Artearen lekuak. Txillida Leku museoa

Altzairuzko laztan bat

Eduardo Txillidak 1997an sortu zuen 'Besarkada XIV' eskultura. Elkar ukitzea hainbeste urritu den pandemia garaiotan, erronka eginez bezala ageri da pieza Txillida Leku museoaren belardian.

JON URBE / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Hernani
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Laino grisak eskultura handien gainean. Euripean igaro dute goiza Eduardo Txillidaren lanek, baina atertu du bazkalosterako, eta, tarteka, eguzki izpi batzuk ihesi ateratzen dira orain hodeien artetik. Goiza hautatu dute Txillida Leku museoko (Hernani, Gipuzkoa) bisitari gehienek, eta joanak dira dagoeneko; kafetegiko terrazan daude beste batzuk. Baina itxi aurreko azken tartea aprobetxatu nahian dabil familia bat, belardi zabalean eskultura artetik paseoan. Uztail erdialdea da, eta Eusko Jaurlaritzak ez du artean agindu maskara aire zabalean ere derrigorrean janzteko. Aurpegia babesteko pantailak dauzkate jantzita bi haurrek, halere, eta bi helduek musua estalita daramate. Besarkada XIV lanari argazki bat hartzera hurbildu zaio haietako bat, eta, eskulturari azken soa botata, segituan aldendu da. Haren forman pentsatzen, agian. Edo izenburuan. Besarkadak eskas diren pandemia garaiotan, obra ia probokazio baten gisan ageri baita, zutik, zelai erdian.

1997an landu zuen Eduardo Txillidak (Donostia, 1924-2002) Besarkada XIV eskultura. Izan, hamasei dira munduan barreiatuta dauden besarkada-k; 1991n sortu zuen artistak serieko lehena, eta 1998an azkena. Zenbakia atzetik gehitu, eta izen bera jarri zien denei. «Txillidak ez zituen eskulturak seriean egiten, baina bai eskultura serieak. Hau da, galdera guztietan bera da, baina eskultura bakoitza ezberdina da», azaldu du Mikel Txillida museoaren garapen zuzendari eta artistaren bilobetako bat denak. Haren hitzetan, gorantz doan kiribil bat irudikatuz esplikatzen zuen serieen ideia eskultoreak: «Buelta bakoitzean, puntu beretik behin eta berriz pasatzen zara, baina altuera ezberdin batean. Puntu horretan, galdera bera zen, baina bera eta bere oraina beste bat ziren aldiro, eta, hortaz, erantzuna ez zen inoiz bera, ezta eskulturak ere. Bakoitza bakarra da, denek oinarri bera duten arren». Elkarren artean antz handiagoa dute serieko hainbat piezak, baina oso ezberdinak dira beste asko. Corten altzairua, altzairu herdoilgaitza edo granitoa erabili zituen artistak besarkatzeko era ezberdin horiek denak irudikatzeko.

Serieko pieza bakarra dago Txillida Lekun —Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Alemaniako zenbait hiritan ere ikus daitezke beste besarkada batzuk, besteak beste—. Corten altzairuz ondu zuen XIV.a, eta serieko garaienetako bat da. 4,20 metro luze da, eta 14,5 tonako pisua du. Zabalaga baserriaren atzealdean dago, zuhaitzek osatzen duten zirkulu baten erdian. Enborren artetik ikus daitezke inguruan dituen beste hainbat pieza, beste zirkulu bat osatuko balute bezala haiek ere, tartean Locmariaquer IX, Harri I, Omenaldia Luca Pacioliri, Airea da sakona XIV, Aholkua espazioari IV eta Askatasunaren arkua —obra gonbidatu bat ere bada inguruan, Louise Bourgeoisen Begi jarlekuak III—.

Hiru zenbakia

Bere lanetan Txillidak «balio edo kontzeptu etikoak» sarritan islatu izan zituela azaldu du haren bilobak, elkarrizketa eta tolerantzia adibidetzat jarrita. Eta ildo berean kokatu du besarkatzearen ideia.«Zer da besarkada bat? Leku bat, non bik, hiruk, hainbatek... bat egiten duten. Oso kontzeptu humanoa da, goxotasunari lotua».

Txillidaren obran oso esanguratsua den beste ezaugarri baten adibide ere bada Besarkada XIV: Hiru zenbakirako zuen joerarena. Artistaren espiritualtasunarekin lotzen du garapen zuzendariak, baina baita dena kendu eta ezinbestekoa soilik uzteko zuen nahiarekin ere. Horregatik ditu, adibidez, Luca Pacioliren omenezko mahai itxurako obrak hiru hanka, eta ez lau: «Laurekin sortzen den planoa ez da ona izaten, baina soilik hiru hanka daudenean, plano perfektua sortzen da». Hiru elementuz osatutako obra ugari egin zituen artistak, eta altzairuzko hiru pieza luze ditu oinarri Besarkada XIV-k ere. Zuzen altxatzen dira lurretik, bat eginda; goiko aldean, pieza bat bitan banatzen da, kiribildu, eta besarkada batean biltzen ditu beste biak. «Bi elementu dauzkazunean, bata edo bestea da, baina, hiru dauzkazunean, elkarrizketa bat dago».

Espazioari ez ezik materialari Txillidak zion begirunea ere nabarmendu du bilobak. Altzairua zuen kutunenetako bat; sendotasuna agertzen dute haren pieza ugarik, baina arintasuna ere ematen zien, altzairua bihurrituz. Beti errespetuz. «Berak esaten zuen berak nahi zuen forma jakin horretara iritsiko zela soilik materialak hala nahi bazuen, bestela ez zela gai izango. Elkarrizketa hori ikusten da haren obretan». Horregatik uzten zituen agerian sortze prozesuan piezan sortutako markak, haren orbanak. Besarkada XIV-ren kasuan, Sidenorren Reinosako forjan (Kantabria, Espainia) ondu zuen prozesu hori. Artelana amaitzeko ardura, berriz, naturari uzten zion. Altzairua laranja kolorekoa irteten da sutegitik, baina, zortzi bat hilabete aire zabalean utzita, materiala babesten duen geruza bat sortzen zaio.

Horretarako erosi zuen artistak museoak egun hartzen duen espazioa. 1980ko urteetan, formatu handiko hainbat lan gordetzeko toki baten bila hasi ziren bera eta Pilar Belzunze emaztea. 1983an bisitatu zuten lekua lehen aldiz, eta Zabalaga baserriarekin maitemindu zen Txillida; bere obretako bat balitz bezala berreraiki zuen. Kutunak zituen obra batzuk joan zen jartzen inguruko belardietan, Besarkada XIV tartean, egungo bilduma osatzeraino.

Han jarraitzen du eskulturak, bere burua besarkatzen.

'BESARKADA XIV'

Egilea. Eduardo Txillida (Donostia, 1924-2002).

Urtea. 1997.

Lekua. Txillida Leku museoa (Hernani, Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.