'Ekokat', isiltasuna olatuen gainean

Donostiako 'Ekokat' ontzi ekologiko berriak Kontxako badia zeharkatzen du. Ez du kanporatzen inongo zaratarik, kerik, ezta usainik ere, eta, isiltasun horretan, kaitik abiatu, uhartean geldialdia egin eta berriro ere kaira iristen da.

Ekokat ontzi elektriko berria, Santa Klara uhartearen magalean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako kaiko eskailerak jaitsi eta patroia han da, bisitarien txartelak jasotzen. Ontzia betetzen ari da, poliki-poliki. Irrika oihuak eta algarak dira nagusi hartan, harik eta kapitainak txartel guztiak batu eta abiatzeko abisua eman duen arte. Arratsaldeko lauretan puntu-puntuan, patroiak soka askatu du, eta ontzia abiatu da, kaia atzean utzita, itsasoan barrena. Kaioak oihuka ari dira zeruan, eta ostarteak ikusten dira.

Ekokat-ek ontzi batean baino gehiago airean zauden sentsazioa transmititzen du; izan ere, ez du ateratzen inongo zaratarik. Horixe berretsi dute bisitarien irrika oihuek: «It´s a marvel!» [Harrigarria da!]. Borja Isturiz patroiak azaldu duenez, ontziak ez du soinurik ateratzen motor elektrikoa duelako. Gainera, Isturizek baieztatu du funtzionamendu hori edukita ontziak ez duela inondik inora itsasoa kutsatzen: «Motor elektriko bat darama ontziak, eta motorrak bateria bat eta eguzki plaka multzo bat dauzka. Ondorioz, eguzki plakek bateria kargatzen dute, eta horri esker funtzionatzen du motorrak. Beraz, ez dago kutsatzen duen inolako errekuntza motorrik».

Ekokat ontzia Astilleros Bermeo enpresan eraiki dute, eta hartan ontzigile den Kepa Aranburuk «Katamaran ekologiko» gisa definitu du. Isturizen antzera mintzo da Aranburu. Izan ere, berak ere berretsi du ontziak ez duela sortzen inolako kutsadurarik: «Energia garbia erabiltzen du», azaldu du. Aranburuk ziurtatu du Ekokat-ek ez duela kanporatzen ez inolako zaratarik, ez kerik, ez eta usainik ere, energia naturala baliatzen duelako. Are gehiago, azaldu duenez, eguzki plakek motorrari ematen dioten energia nahikoa da itsasontzia egun oso batez martxan egon dadin: «Horrek desberdintzen du Ekokat bestelako itsasontzietatik».

Bandera berdea ageri da Kontxako hondartzan; itsasoa bare dagoen seinale da hori. Txalupa ugari daude inguruan, baita alde batetik bestera igerian dabilen jendea ere. Bisitariek liluraz begiratzen diote inguruari; ezkerretara Kontxa dute, jendez lepo. Eskubitara, berriz, Santa Klara uhartea, eta, parez pare, Miramar jauregia. Ekokat aurrera doan heinean, marearen mugimendua harrotuz doa, eta ontziak gora eta behera egiten du. «O, o!» egiten dute irrikaz bisitariek ontziaren dantza bakoitzean. Ezkerrean, Txillidaren Haizearen orrazia ageri da, eta bisitariek zuzen-zuzenean begiratzen diote.

Ekokat ekainaren 1ean jarri zen martxan estreinakoz Donostiako kaian, eta, Isturizek kontatu duenez, «arrakasta handia» izan du lehendabiziko egunetik. Izan ere, aukera paregabea da Kontxako badian barrena ibili eta uhartean atsedentxo bat hartzeko: «Jende dezente igo da ontzira, eta denek aipatu dute gauza bera; ontziak ez duela egiten soinurik». Isturiz pozik mintzo da Ekokat-ek izan duen harreragatik, baina arrakasta horrek are gehiago pozten du Aranburu. Dioenez, lan handia egin behar izan baitute Ekokat sortu eta itsasoratzeko: «Gu oso pozik gaude. Izan ere, luzaroan egon gara proiektu hau egin nahian, eta lan handia egin dugu Ekokat egia bihurtzeko, baita diru asko inbertitu ere». Gainera, ziurtatu du euskal kostalde guztian dagoen ontzi elektriko bakarra dela, eta horrek are gehiago hauspotzen du Astilleros Bermeo enpresako ontzigileen poza: «Momentuz, kostalde guztian, arlo profesionaleko katamaran elektriko bakarra da, eta horrek asko ematen digu». Ontzi elektriko bakarra bada ere, laster ez da hala izango. Izan ere, Aranburuk jakinarazi du zazpi hilabeteren buruan Ekokat-en antzerako beste ontzi bat jarriko dutela martxan: «Beste bat egiteko lanean gabiltza; Kordobako Hornachuelos herriko urtegi batean ere ontzi elektriko bat jarriko dugu; Ekokat-en antzekoa izango da».

Bidaiariz lepo

Geldialditxo bat egin du ontziak. Izan ere, uhartera iritsi da, eta, hala, egina du bidearen erdia. Ontzian doazen bidaiariak uhartean utzi eta uhartekoak jaso ditu Ekokat-ek; patroia arduratu da txartelak banan-banan jasotzeaz. Oraingoan ere eserleku guztiak beteta daude. Familia umedunak dira nagusi. Haurrak oihuka dabiltza, gurasoei esanez zeinek egin duen urtetara saltorik handiena.

Atzeko eserlekuetan, berriz, hiru emakume eseri dira: alde batera eta bestera begiratzen dute, hirirantz, eta begien distiran antzematen zaie lilura. Eskubitara begiratzen ari direla, hauxe esan du batek: «Artzain Onaren katedralaren kapitela ikusten da hemendik!». Beste biek, irribarretsu, buruarekin baietz erantzun diote. «Ederra da!», esan du beste batek.

Kontxako hondartzan bandera horia ikusten da oraingoan. Ontzia badoa, poliki-poliki, bidaiari amaiera emateko helmugara hurbilduz. Txalupa artetik pasatu, eta «agur!» esaten diote bidaiariek inguruko txalupetan daudenei; eta azken horiek ere eskuarekin agurtu dituzte bidariak. 17:00ak dira, eta Ekokat hasierako toki berera heldu da. Isturizek dioenez, ontzia bidaiariz lepo egoten da, eta hala izatea espero dute udara amaitu arte behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.