Hustuz doan klasikoa

Jokin Altunak eta Iker Irribarriak 48 partida jokatu dituzte elkarren aurka profesionaletan debutatu zutenetik, eta Amezketakoak bi heren irabazi ditu: 32. Gaurkoa aurtengo zortzigarren duelua dute; 2016an, berriz, 23 aldiz jokatu zuten.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 30

Jokin Altunak eta Iker Irribarriak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Eibarren. Aspek Binakako Txapelketako ligaxkako partida antolatu du sanandres eguneko jaialdiari lustrea emateko. Altunak Julen Martija izango du alboan, eta Irribarriak, Jose Javier Zabaleta. Bi bikoteek irabazi egin zituzten lehen jardunaldiko partidak, eta bietan aurrelariak nabarmendu ziren. Gaurkoa profesionaletan elkarren aurka jokatuko duten 49. partida izango da.

Irribarriak eta Altunak askotan neurtu dituzte indarrak. Kontuan hartu behar da Irribarriak 2015eko martxoan egin zuela debuta; beraz, lau urte baino gutxiago daramatza Aspen. Denbora tarte hori izateko, elkarren aurkako partida pila bat dira. Eta zeinek irabazi du gehien? Altunak, argi eta garbi. 48 partidetatik 32 irabazi ditu; justu, bi heren, %66,6. 48 partida horietatik 45 binaka izan dira, eta hiru lau, eta erdian; bakarkako hiru horiek ere Altunak irabazi zituen.

Biak 1996an jaioak dira, urte gutxi daramatzate profesionaletan, eta ibilbide oparoa egin dute. Irribarria buruz buruko (2016) eta binakako (2017) txapeldun izandakoa da, eta buruz buruko finala galdu zuen iaz (2017). Altunak, berriz, buruz buruko txapel bat (2018) eta lau erdiko bat (2017) ditu, eta bi aldiz galdu du kaiolako finala (2016 eta 2018). Azken urte eta erdian, baina, Irribarriari kosta egin zaio bere jokoa erakustea, eta hori agerikoa da elkarren aurkako partida kopuruan.

2015ean, martxotik aurrera, sei partida jokatu zituzten elkarren aurka, eta hiruna irabazi zituzten. 2016koa datua, aldiz, harrigarria da: 23 aldiz jokatu zuten elkarren kontra. Pilotaleku industrialen garaietara jo beharko litzateke bi pilotariren arteko horrelako datu bat aurkitzeko. Are gehiago, udako hilabeteetan, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, hemezortzi aldiz neurtu zituzten indarrak bi aurrelariek. Juan Martinez de Irujo min hartuta zegoen, eta bi gazteek hartu zuten enpresaren zama gainean. Urte hartako estatistika ere Altunaren aldekoa da, 23 partidetatik hamabost irabazi baitzituen (%65).

Aspek harriduraz bizi izan zuen nola herri eta feria guztietan nahi zuten bien arteko partida. 2017an, aldiz, sukar hori asko jaitsi zen, eta Irribarria eta Altunaren arteko partida kopurua erdira jaitsi zen: hamabi. Horietatik bederatzi irabazi zituen Altunak. Aurten, berriz ere jaitsi da kopurua, gaurkoa zortzigarrena baita —Altunak bi gihar lesio izan zituen udan—, eta, ondo bidean, azkena, ligaxkako bigarren itzuliko partida 2019an jokatuko baitute. Aurreko zazpietatik bost irabazi ditu Altunak. Deigarria da, halaber, zazpi partida horietako seitan Martija izan zuela bikotekidea. Abuztuan jokatu zuten azkenekoz, Elgoibarren, eta Altunak irabazi zuen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Nafarroako Gobernuak maskaren erabilera derrigortuko du

Joxerra Senar

Sei urtetik gorako pertsonek maskara jarri beharko dute, baita kanpoan direnean ere. Kirola egiterakoan, Natur guneetan edo mendian ibiltzerakoan, igerilekuetan, tabernetan zerbait hartzerakoan edo lantokietan 1,5 metroko distantzia gordez gero, ken daitezke maskarak.

PCR probak egiten, gaur, Getariako Sahatsaga kiroldegian ©Andoni Canellada

Hasi dira PCR probak egiten Getarian

Gurutze Izagirre Intxauspe

Uztailaren 9tik 12ra Politena tabernan egon zirenei PCR probak egiteko deia egin du Osakidetzak.

 ©UROLA KOSTAKO HITZA

«Maskararena arautu dadila eskatzen dut»

Maider Galardi F. Agirre

Koronabirusaren agerraldiak izaten ari dira herriz herri egunotan; azkena, Getarian. Erakundeen arteko lankidetza eta baliabide gehiago eskatu ditu Haritz Alberdi alkateak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna