Konpromisoa, lidergoa eta Baskonia izaera

Sei sasoi Baskonian jokatzen pasatu eta gero, kontratua eten du Tornike Xengeliak, eta taldea aldatu. Moskuko CSKAn jokatuko du datorren denboralditik aurrera. Georgiarrak itzal luzea utziko du Buesa Arena pabiloiko zaleengan.

Tornike Xengelia eta Nikola Mirotic ACBko partida batean, denboraldi honetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Beti arte». Horrela dio Baskoniak Tornike Xengelia agurtzeko atzo argitaratu zuen komunikatuak. Hutsune handia utzi du georgiarrak, bai saskibaloi kantxa barruan, bai eta kanpoan ere. Zaleek estimuan dute hegaleko pibota, taldeak helarazten dituen balioekin bat egiten baitu.

Xengeliak berak ere eskerrak eman dizkie Baskoniari eta gasteiztarrei. Instagramen idatzitako oharrean nabarmendu zuenez,zaleek «beraietako bat» balitz bezala hartu zuten hasiera-hasieratik, eta zaleengandik jasotako «maitasun eta errespetu guztia» saskibaloi kantxa barruan itzultzen saiatu da.

Pabiloitik kanpo ere gustura ibili da. Jende askorekin harreman estuak egiteaz gain, Gasteizen «etxean» bezala sentiarazi dutela, eta beti «bihotzean» eramango duela adierazi zuen. Hala ere, izan ditu bolada txar askoak ere. Izan ere, ez du zorterik izan lesioekin Baskonian aritu den sei denboraldietan. Aurreko sasoian, esaterako, bi aldiz puskatu zuen sudurra, eta belauneko lotailuetan min hartu zuen, Real Madrileko Facundo Campazzok emandako kolpe baten eraginez.

2015-2016ko denboraldian ere larri ibili zen. Xengeliarentzat sasoi polita zirudien, Josean Kerejetak talde sendoa osatu zuelako; baina Lauko Finalaren atarian, belaunean mina hartu, eta ezin izan zuen jokatu. Final-zortzirenetan Panathinaikos menderatu ostean, Euroligako lau onenen arteko finalerako sailkatu ziren arabarrak. Baskoniak laugarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Baskoniatik titulurik irabazi gabe joan behar zuela ematen zuenean iritsi da garaikurra, aurten: ACB liga. Lesio eta zorte txarrez betetako urte batean, eta denboraldi erdian norabide jakinik ez zuen talde batekin, balentria egin zuen Xengeliak, noren eta Dusko Ivanovicen eskutik. Montenegroko entrenatzailea Xengeliak izandako bide zailaz gogoratu, eta titulua «Tokorentzat» zela azpimarratu zuen.

Georgian sua piztu du erabakiak. Salome Zurabixvil Georgiako presidenteak «onartezintzat» jo zuen. Selekzioko kapitaina ere bada Xengelia, eta herrialdeko zale askok kritikatu diote CSKAra joatea. Errusiak Georgia inbaditu zuen 2008an, eta harrezkero giro zakarra dute bi nazioen artean.

Kapitain bat baino gehiago

Azken hiru sasoietako kapitaina izan da Toko Xengelia. Baskoniaren itsasargia izan da, eta, aurkariek ez ezik, epaileek ere errespetatzen dute. Taldekideak dira, baina, hura gehien errespetatu eta miresten dutenak. Baskoniako jokalari ia denek eskerrak eman dizkiote georgiarrari, sare sozialen bidez. Mezurik hunkigarriena Gasteizera iritsi zenetik bidelagun izan duen Ilimane Diopena izan da. Eskerrak eman dizkio sei urteetan «elkarren ondoan» egoteagatik eta «irakaslerik onena» izateagatik.

Xengeliak ez segitzea ez zen izan atzo Baskoniak baieztatutako bakarra: Shavon Shields Milanera doa, eta Sergi Garciak ere ez du jarraituko Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.