Ezinbestekoa da jada

Takashi Inui ahantzarazten ari da Ibai Gomezek Alavesen zelai erdiko eskuin hegalean utzitako hutsunea. Partida guztiak jokatu ditu hasieratik, eta gol bana sartu du azken bietan.

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Takashi Inui (Omihachiman,Japonia, 1988) bere onera itzultzen ari da Alavesen; Eibarren hiru denboraldiz erakutsi zuen mailara, hain zuzen. Neguko merkatuan iritsi zen Gasteizera, Betisek utzita, han galdutako distira berreskuratzeko asmoz. Bada, eskuin hegaleko erdilaria segituan bihurtu zaio funtsezko Abelardo Fernandezi. Izan ere, Asia Kopatik itzuli ostean, neurketa guztiak jokatu ditu hasieratik. Levanteren kontra egin zuen debuta, 23. jardunaldian, eta geroztik hamaikakoan jarraitu du Betis, Celta, Vila-real eta Eibarren aurka. Eta onena da asteen joanean hazten ari dela: gol baliotsuak egin ditu azken bi lehietan, eta azken derbia osorik jokatu zuen, baita maila aparta erakutsi ere.

Betisen ez zuen tokia egiterik lortu: 739 minutu baino ez zituen jokatu denboraldi erdian. Bada, Alavesen 419 daramatza jada. Berehala egokitu da, eta, hori ikusirik, arabarrek lasaitu ederra hartu dute. Ibai Gomez galtzeak zelai erdiko eskuin hegala herren utziko zuen beldurrez ziren, baina Inuik mamu guztiak uxatu ditu. Lehen bost partidetan, abiadura, sakontasuna, barruko jokoa eta eraginkortasuna eman dizkio taldeari. Ez da Ibai bezain liderra, baina, bestelakoan, alderaketek ez dute leku txarrean ipintzen.

Betisen, Quique Setienek barrualdean kokatu zuen, eta japoniarra ez zen eroso sentitu bertan. Gusturago dago hegaletan, aurrez Eibarren eta orain Alavesen erakutsi bezala. Azkarra eta abila da, eta arrisku handia sortzen du hondoko marrara iritsi eta baloiak erdiratuta. Horren adierazgarri izan zen Eibarren kontrako partida: Jose Luis Mendilibarrek Joan Jordan kokatu zuen Inuiren hegalean, Jose Angel Cote-ri defentsako lanean lagun ziezaion, baina hori ez zen aski izan japoniarraren talentua itzaltzeko.

Eta, hegaleko jokoaz harago, Inuik baditu beste erregistro batzuk. Adibidez, barrura egiten du maiz hegaletatik abiatuta, lerro arteko jokoa bizitu eta sormen lanetan laguntzeko. Alde horretatik ere badu Ibairen antza, Jonyrekin duen konexioarekin gertatzen den bezala. Bilbotarrak gol ugari sartu zituen hegaleko espainiarrarekin batera, eta berdin ari da Inui. Izan ere, Alavesen sartutako bi golak Jonyrekin batera ehundutako kontraeraso bizien ostean iritsi dira. Horrez gain, maiz aldatzen da hegalez harekin, aurkariari ezinegona eragiteko. Elkarrekin jokatzen hasi eta berehala sortu dute lotura estua.

Fin dabil errematean

Inuik ez du sekula aparteko trebeziarik izan ate aurrean, baina berriki jokaldiak bukatzeko gaitasun harrigarria erakutsi du. Vila-realen kontra, harrapakari sena baliatu zuen garaipenaren gola egiteko, eta Eibarren aurka, goi mailako erremate batekin gainditu zuen Marko Dimitrovic: area txikian keinu egin, atezainari ziria sartu, eta gola sartu zuen. Alavesek eskertzen ditu bigarren lerroko jokalarien golak, baita defentsenak ere, aurrelariak antzu baitabiltza. Orain arte, Borja Bastonek eta Jonathan Callerik launa gol sartu dituzte soilik, eta lehorte luzea ari dira nozitzen: espainiarrak zortzi jardunaldi daramatza golik sartu gabe, eta argentinarrak, hamar.

John Guidettik, berriz, ez du baloi bakar bat ere sareratu, ezta neguko merkatuan iritsitako Diego Rolanek eta Alex Blancok ere. Ruben Sobrino ordezkatzeko fitxatu zituen Alavesek, baina oso zeresan gutxi eman dute; Rolanek 48 minutuz besterik ez du jokatu, eta Blancok, bederatzi baino ez. Beraz, Inui da ekarpen aipagarria egiten ari zaion fitxaketa bakarra. Bihar, berriro nabarmendu nahi du Huescan (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.