Zazpi 'moxalen' jauzia

Harrobiko zazpi jokalarik egin dute estreinakoa Realaren lehen taldearekin denboraldi honetan, baina guztien egoera ez da berdina. Batzuk sarri egon dira prestatzaileen hamaikakoan; besteek, berriz, estreinakoz jokatzeko aprobetxatu dute aukera.
Goian, Luca Sangalli; eta behean, Robin Le Normand eta Aihen Muñoz.
Goian, Luca Sangalli; eta behean, Robin Le Normand eta Aihen Muñoz. JUAN CARLOS RUIZ-FOKU / JUAN HERRERO-EFE

Jon Ander De la Hoz -

2019ko otsailak 28
Sasoi honetan harrobiko zazpi jokalarik egin dute debuta Realarekin. Zazpi moxal, hala deitzen baitzaie Reala B-ko jokalariei. Garai batean, beste lekurik ez eta Donostiako hipodromoan entrenatzen zirelako da hori.

Etenik gabeko faktoria da Zubieta, eta horren adibide dira azken harribitxiak: Luca Sangalli (Donostia, 1995), Robin Le Normand (Pabu, Bretainia, 1996), Aihen Muñoz (Etxauri, Nafarroa, 1997), Alex Sola (Donostia, 1999), Roberto Lopez (Zaragoza, Espainia, 2000), Ander Barrenetxea (Donostia, 2001) eta Martin Merquelanz (Irun, Gipuzkoa, 1995) dira nagusien talderako jauzia egin dutenak.

Alabaina, alde handia dago batzuen eta besteen egoerari dagokionez. Imanol Alguacilen esanetara geratzera deituta daude batzuk; besteek, berriz, momentu jakinetan soilik deituko ditu txuri-urdinen prestatzaileak.

Sangalli da hasiberrien artean gehien nabarmendu dena. Denboraldi-aurrean deitu zuen Asier Garitano entrenatzaile ohiak, eta lehen taldeko dortsala eman zion. Hasierako partidetan jarraitutasun handia izan zuen donostiarrak, harik eta iktus batek bilakaera kolpetik eten zion arte. Osatu da, eta, pixkanaka, bere lekua egin nahian ari da.

Erdilariak 11 partida jokatu ditu Realarekin. Sei Garitanoren aldian, eta bost Imanolenean, horietatik bat Espainiako Kopan. Ez da kopuru makala, baldin eta kontuan hartzen bada ligan 25 jardunaldi jokatu direla, eta horietatik zortzitan jokatu ezinik egon dela. Guztira, 593 minutuan jokatu du.

Kopuru horretatik gertu dago Robin Le Normand, 515 minutuz aritu baita. Erdiko atzelari bretainiarra gutxiagotan izan da zelaian, baina, izan denetan, partida osoak jokatu ditu. Donostiarrek atzeko lerroan izandako hutsen adabaki gisa igo zuen Garitanok, eta abenduaren 2an aritu zen estreinakoz, Betisen zelaian.

Reala B-ko jokalaria da izatez, baina beste bost alditan ere jantzi du lehen taldeko elastikoa, horietako hiru Kopan. Bergarako entrenatzaileak lautan kokatu zuen zelaian, eta bitan ezarri du oriotarrak. Zelaian aritzea egokitu zaionetan fin aritu da atzelaria, eta, jokatu ez arren, atzean hutsuneren bat dagoenean deialdian sartu izan dute prestatzaileek. Datorren denboraldian behin betiko jauzia egitera deitua dago; bien bitartean, bigarren taldean ariko da, eta lan ona egiten ari da han ere. Ohiko jokalaria da Aitor Zulaikaren eskeman.

Aihen Muñoz da hasiberrien artean gehien jokatu dutenen artean hirugarrena. Nafarrak iragan urtarrilaren 6an egin zuen estreinakoa, Santiago Bernabeun, eta atzealdeko ezker hegalean hutsuneak egon direnetan izan du aritzeko aukera. Astelehenean aritu zen azkenekoz, Gironan (Herrialde Katalanak). Tartean, Espanyolen aurka ere aritu ahal izan zen. Hiru partida jokatu ditu, guztiak ligan, eta, bera hamaikakoan zela, Realak bi garaipen eta berdinketa bat erdietsi ditu.

Le Normandek eta Aihen Muñozek lehen taldean geratzeko aukera izan dezakete datorren sasoian. Theo Hernandez da defentsako ezker hegalean gehien jokatzen ari dena, baina Real Madrilek utzita dago, eta Espainiako taldera itzuli beharko du ekainean. Hala, Kevin Rodrigues soilik geratuko litzateke postu horretan.

Lehen bizipenak pilatzen

Behin betiko jauzia egiteko ametsa izango dute Solak, Roberto Lopezek, Barrenetxeak eta Merquelanzek ere. Haien partaidetza askoz urriago izan da sasoi honetan, arrazoi ezberdinengatik. Udaz geroztik lehen taldeko jokalaria da Merquelanz; Sangallirekin eta aurrez debuta eginda zegoen Andoni Gorosabelekin batera. Alabaina apenas erakutsi ahal izan duen bere maila, partida bakarrean aritu baitzen, eta lau minutuz soilik. Eibarren aurkako derbian izan zen, hirugarren jardunaldian. Azken-azkenean zelairatu zen, eta jokatzen hasi bezain pronto eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Ordutik ez du jokatu, eta ikusteko dago sasoi honetan jokatzeko aukera izango duen.

Partida bakarrean aritu dira Sola, Roberto Lopez eta Barrenetxea ere. Leganesen aurka estreinatu zen Sola, eta maila handiko partida egin zuen. Aritz Elustondoren eta Joseba Zalduaren hutsek eragin zuten hark jokatzea, baina, gaur-gaurkoz, Reala B-n du lekua. Etorkizunera begirako jokalaria da, beste biak bezalaxe. Roberto Lopezek Espanyolen aurkako azken 28 minutuak jokatu zituen, eta Barrenetxeak bost, Alavesen aurka. Gehiago ala gutxiago aritu, filosofia baten beste zazpi kimu dira.