Berdintasunera, bide ezberdinetatik

Austriako bigarren lasterketa jokatuta, Max Verstappenek 32 puntu ateratzen zizkion Lewis Hamiltoni. Bi proba geroago, ordea, ingelesa da liderra. Txapelketaren erdia dute aurretik.

Max Verstappen eta Lewis Hamilton, denboraldi honetako lasterketa batean. JOSE SENA GOULAO / EFE.
Laurentzi Garmendia
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ferrarik duela bizpahiru urte Mercedes estu hartu zuenean ez beste, Lewis Hamiltonek Hungarian oporrak lasai hartu eta gozatzeko aukera izaten zuen. Aurten ere Hamilton da liderra, baina bai berak, bai Mercedesek badute kezkatzeko arrazoi franko. Max Verstappenek (Red Bull) azken bi lasterketetan zortea ez du alde izan, eta, ohiko emaitza batekin, bera izango litzateke lider sendoa. 32 puntu aurretik zen; egun, zortzi puntu gehiago ditu Hamiltonek.

23 lasterketatik 11 jokatu dira, eta Mercedes Red Bullen aurretik badago, ez da zorte kontua soilik. Valtteri Bottas (Mercedes) eta Sergio Perez (Red Bull) urrun daude, eta, ondorioz, lasterketetan ahula da talde estrategiaren indarra. Lehia bi indartsuen artekoa da. Taldekideen laguntzarik gabe, taldeak beraiek sartu dira lehian, elkarri iruzur egitea leporatuz. Silverstoneko istripuaren ondotik, tentsioa areagotu egin da.

Verstappenek zazpigarren denboraldia du 1 Formulan; azken seiak Red Bullen eman ditu. Duela zortzi urte V8 motoreak desagertu zirenetik, inoiz ez dute lortu benetako faborito izatea. Urte berezia da aurtengoa, autoak iazkoen antzekoak baitira, eta datorren urtean datozen aldaketekin talde gehienak dagoeneko 2022ra begira baitaude. Arreta hutsune hori ondo baliatu dute Red Bullen; Honda ere azken kartutxoak xahutzen ari da agurrean erakustaldia emanez. Ikuskizun da datorren urtean garesti ordainduko ote duten. Baina araudiak eman dien laguntzarekin, aurtengoa baliatu beharra dute, datorren urtean gerta daitekeena ezezaguna baita.

Verstappenen aukera

Kostatu zitzaion Verstappeni lehen pole-a lortzea, baina, aurten, bera izan da oraingoz maisu arlo horretan. Bost daramatza, Hamiltonek hiru, Charles Leclercek (Ferrari) bi, eta Bottasek bakarra. Aurtengo autoak zailak dira atzetik segika aritzeko; horregatik, larunbateko pole-a gakoa da lasterketa askotan. Haren abiadura benetakoa da, ez baitago jada motoreetan konfigurazio berezirik larunbaterako. Pirelli pneumatikoak ondo ulertzen ditu, eta taldeari kontuak eskatzen dizkio detaile txikienagatik ere. Perfekzioa bilatzen du arlo guztietan; horregatik, ohikoa da irratiz kexatzea. Autoak ongi erantzunez gero, zaila da larunbatean Verstappen garaitzea.

Heldutasuna lortu du, eta iraganean gelditu dira ibilbide hasieran egiten zituen hutsak. Batetik, bere abiadura dauka alde: lasterketan etengabe erabiltzen du. Gutxi dira hura baino hobeak buruz burukoan, egiten duen presioan, eta autoari eskatzen dion guztian. Baina pole-aren abantaila gutxitan baliatu du: bost garaipenetatik hirutan hasi da lehen postutik. Hortaz, bitan aurreratu egin dute. Beste bitan bera aurreratu da, baina horietako bat Monako izan zen: Leclercek ezin izan zuen lasterketa hasi, nahiz eta pole-an egon. Verstappenek, gainera, tarteka hutsen bat egin du, Portugalen kasurako. Hamiltonek aurrea hartzeko aprobetxatu zuen.

Hamiltonen oldarkortasuna

Ziurrenik, Hamiltonek autorik onena ez duen lehen aldia da zortzi urtean. Ferrarik tarteka hobea izan bazuen ere, Verstappen-Red Bull bikoak gehiago balio du. Aurkariarekiko duen desabantaila txiki horrek Hamilton bere onena ematera derrigortu du. Jarrera erasokorra erakutsi du, aspaldian ikusi gabekoa. Bahrainen eta Portugalen autorik azkarrena izan gabe Verstappeni gertutik jarraitu zion, eta, hala, bere maila onenaren erakutsi zuen. Erresuma Batuan bien arteko lehia istripu batekin amaitu bazen ere, Hamiltonen oldarkortasuna ezohikoa izan zen bihurgune guztietan; sutan atera izan balitz bezala. Hori Verstappenek ezarri dion zailtasunari eskertu behar zaio.

Bere maila onena erakustearekin batera, zazpi aldiz txapeldun izan denak ohi baino huts gehiago egin ditu. Behartuak izan ala ez, zailtasunari aurre egitearen eta presioaren ondorio izan dira. Imolan pistatik irten zen, Monakon ezezagun aritu zen, eta Bakun lasterketa pikutara bota zuen Verstappeni puntu kopuru mardula ateratzeko aukera aparta zuenean. Titulua lortzeko orduan erabakigarriak izan daitezke galdutako aukera horiek. Verstappenek, ordea, apenas izan duen halako hutsik.

Iazko sasoiaren amaieran, COVID-19a izan zuen Hamiltonek, eta, horren ondorioz, ez zen aritu Bahraingo bigarren lasterketan. Azaldu duenez, gaitzak ondorioak eragin dizkio, batez ere, sasoiari eusteko: entrenatzean, gehiago kostatzen zaio intentsitateari eta bolumenari eustea; lasterketetan, ez da lehengo freskotasunarekin iristen amaierara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.