera lehiaketa horretako probatan, besteak beste. Ez da harritzekoa haren kirol lorpenez galdetuz gero «oso harro» dagoela esatea.
Baina berehala ateratzen zaio barru-barrutik desio bat: «Gustatuko litzaidake Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea. Ez dago horretan pentsatzen ez dudan egun bakar bat ere. Baina saiatzen naiz horrekin ez itsutzen, ez erotzeko. Argi dut bidea: egunero barruan dudan guztia ematea. Egin beharrekoa eginez gero, domina bat irabazteko lehian egongo naiz».
Hirugarren aukera balekoa izan dadila nahi du. Hirugarrenez ariko baita Neguko Olinpiar Jokoetan, Pekinen; aurreko bi ekitaldietan aritu zen. Duela zortzi urte, Sotxin (Errusia), ziztu bizian zihoan finalerantz, baina erori egin zen finalerdietan, eta zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Ez zuen asebete estreinakoan olinpiar diploma lortu izanak: «Zein azkar nihoan ikusita, agian, domina bat irabaz nezakeen». Askoz zapore garratzagoa utzi zion duela lau urteko Pyeonchangeko ekitaldiak (Hego Korea): erori egin zen orduan ere, baina hasi eta gutxira, final-zortzirenetan: «Ez nuke esango Jokoetako arantza sartua dudanik. Oso zailak dira, lasterketa bakarra da lau urtean behin. Zortea izan beharra dago egun horretan bete-betean egoteko. Litekeenagoa da egun ona ez izatea, egun ona izatea baino».
Bihar da Egibarren eguna. Euskal Herrian goizeko laurak pasatxo direnean ekingo dio lehiari snowboarcrossean. Hau da donostiarraren bide orria: lehen jaitsiera, 04:15ean; bigarrena, 05:10ean; final-zortzirenak, 07:00etan; final-laurdenak, 07:37an; finalerdia, 07:58an; final txikia, 08:15ean; eta final nagusia, hura bukatutakoan. Pausoz pauso egin beharreko bidea da, eta oso tentuz ere bai, larrutik ordaintzen baitira hutsak.
Entrenatzailerik gabe
Egunik seinalatuenean egunik onena izan nahi du. Atzean utzi beharko ditu denboraldi honetan pasatutako komeriak. Bizkarreko mina izan du buruhauste; behin baino gehiagotan infiltratu behar izan du lehiatzeko. Horregatik, balio handia dute Munduko Kopan lortutako emaitza batzuek: hirugarren izan zen abenduan, Cervinian (Italia), eta bosgarren duela bi aste eskas, Cortina d'Ampezzon (Italia): «Emaitza horiek konfiantza eman didate». Horrek lagunduko dio zorigaiztoko azken orduko bati aurre egiten ere: haren entrenatzaile Mario Fuchs suitzarrak etxean geratu behar izan du, koronabirusean positibo eman ondoren: «Faena handia da. Nola edo hala moldatuko gara». Beharko du, Egibarrek azaldu duenez, zirkuitua ez baita egokitzen bere dohainetara: «Ezker hanka aurretik eramaten dutenei mesede egiten die, eta nik eskuina eramaten dut aurrean. Kexatu gara abantaila horretaz, baina ez digute aintzat hartu».
Aurkarien artean, bi nabarmentzen dira: Martin Noerl alemaniarra eta Alessandro Haemmerle suitzarra. Noerlek Munduko Kopako azken hiru probak irabazi ditu, eta Haemmerlek, lehen biak; urrea lortu zuen Sotxin ere. Hori du amets Egibarrek. «Sinatuko nukeen brontzezko domina irabaztea? Ez dut uste».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.