Pablo Zabaleta

Aurreskua du zain

Futbola utzi du euskal jatorriko argentinarrak, 18 urteko ibilbidea osatu eta gero Argentinan, Katalunian eta Ingalaterran. Birraitona Leitzakoa zuen, eta euskal dantzetako dantzari izana da Arrecifesko Euskal Etxean.

PETER POWELL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ohia. Izandakoa. Garai batekoa, hemendik urte batzuetara. Horixe da Pablo Zabaleta aurreko astetik: jokalari ohi bat, izandako bat. Beste askoren artean, bat gehiago. Horrela gogoratzen direlako gaur egun puntaren puntako jokalari gutxi batzuk iez beste guztiak. Zenbat neke, zenbat izerdi, zenbat sakrifizio, zenbat baloi moztu... gero, izarrek argia egiteko. Langile petoak. Futbola utzi bainoago erretreta hartu izan balute bezala izendatuak. Fokuek begiratu ere egiten ez dituztenak. Itzalean beti. Zuri-beltzekoak. Baina zein beharrezko talde guztietan. Ezinbesteko. Horietakoa izan da Zabaleta argentinarra, eta hori horrela izan dela sinesten ez duenak badu aukera egiaztatzeko. Nonbait saritzen eta maitatzen badituzte langile klaseko jokalariak, Ingalaterran da. Agur sentitua eta beroa eskaini zioten Manchester Cityko zaleek duela hiru urte, taldea utzi zuenean.

Argentinan, Katalunian eta Ingalaterran jokatu du, baina izan zitekeen Osasunako jokalari, adibidez. Pertsonen bizitzak unean uneko hautuek marrazten dituzte, eta Zabaletarena haren birraitona hasi zen koloreztatzen. Leitzako gizon hura Argentinara joan zen aurreko mendearen hasieran. Bertan bizitza egin, eta hantxe sortu zuen familia: Zabaletaren aitonak aita, eta aitak Pablo Zabaleta. Buenos Airesen jaio eta Arrecifesera txikitan bizitzera eraman zuten, Buenos Airesko probintziara. Eta Osasunan, adibidez, futbolari izan beharrean, San Lorenzo Almagron egin zen baloiaren ostikolari.

Euskarri eta eskuin hegaleko jokalari, aurrean nahiz atzean. Euskal jatorriari segida eman nahi izan zion patuak, eta Miguel Angel Lotina meƱakarrak fitxatu zuen Espanyolen jokatzeko. Espainiako kopa ere irabazi zuen Kataluniako taldearekin 2006an. Hurrengo denboraldian, Ernesto Valverde izan zuen entrenatzaile, eta UEFAko finala galdu zuen. Beste sasoi bat osatu, eta Ingalaterrara joatea erabaki zuen, Manchesterr Cityra.

City hura ez zen, baina, egungoa. Zabaletak dio erdi mailako talde bat zela orduan. Iritsi eta gutxira erosi zuten kluba oraingo jabe aberatsek, eta han hasi zen kluba dirutza gastatzen. Orduko bitxikerien artean, Zabaletak kontatu izan du aldagelan Cristiano Ronaldo eta Leo Messiren izenak idazten hasi zirela jokalariak, ikusirik izarrak ari zirela fitxatzen. Heldu ziren batzuk, eta taldea azkar hasi zen hazten, nahiz eta irabazi, ez zuen 2010era arte irabazi: Ingalaterrako kopa. Hurrengo denboraldian lortu zuen liga, eta, azkeneko partida erabakigarrian, Zabaletak sartu zuen lehendabiziko gola, zalez mukuru zegoen Cityren estadioan.

Bi titulu handi falta

Bederatzi denboraldi osatu zituen Manchesterren, eta hainbat titulu irabazi: Ingalaterran irabaz daitezkeen guztiak. Bat falta, baina: Txapeldunen Liga. Onartu izan du Zabaletak hori falta izan zaiola lortzea. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Argentinarekin: ezin Munduko Kopa irabazi. 2014an izan zuen gertuen, finala galdu baitzuen Alemaniarekin, luzapenean. Oso laguna duen Leo Messiren palmares zoragarrian falta den garaikur handi hori irabazi ezinda utzi du futbola Zabaletak. 2008an Olinpiar Jokoak irabazi zituen, eta baliteke urrezko dominak gozatu izana Txapeldunen Ligaren eta Munduko Koparen gazitasuna. Azken hiru denboraldiak West Hamen osatu ditu.

Orain, beste bizimodu bat dauka zain. Ez du erabakita zer egingo duen. Arrecifesko Denek Bat euskal etxekoak izango ditu zain. 2014an, harrera egin zioten, aurresku eta guzti. Orain ere merezi du omenaldia. Agian, berak dantzatuko du, ibilia baita euskal etxeko dantza taldean. Beti izan du barneratua euskal jatorria, eta bi semeen izenak oso argigarriak dira alde horretatik: Asier eta Julen. Zabaletatarren Leitzako arrastoak badauka segida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.