Lorpen handi bat, zapore garratza

Athleticek Espainiako Superkopa irabazi du hirugarrenez, eta Kopako bi final jokatu ditu aurten. Hala ere, finalak galtzeko erak eta taldearen jokoak sentipen eskasa utzi diete zaleei. Aitor Elizegi ez da aurkeztuko hurrengo hauteskundeetara.

Athleticeko jokalariak, Bartzelonaren aurka irabazitako Espainiako Superkopa ospatzen. PABLO GOMEZ / EFE.
haritz gallastegi
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Athleticen urtea gorabeheratsua izan da. Ezin da beste era batean azaldu. Talde zuri-gorriak hiru final jokatu ditu, eta Espainiako Superkopa irabazi.Baina, taldearen bueltan, txarrak pisu handiagoa izan du onak baino. 2021a urte arraroa izan da oso.

MARCELINO GARITANOREN ORDEZ

Athletic urte guztian izan da albiste iturri. Zuri-gorriek ondo hasi zuten urtea: Elx hartu zuten mendean San Mamesen. Baina garaipena ez zen nahikoa izan Gaizka Garitanok karguari eusteko. Bere lantaldearekin aldagelan bilduta zegoela, zuzendaritzaren deia jaso zuen, eta jakinarazi zioten ez zuela taldea entrenatzen jarraituko. Bi urteko lorpenak ez ziren nahikoa izan Athleticen segitzeko. Garitanok taldea zuloan zegoela hartu zuen, eta, egoera gaitza iraultzeko kapaz izateaz gain, Europako borrokan sartu zuen bi urtez jarraian. Horrez gainera, Espainiako Kopako finalerako sailkatu zuen. Finala atzeratu zutenez, ez zuen taldea zuzentzeko aukerarik izan.

Derioztarraren lekua betetzeko, Marcelino Garcia aukeratu zuen Ibaiganek. Goi mailako teknikaria, izen handikoa. Jarraitzaileen artean ilusioa sortzeaz gain, taldea joko eta emaitza aldetik hobetzeko apustua izan zen. Athletic lehiakorra da, baina oraingoz ez du espero zen urratsa egin. Marcelinok inguruaren babes handia izan du, baina, emaitzarik eskuratu ezean, amaitu egingo zaio sinesgarritasuna.

HIRUGARREN SUPERKOPA

Futbolean gauza harrigarriak gerta daitezke, logikatik kanpo daudenak. Bada, Athleticek irabazitako hirugarren Superkopak harrigarritik asko dauka. Entrenatzailea aldatu berritan, Real Madril eta Bartzelona mendean hartu, eta garaikurra altxatzeko gai izan zen talde zuri-gorria. Unerik zailenean, onena ateratzeko kapaz izan zen. Finalerdian, Malagan, Karim Benzemaren Real Madril hartu zuen mendean (2-1). Eta finalean, Sevillan, Leo Messiren Bartzelona menderatu zuen luzapenean, bi aldiz galtzen joan ostean. Ba al dago erronka zailagorik Espainiako Ligan? Pandemia zela medio garaipena jarraitzaileekin partekatzeko aukerarik ez izatea gogorra izan zen, baina gutxienez Orsay taldeak lehen kontzertua jo zuen klubaren espedizioa osatu zuten lagunen aurrean. Txapel bat Villalibreren eta enparauen musikarekin ospatzea da jarraitzaile zuri-gorri askoren ametsa.

ESKAS KOPAKO BI FINALETAN

Cartujara egindako lehen bisita ezin hobea izan zen, baina Athletici beste bi partida geratzen zitzaizkion Sevillan: Espainiako Kopako bi finalak. Realaren kontra atzeratutakoa, eta Bartzelonaren aurkakoa. Apirilera arteko bidea ez zen espero bezain aberatsa izan. Superkopako goraldia pasatuta, Athleticek gorabehera askorekin jarraitu zuen. Ez zen kapaz izan emaitza onak kateatu eta Europako trena hartzeko. Kopako bi finalen atarian egoteak taldea bidetik atera zezakeela pentsatzea normala izan zitekeen. Ia lau hamarkadako lehortea amaitzeko bi aukera izatea ez da inoiz gertatu, eta nekez gertatuko da berriro. Bietako bat irabaztea nahikoa zen zama handi bat gainetik kentzeko. Baina ez zen posible izan. Ardurak gaina hartu zien jokalariei. Hankak pisutsu eta buruko argitasunik gabe jokatu zituzten bi finalak. Realaren aurka, ez zuen aurrera egiteko gaitasunik izan gola sartu zietenean. Bartzelonaren kontra, berriz, taldea ez zen lehiatu. Messik eta enparauek hanka bakarrarekin irabazi zuten. Porrotek adinako mina eman zuen galtzeko erak.

BELAUNALDI ALDAKETA

Kopako kolpeen ostean, denboraldiko azken partidak belaunaldi aldaketa azkartu eta etorkizunera begira jartzeko baliatu zituen Marcelinok: besteak beste Sanceti, Morcillori, Vencedorri eta Villalibreri minutu asko eman zizkien. Horrek eragina izan zuen emaitzetan, baina, Europarako sailkatzea ezinezkoa zenez, ontzat eman zuen inguruak. Behin uda pasatuta, eta sasoi berri bat hasieratik prestatzeko aukera izanda, bestelakoak dira kontuak. Gazteen aldeko apustuarekin jarraitzeaz gain, emaitzak eskatzen zaizkio taldeari. Ziklo berri bat hasi dela, begi bistakoa da, aipatutako gazteei, Nico Williams, Serrano, Zarraga eta Vivianen ekarpena gehitu behar baita. Joko maila ere ona da. Defentsan sendoa da, eta erasoan hobetu egin du. Baina taldeak zelaian egiten duena ez da islatzen sailkapenean. Ligaren lehen erdia jokatuta, Europa bost puntura dauka, eta gauzak oso ondo egin beharko ditu sasoiaren bigarren erdian sailkapeneko lehen sei postuetara gerturatzeko.

ELIZEGIK AMORE EMAN DU

Kirol arloan urte zaila izan da, eta bulegoetan, zer esanik ez. Aitor Elizegi buru duen zuzendaritzari pilatu egin zaizkio lanak. Hauteskundeak ehun boto baino gutxiagogatik eta ezustean irabazteak eragina izan du agintaldian. Horrez gain, inork espero ez zuen pandemia bati egin behar izan diote aurre, eta kluba kudeatzeko arazo handiak izan dituzte: bazkide konpromisarioen batzarrean ia beti bota dituzte atzera haiek aurkeztutako lehen proposamenak. Horrez gainera, zuzendaritzako kide batzuen adierazpenek, Fernando Llorente auziak eta beste kontu batzuek ere ez dute lagundu ingurua lasai edukitzeko orduan. Gaur egungo egoeran aurrera egitea ezinezkoa zenez, Elizegik aurreratu du ez dela aurkeztuko datorren urteko udan egingo diren hauteskundeetara. Hori bai,estatutuak aldatzen ahaleginduko da joan aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.