Ofizioa hartzen

Iazko binakakoan ezusteko gozoa izan ondoren, aurtengoan gehiago ari da sufritzen Julen Martija. Bost partida jarraian galdu ondoren, hondoa jo zuen, baina suspertu egin da, eta finalerdien ilusioa itzuli da. Abisua bidali du: «Goraka goaz».
Julen Martija, Astelena Eibarko pilotalekuko kantxatik irteten, aurtengo binakakoaren partida baten ondoren.
Julen Martija, Astelena Eibarko pilotalekuko kantxatik irteten, aurtengo binakakoaren partida baten ondoren. J. C. R. / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 13
Binakako Txapelketa pilota profesionaleko ikastaro trinko bat izan da Julen Martijarentzat (Etxeberri, Nafarroa, 1997). «Partidak galtzean askoz gehiago ikasten da, eta iaz ez zitzaigun halakorik gertatu. Iaz, aise sailkatu ginen finalerdietarako, eta bazirudien dena oso erraza zela. Aurten, aldiz, ikusi dugu guztiek asko jokatzen dutela, eta bolada txar bat baduzu zulora zoazela». «Gu» bera eta Jokin Altuna dira, eta iazko txapelketarekin alderatu du, orduan ere elkarrekin jokatu zutelako. Hori bai, iazko bideak eta aurtengoak ez dute zerikusirik: aurtengoa askoz gogorragoa izan da bientzat.

Iaz, Altunak eta Martijak hamar partida irabazi zituzten lehen fasean, eta 11. jardunaldirako matematikoki sailkatuta zeuden finalerdietarako. Aurten, aldiz, hamabi jardunaldi jokatu direnean, bosgarren postuan daude, sei garaipenekin, eta aurretik dituzten hiru bikoteek baino bat gutxiagorekin. «Aurten, konfiantza falta izan zaigu gehien. Partida batzuk galdu genituen hor... Iaz, aldiz, alderantziz gertatu zitzaigun. Ondo hasi ginen, eta berehala sailkatu ginen. Aurten, aldiz, kosta egin zaigu partidak ateratzea, baina egoera horretatik ateratzeak konfiantza eman digu».

Bolada ezberdinak aipatu ditu atzelari gazteak —21 urte ditu—, hori baita beren aurtengo txapelketaren bereizgarritasuna. Lehen bi partidak irabazita ekin zioten ligaxkari, eta, ondoren, bost partida galdu zituzten jarraian. Bolada txarreko azken biak, gainera, 22-12 eta 22-13 galdu zituzten. Hondoa jota zeudela zirudien. Gero, 22-15 irabazi zieten Ezkurdia eta Galarzari, txapelketako bizkarrekorik handiena jaso aurretik: 22-9, Olaizola eta Albisuren aurka. Zer eginik ez zutela zirudien, 3-6ko balantzearekin, baina azken hiru partidak jarraian irabazi dituzte, eta bete-betean sartu dira finalerdietarako borrokan. «Bolada txarreko bigarren partida latza izan zen. Urruti-Larunberen aurka 22-20 galdu genuen, 18-10 irabazten joan ondoren. Txakalaldia etorri zitzaigun, eta behera egin genuen. Galtzen hasten zarenean zaila egiten da hori etetea. Lehen itzulia atsekabetuta bukatu genuen biok».

Eta zer aldatu da azken hilabetean? «Konfiantza, sasoiz ondo geundelako». Martijak garrantzi handia eman dio Ezkurdia eta Galarzaren aurkako garaipenari. «Haren aurretik ez zitzaigun okurritu ere egiten orain gauden bezala egon gintezkeenik. Guretzat ere ezustea izan da. Oraindik zail dago sailkatzea, baina boladarik onenean gaude. Azken partida izan zen gure onena [22-8 irabazi zieten Elezkano-Rezustari]. Goraka goaz, eta, finalerdietan sartzen bagara, sasoiko iritsiko gara. Iaz, aurkakoa gertatu zen, finalerdietan behera egin genuen, eta ez ginen finalean sartu».

Ingeniaritza ikaslea da Martija, eta eginak ditu finalerdietan sartzeko kalkuluak. «Hasieran, bazirudien lau bikote sailkatuta zeudela, eta orain, ezustean, aukerak ditugu. Kalkuluek diote igandean irabazi egin behar dugula, haiek ere zazpi puntu dituztelako. Igandean, nahitaez, eta gero ikusi behar besteek zer egiten duten. Biak irabazita, ia ziur barrura». Igandean, Artola eta Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute, Tolosan, eta Martijak badaki lehen itzulian bost tantogatik galdu zutela. Etxeko lanak eginak ditu, eta berdinketa posible kasuetako egoera ezagutzen du: Irribarria-Zabaleta eta Ezkurdia-Galarzarekin, euren aldekoa da; Olaizola-Albisurekin, aldiz, aurkakoa.

Mariezkurrena bera baino bi urte gazteagoa da, eta harritu egin du. «Uste nuen kostako zitzaiola txapelketara egokitzea, baina oso ondo dabil». Aurten, hura da ezustea eman zuen gaztea; iaz, berriz, Martija izan zen. «Oso urduri hasi nintzen, baina Altunak partida izugarriak egin zituen hasieran, eta asko lagundu zidan. Lehen urtean ondo jokatzen baduzu, jendeak arreta jartzen du zugan, eta, horregatik, aurten, mundu guztiak espero zuen gu hasieratik ondo ibiltzea, baina boladak irentsi gintuen». Ofizioa ikasten ari da, eta uste du iaz baino pilotari hobea dela. «Beti ikasten da zerbait. Esaterako, jotzaileei eusten hobeto ikasi dudala iruditzen zait». Normala, urte osoan Zabaletaren eta Rezustaren aurka jokatzen aritu baita. Urrunago joan gabe, txapelketan irabazitako azken hiru partidetako bitan bi atzelari horiek izan zituen parean.

Urrutikoetxea itzuliko da

Mikel Urrutikoetxea etzi itzuliko da binakako txapelketara. Eskuetako arazoen ondorioz lau astez jokatu gabe egon ondoren, Larraintzarren zuriz jantziko da berriz. Atzo, proba egin zuen pilota aukeraketaren ondoren, eta, eskuak hobera egin dionez, jokatzea erabaki du. Azken asteetan Victor Esteban aritu da haren ordez, eta, hura txukun aritu denez, igandean berriz ere jokatzeko aukera izango du; hori bai, kasu honetan, Aimar Olaizolaren ordez. Joan den astean Axier Arteagak bete zuen haren tokia, baina ezingo du jarraitu. Unai Laso min hartuta dago.