«Entrenatzaileari kasu egin behar zaio»

Bilbo Basket ez da ondo hasi ACB ligan eta Txapeldunen Ligan: partida bat irabazi du, eta zazpi galdu. Aurkari zailak izan dituztela esan du Ondrej Balvinek, baina autokritika kolektiboa ere egin du. Gaur Baskoniaren aurka ariko da, Gasteizen.

Ondrej Balvin, saskia birrintzen Karsiyaka taldearen aurka, Txapeldunen Ligan, Miribillan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azkar aldatzen da kirola. Emaitzen olatuak ez dira berdinak izaten: batzuek airean eramaten dituzte taldeak eta kirolariak, baina beste zenbaitek ur azpian desagerrarazten dituzte. Retabet Bilbo Basket, esaterako, olatuaren aparrean ibili zen aurreko sasoian ACB ligan, igo berria izanagatik. Denboraldi honetan, ordea, itota dabil, burua uretatik atera ezinda: sei partida jokatu ditu ACBn, eta bakarra irabazi; Europan, Txapeldunen Ligan, bakarra jokatu, eta galdu egin zuen.

Emaitzen gorabehera hori bizitzen ari da Ondrej Balvin pibota (Usti Nad Labem, Txekiar Errepublika, 1992), aurreko sasoian ere taldeko kide izan baitzen. Esperientzia zabala du, eta, kezkatuta badago ere, lasaitasun mezua ere badauka zabaltzeko. Nolabaiteko sosegu horren oinarrian denboraldi hasierako egutegia dauka jarrita: «Oso aurkari zailen aurka ari gara jokatzen». Azkenean, talde batzuen eta besteen artean aldea dagoela dio, eta antzeman egiten dela: «Jakin eta onartu egin behar dugu zer garen, eta noren aurka ari garen».

Hori horrela izanagatik ere, taldeak partida batzuk irabazteko aukera izan duela dio, eta, hain zuzen, egoera horri eman nahi dio indarra. Azkeneko adibideari heldu dio, asteazkenean Real Madrilen aurka Miribillan jokaturiko partidari: «Bi puntugatik bakarrik galdu genuen. Lehen zati eskasa egin ondoren, gai izan ginen halako talde indartsu bati hortzak erakusteko, eta seinale ona da hori». Galdu arren, buru aldeko kezkari arindua eman dio partida horrek: «Indarra eman digu. Ikusi dugu gai garela edozeinen aurrean ondo lehiatzeko, eta horrela segitu behar dugu».

Jarraitu beharrari aparteko garrantzia eman dio: «Ezin gara sailkapenak eman dezakeen izuaren aurrean geldirik geratu. Guk gurean segitu behar dugu, aurrera egin». Bidea zein den edo zein izan beharko litzatekeen oso garbi dauka: «Gogorragoak izan behar dugu». Adibide batekin jantzi du baieztapena berriz ere: «Aurreko larunbatean, Manresan, haiek defentsako lanean jotzen hasi ziren, eta gu atzean geratu ginen. Horren eraginez joan zitzaigun partida». Onartu du taldea zalantzetan murgiltzen dela aurkariak estrategia aldatzen duenean: «Horrek ezin digu eragin. Alexi [Mumbru, entrenatzailea] kasu egin behar diogu. Hark zehazten digu nola jokatu, zer erritmotan, eta ezin dugu hasi jokalariok gauzak aldatzen aurkariak ez dakit nik zer aldatu duelako».

Hobetu behar duten horretan aurrerapausoa emateko beste aukera bat izango du gaur, taldekideekin batera: euskal derbia, Gasteizen, TD Systems Baskoniaren aurka (20:45). «Beti izaten dira bereziak derbiak», esan du Balvinek. «Gogorra izango da. Asvelen aurka galdu zuten atzo [herenegun], eta haien entrenatzailea ezagututa, gogor hartuko ditu jokalariak biharko [gaurko] partidarako. Oso partida bizia izango da». Baskoniak badu ezaugarri on bat, bizi jokatzea, eta hori geratu beharko dutela dio Bilbo Basketeko pibotak: «Nahi duten bezala jokatzea galarazi behar diegu, ezin diegu erraztasunik eman, baina badakigu partidaren une batean edo batzuetan lortu egingo dutela beren erritmo azkarrean jokatzea».

Baskonian, aurkari luze eta handia izango du parean Balvinek: Yussupha Fall, 2.21 metro garai den jokalaria. Ez dio aparteko kezkarik sortzen txekiarrari: «Aste honetan jokatu dut beste jokalari handi baten aurka, Edy Tavaresen kontra, eta saiatu nintzen hari gauzak zailtzen».

COVID-19a eragiten ari den aztoramendu guztiari buruz —partidak atzeratzea eta, ondorioz, egutegia norgehiagokaz betetzea—, iritzi hau dauka: «Talde guztiak gaude egoera berean, eta alde horretatik ez da erabakigarria. Badena da tentuz ibiltzekoa. Guk, adibidez, hiru astean partida bakarra jokatu dugu, eta, orain, zortzi dauzkagu hogei egunean. Hiru aste jokatu gabe geratzea tokatzen zaizunean, ezin duzu pentsatu oporrak dituzula. Lanean jarraitu behar da. Hori ondo egiten segitzen dutenek etekina atera diezaiokete egoera honi, eta ezberdintasuna hor egon daiteke».

Taldearen emaitzak onak ez badira ere, Balvin ari da bere maila ematen. ACB ligan, esaterako, 12, 1 puntu sartu ditu batez beste, eta 7,6 errebote hartu. «Gustura nago, baina tranpa txiki bat dute zenbaki horiek, minutu gehiago jokatzen ari bainaiz orain, eta taldearen jokoan aurreko sasoian baino jokalari garrantzitsuagoa bainaiz. Baloia gehiagotan edukitzen ari naiz erasoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.