«Berezia izan zen»

Lau urte bete ziren atzo Real Madrilek ligako partida Ipuruan aurrenekoz jokatu zuenetik; 0-4 irabazi zuen. Partida osoa jokatu zuen Jon Errastik. Alcorconen ari da orain jokalari eibartarra.

Jon Errasti, Cristiano Ronaldorekin lehian, 2014ko azaroaren 22an Ipuruan jokatutako partidan. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Egun arrunta ez zen izan eibartarrentzat 2014ko azaroaren 22a. Bazen ezohiko zerbait. Kaleko solasaldietan ez zen beste konturik, eta denen ahotan ibiliko zen bazetorrela Real Madril Ipuruan jokatzera. Lehen denboraldia zuen Eibarrek Espainiako Lehen Mailan, eta txapelketaren aurreneko zatia zen. Egutegiaren berri jakin zenean, egun seinalatutzat gorde zuten duela lau urteko Xexili eguna Eibarren.

Hamaika musikarik izan zuten doinu desiratua jotzeko aukera zelaian: jokalariek. Eibartar bat ere bazen Gaizka Garitanok atera zuen hamaikakoan: Jon Errasti (Eibar, Gipuzkoa, 1988). Alcorconen ari da egun euskarria, Bigarren Mailako liderra den taldean, eta, lau urte atzera eginda, ondo gogoan dauka Real Madrilen etorrerak herrian eragin zuen guztia: «Antzematen zen munduko talderik onena edo onenetakoa zetorrela, eta bazen zerbait berezia herriko bazter guztietan. Egunerokotasunetik atera zen herria Real Madrilen aurkako partida hura zela eta». Lehen aldia zen halako talde handi bat zihoala Eibarrera sasoi historiko hartan: «Egutegiak hala nahi izan zuen, eta, talde handienen artean, handiena izan zen aurrenekoa Eibarrera etortzen, horrek eragiten duen guztiarekin. Egin kontu zer eta zenbat mugitzen den Real Madrilen atzetik, eta hura dena iritsi zen gure herrira».

Etxekoen aldagelan ere bestetan ez bezalako giroa izan zutela kontatu du: «Aste osoa izan zen berezia guretzat ere. Lana beti bezala egin genuen, gogo handiarekin, baina beste aparteko zerbait bazen motibazio berezia eragiten ziguna». Partida noiz helduko, hala pasatu zuten astea jokalariek, eta iritsi zitzaien jokatzeko eguna: «Sekulako taldea zeukan orduan ere Real Madrilek. Cristiano Ronaldo, Kroos, Ramos, Carvajal eta James, besteak beste».

Motibazio apartekoa eta ilusio gaindiezina ez ziren nahikoa izan talde erraldoi hura menderatzeko, 0-4 galdu zuelako Eibarrek, baina emaitzak ez zuen ondo adierazi jokoan azaldutakoa, Errastiren arabera: «Partida ona egin genuen, eta golak sartzeko aukerak sortu genituen». Talde handien lege zitaletako bat ezarri zuen, baina, Real Madrilek: «Lau aldiz iritsiko ziren gure atera, eta lau aldietan gola sartu ziguten. Hori da talde handien aurka jokatzean gertatzen dena askotan. Zuk ez badituzu zure aukerak baliatzen, haiek aukera erdi batekin gola sartzen dizute».

Polemikak ere izan zuen presentzia Ipuruan egun hartan: «Real Madrilen pare bat gol zalantzazkoak izan ziren. Orduan VAR sistema egon izan balitz, emaitza ez litzateke 0-4 izango», esan du Errastik.

Eztabaidak eztabaida, emaitza hura izan zen, eta halaxe bukatu zen partida historiko hori. Errastik, ordea, oraindik bazuen beste partida txiki bat jokatzeko: Real Madrileko jokalariren baten elastikoa lortzea. «Familian baditugu Real Madrileko zale batzuk, eta eskaera bete egin behar nuen. Partida galdutakoan ez zait gustatzen aurkariei elastikoak eskatzen ibiltzea, itxura txarra ematen duelako, baina familiako kontua izanik... Carvajalena lortu nuen azkenean». Bigarren itzulian, Madrilen jokatu zen partidan, Sergio Ramosen elastikoarekin etxeratu zen Errasti.

Itxaropentsu dago biharko

Egun hartatik hona beste hiru aldiz jokatu du Real Madrilek Ipuruan, ligan, eta hiruretan hiru puntuen jabe egin da. Inoiz ez dio punturik kendu ahal izan etxeko taldeak kanpoko ahal guztidunari. Etorri behar du egunen batean Eibarren garaipen handi horrek, eta, biharkoari begira, itxaropena badu Errastik: «Ziur naiz taldeak partida ona egingo duela, eta ondo dakit Mendik [Jose Luis Mendilibar, entrenatzailea] estrategia ona prestatuko duela». Itxaropenaren indarrari errealismoaren pisua ere gehitu dio, ordea, eibartarrak: «Hain da zaila talde handi horien aurka irabaztea. Gutxirekin dena egiteko gai direnez...».

Errasti adi egongo da bihar eguerdian, Eibarrek zer egingo. Alcorconek etzi gauean du partida, Zaragozaren aurka, eta, bi lehiak aparte daudenez bata bestetik, telebistaren aurrean jartzeko moduan izango da. Bere zoritxarrerako, halaxe dabil haren taldearen partida gehienak ikusten ere, edo harmailan etxekoak: «Futbolaren alderdi txarrena ari naiz bizitzen. Lesioa izan nuen liga hastera gindoazela, eta denboraldi-aurreko lan guztia pikutara joan zitzaidan. Gero, entrenatzaileak Kopan eman zidan aukera, Lugon, baina belauna bihurritu nuen, eta hemen nabil, osatuta bai baina hamaikakoan lekua egin ezinda». Onartu du egoera: «Taldea hain ondo joanda, zaila da hamaikakoan sartzea».

Talde apala da Alcorcon, eta hor jarri da sailkapenaren buruan. Lehen Mailara igo zen Eibarren antzik duen ikusteko goiz dela dio: «Filosofia aldetik antzekoak dira biak, apalak eta familia girokoak. Igoko garen? Oraindik asko falta da ekaina iristeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.