Virgilioren eskolan ibilitakoak

Literaturari buruzko gogoeta egiteko baliatu dute sarituek Euskadi Sariak banatzeko ekitaldia

Bilboko Kafe Antzokian egin zuten 2014ko Euskadi Sariak banatzeko ekitaldia, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Imitazioaren eta sorkuntzaren arteko oreka zailean irudikatu zuen Bernardo Atxagak idazlearen langintza atzo. Fabula bat kontatzeko baliatu zuen Bilboko Kafe Antzokian eginiko 2014ko Euskadi Sarien banaketa ekitaldia. Erdiz memoria liburu ere baden Nevadako egunak lanagatik jaso zuen saria, eta eskola garaiko pasadizo baten bidez garatu zuen bere gogoeta. «Bazen literatura irakasle bat latina ere erakusten ziguna, eta gizon horrentzat idaztea zen latindarrek imitatio esaten zutena. Oso modu hertsian ulertzen zuen berak hori. Diktatu egiten zigun erredakzio osoa». Puntuak eta komak ere non jarri esaten zien literatura irakasleak, baina Atxagak sorkuntza nahiago, eta bere kasa aritzen zen ezarritako gai haiei buruz. 9ak eta 10ak jasotzen zituzten irakasleak esana betetzen zutenek, eta 5etik ez zen sekula pasatzen bera. Behin ekaitzari buruz idazteko eskatu zien irakasleak, ordea, eta Virgiliori hartu zizkion orduan hitzak Atxagak. Eneida-ko ekaitzari buruzko pasarte luze bat kopiatu zion idazleak hitzez hitz irakasleari, eta orduan sorpresa. «Ohi bezala, den-denei jarri zien 9 edo 10, eta Virgiliori eta bioi 6!». Eta orduan anekdotatik idazletzari buruzko gogoetarako jauzia. «Idazleak nahi du bere ahotsa atera, eta anbizio hori behar du, baina aldi berean badago eredu bat. Ez da lehena idazten. Idazle bizitza lehia horretan joaten da, alde batera eredua, bestean autoritatea eta bestean ahotsa». Ez zen Atxaga izan, ordea, zeremonian saritutako bakarra, eta ezta zeremonia literaturaz gogoeta egiteko baliatu zuen bakarra ere.

Liburuak mugitzen zituzten hari ekonomikoak izan zituen gogoan Joseba Gabilondok. Ramon Saizarbitoriaren literatura oinarri duen New York-Martutene saiakeragatik zen bera sari banaketan egotekoa, baina AEBetatik Bilbora etortzea ezinezko zuenez, Jon Kortazarrek irakurri zituen haren hitzak ekitaldian. Eredu moraltzat aurkeztu zuen Saizarbitoria Gabilondok, eta azaldu zuen zergatik. «Nire liburua irakurri eta gero Martutene eleberriaren gaztelerazko itzulpena Euskal Herrian ateratzea erabaki zuelako, Madrilen edo Bartzelonan ateratzeari uko eginez; Prisarena bezalako konglomeratu neoliberal baten babesik gabe, eta, beraz, kontzienteki erabaki zuelako Alfaguarización gisa ezagun den fenomenoan parte ez hartzea». Gabilondoren ustez, beste askok segitu behar liokete eredu horri. Euskadi Sariak kritikatzeko ere baliatu zuen aukera literatur kritikariak. Hiru proposamen zehatz egin zizkion Eusko Jaurlaritzari: saritutako idazleak lehenago abisatzea, lanen hautaketa lehenago abiatzea eta Euskal Herriari buruz ingelesez idatzitako lanentzako sari bat sortzea.

«Hauek dira gure sari nazionalak». Lautan azpimarratu zuten ideia hori ekitaldian Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutitza irakurri zuen Cristina Uriarte Kultura sailburuak. Orain aste batzuk hil zen Ramiro Pinilla idazlea ere izan zuten gogoan ekitaldian.

Texo eta Ibaizabal batzea

«Bat-batean familiako bazkarietan handien mahaira deitzen zaituztenean bezala sentitu naiz». Esaldi horrekin laburbildu zuen Maite Gurrutxagak Literatura Lanaren Ilustrazioa Saria jaso zuenean sentitutakoa. Dejabu panpina laborategiaren Gizona ez da txoria lana izan du oinarri Gurrutxagak Habiak lana sortzeko, eta eskertu egin zuen horregatik haien ekarpena. Paretsu aritu zenIñigo Roque itzultzailea ere. Antonio Lobo Antunes idazlearen Gauzen ordena naturala lana itzultzeagatik jaso du berak Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Saria, eta jatorrizko testuaren idazlea ere izan zuen gogoan horregatik. Azaldu zuenez, bi ibairen emariak uztartzen saiatzearen modukoa izan da bere ahalegina itzulpenean. «Dohain pixka bat izanez gero azalduko nuke nola egin dudan Texoren emariaren zati ezin txikiago bat Ibaizabalera isurtzeko, biak elkarren ibaiadar bihurturik».

Orkestra lurtarra lanagatik jaso zuen Haur eta Gazte Literatura Saria Harkaitz Cano idazleak, baina Leire Cano arrebak bildu zuen Agustin Ibarrolaren ikurra haren ordez. Idoia Estornes Zubizarretak Cómo pudo pasarnos esto lanagatik jaso zuen Gaztelaniazko Literatura Euskadi Saria, eta Espaciosa y triste. Ensayos sobre España lanagatik jasotako Gaztelerazko Saiakera Saria biltzen izan zen Jon Juaristi idazlea ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.